Gizartea -

M8

Aldarri feministak morez jantzi du Euskal Herria

Milaka emakumek kaleak hartu dituzte beste behin ere, borroka feminista defendatzeko eta "beste gizarte eta ekoizpen eredu" bat aldarrikatzeko, jai giroan, musika, dantza eta hainbat pankartarekin.

Giza katea Gasteizen. Argazkia: EFE
Giza katea Gasteizen. Argazkia: EFE
Aldarrikapen feministak euskal hiriburuak bete ditu goizeko mobilizazioetan

1:44

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martxoak 8ko, Emakumeen Nazioarteko Eguneko, lehen mobilizazioa Baionak hartu du goizean. Hiriburu lapurtarraren lekukoa Iruñeak hartu du ondoren. Gaztelu plazan elkarretaratze feminista egin dute. Aldi berean, martxa feminista abiatu da Donostiako Alderdi Eder Parketik. 13:00ak aldera manifestazio jendetsuena hasi da Bilboko Jesusen Bihotzean, Euskal Herriko mugimendu feministak deituta.

Hala ere, marea morea ez da bakarrik hiriburuetara mugatu. Besteak beste, Tolosan (Gipuzkoa), martxa batek herriko kaleetan ibilbidea egin du jai giroan. Amurrion (Araba), elkarretaratzea egin dute Udaletxe plazan.

Horrela, milaka emakumek kaleak hartu dituzte beste behin ere, borroka feminista defendatzeko eta "beste gizarte eta ekoizpen eredu" bat aldarrikatzeko, jai giroan, musika, dantza eta hainbat pankartarekin.

Horietako asko beltzez jantzita eta more koloreko arropa, peto edo bereizgarriren batekin, manifestariek kaleak hartu dituzte, borroka feminista mantentzeko, antolakuntza eta indarrak batzea aldarrikatuz.

Era berean, prostituzioaren abolizioa eta matxismoak hildako emakumeak gogora ekartzeko pankartak erakutsi dituzte. Emakumeentzako kale eta gau seguruak eskatu dituzte, baita alderdi faxisten susperraldiaren aurka oihu egin ere.

Maddalen Iriarte (EH Bildu), Idoia Mendia (PSE-EE) eta Miren Gorrotxategi (Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza-IU) lehendakarigaiek mobilizazioetan parte hartu dute, baita Izaskun Landaia Emakundeko zuzendariak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Itxaso Atutxa BBBko presidenteak ere, besteak beste.

Bilbon, manifestazio jendetsuak Kale Nagusian ibilbidea egin du, eta udaletxearen aurrean bukatu da. Kolektibo feministek manifestuak irakurri dituzte bertan, arrazakeriaren eta patriarkatu kapitalistaren aurka eta Europar Batasunaren mugetan blokeaturik dauden emakume errefuxiatuen alde.

Martxaren amaieran irakurritako adierazpenean, emakumeak feminismoan antolatzeko beharra azpimarratu du Bizkaiko Mugimendu Feministak, "komunitate feminista konprometitua eraikitzeko".

"Gure konpromisoa aurten beste gizarte eta ekoizpen eredu bat aldarrikatzeko kaleak hartzea da", gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak desagertzeko, erantsi dutenez.

"Gure konpromisoa aurten beste gizarte eta ekoizpen eredu bat aldarrikatzeko kaleak hartzea da"

Emakumeen "gorputz propioaren plazerrerako" eskubidea aldarrikatu du manifestuak, "sistema kapitalista, patriarkal eta kolonialaren aurkako oihuan. Plazerra emakumeentzat eta pertsonentzat askapen tresna delako", eta "gorputzen merkantilizazioa", salatu dute.

Martxako antolatzaileek "feminismo antikapitalista" defendatu dute, eta "ekoizpen ereduak eta sistemak rol patriarkalak birproduzitzen jarraitzen baldin badituzte, gutxi batzuek kristalezko sabaia hausteak ez du ezertarako balioko, gehienek ezin dugulako lurzoru likatsutik atera, soldata arrakala areagotzeko baldintzek jarraitzen dutelako".

"Gure gorputzen eta bizitzen aurkako indarkeria ezberdinak", emakume ijitoek pairatzen duten "arrazakeria eta xenofobia", eta "baldintza berdinetan osasun arreta jasotzeko" eskubidea eta etxebizitza bat erosteko zailtasunak, salatu ditu langile etorkinen bozeramaile batek.

Donostian, milaka emakumek parte hartu dute eguerdian, mugimendu feministak deitutako elkarretaratzean, Boulevard Zumardian. Marea more erraldoi batek Alderdi Ederreko Parkea eta Boulevardaren zati bat hartu du.

Besteak beste, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak, Eider Mendoza Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileak eta Nekane Balluerka EHUko errektoreak parte hartu dute. Emakume batzuek manifestazioa eta eserialdiak egin dituzte Askatasuna Hiribidean.

Arratsaldean, 17:00etan, manifestazioan bildu dira berriro. Herri-bazkaria amaituta, Boulevardetik abiatu da jendetza, eta iluntzera arte prestatu dituzten ekitaldietan murgilduko da.

Gasteizen, giza katea egin dute goizean 700-1.000 emakumek. Bi plaza lotu dituzte, 800 bat metro. Jai giroan erronka lortu dute, borroka feministaren aldeko oihuen artean.

Gainera, ibilbidean zehar, toki esanguratsuetan ekintza ezberdinak egin dituzte giza katea pasa denean. Horrela, EAJren egoitza aurrean Zaldibarko zabortegiaren kudeaketa salatu dute, udaletxearen aurrean indarkeria matxista, PPren egoitza aurrean faxismoa eta Gobernu Militarraren aurrean gerra.

Arratsaldean, bigarren deialdi bat izan da, eta beste manifestazio jendetsu bat egin dute Gasteizko kaleetan. San Anton plazatik abiatu dira, eta Andra Mari Zuriko plazan amaitu. Alitxu Martinez del Campo Gasteizko Mugimendu Feministaren kideak salatu duenez, "sistema heteropatriarkalari eta kapitalistari esker existitzen dira emakume izateagatik hiltzen gaituzten bereizkeriak eta zapalketak".

Iruñean, milaka lagunek parte hartu dute igande arratsalde honetan Emakumeen Plataformak deitutako martxan. Euskal Herriko borroka eta mugimendu feministaren defensa sutsua egin dute, euren pankartetako leloetatik hasita, oihuetaraino.

"Aurrean izango gaituzue", "Patriarkatua eta kapitala, aliantza kriminala", "Erasorik ez erantzunik gabe", "Apezpiku-batzarrari su emango diogu, matxista eta patriarkala delako" bezalako lemak izan dira entzungai Gaztelu Plazarainoko bidean. Behin han bilduta, deialdiaren antolatzaileek eta desgaitasunen bat dutenen pertsonen elkarteko bozeramaileek hitz egin dute.

Alba Pinto Muñoz Iruñeko Mugimendu Feministaren kideak kazetariei adierazi dienez, mugimendu feministak "erakutsi du berriro ere indartsua eta antolatuta" dagoela. Aurretik, Iruñerriko hainbat udalerrietatik ateratako martxek bat egin dute Antoniutti Parkean, eta handik Gaztelu Plazara abiatu dira guztiak.

BIDEOA: Borroka feministak gainezka egin du Iruñeko Gaztelu Plazan

Borroka feministak gainezka egin du Iruñeko Gaztelu Plazan
Borroka feministak gainezka egin du Iruñeko Gaztelu Plazan
Borroka feministak gainezka egin du Iruñeko Gaztelu Plazan

0:43

BIDEOA: Politikariak

Berdintasunaren aldeko deiak egin dituzte A5erako hautagaiek
Berdintasunaren aldeko deiak egin dituzte A5erako hautagaiek
Berdintasunaren aldeko deiak egin dituzte A5erako hautagaiek

1:40

Mugimendu feministak hamarkadetan zehar egindako borroka aitortzeko aprobetxatu dute EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiek, eskubideak defendatzeko milaka emakume kalera ateratzea lortu dutelako.

Maddalen Iriartek ziurtatu duenez, "erakundeetan eta kalean lanean jarraituko dute aldaketa eta berdintasun eraginkor eta ez kosmetikoa lortzeko".

Idoia Mendiaren hitzetan, "emakumeek kaleak hartu ditugu M8an, baina apirilaren 5ean hautestontziak ere, gure eskubideak eta askatasunak murriztu nahi dituzten alderdiak gelditzeko".

Azkenik, Miren Gorrotxategik azpimarratu duenez, "gizarteak aldatzeko asko duela oraindik aldarrikatzeko eguna da gaurkoa, benetako berdintasuna lortzeko eta aukera berdinak izateko, gizon ala emakume izan, baita politikan ere".

Politikari gizonezkoek ere protagonismo apur bat nahi izan dute. Horrela, Iñigo Urkullu lehendakariak sare sozialen bidez ziurtatu duenez, Eusko Jaurlaritzak "aldarrikapen feminista partekatzen du", eta "gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasun eraginkorra lortzeko lanean jarraituko du".

Azkenik, Sabino Arana EAJko sortzailea bezalako "pertsonaien aurka" dagoela argi uzteko "unerik onena" dela esan du Carlos Iturgaiz PP+Cs koalizioko zerrendaburuak, "misogino" bat zelako. PP "bestaldean" kokatzen dela adierazi du Iturgaizek. Lorena Roldan Ciudadanoseko buruzagiarekin batera, ekitaldi batean parte hartu du Gasteizen. Bi alderdietako emakumeak bildu dira.

BIDEOA: Baiona

M8ko manifestazioekin bat egin dute Baionan
M8ko manifestazioekin bat egin dute Baionan
M8ko manifestazioekin bat egin dute Baionan

0:32

BIDEOA: Ermua

Emakumeen Asanbladarik gabe egin dute M8ko martxa Ermuan
Emakumeen Asanbladarik gabe egin dute M8ko martxa Ermuan
Emakumeen Asanbladarik gabe egin dute M8ko martxa Ermuan

1:08
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Iruñea Indarkeria matxista Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Iparraldea Baiona Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Manifestazioak Matxismoa Feminismoa Emakumeen Nazioarteko Eguna