Gizartea -

COVID-19

Koronabirusagatik hildakoak sei dira, Gipuzkoan 69 urteko emakume bat zendu ostean

Koronabirusaren ondorioz sei pertsona hil dira Euskadin,aurretik patologiak zituen 69 urteko emakume gipuzkoar bat da azken kasua.

69 urteko emakume bat hil da koronabirusaren ondorioz Gipuzkoan. EiTB
69 urteko emakume bat hil da koronabirusaren ondorioz Gipuzkoan
69 urteko emakume bat hil da koronabirusaren ondorioz Gipuzkoan. EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan sei dira koronabirusaren ondorioz hildakoak, azkenengo kasua aurretik patologiak zituen Gipuzkoako 69 urteko emakume bat da.

Nafarroaren kasuan, sei kasu berri erregistratu dira aurretik atzemandako pazienteekin harremana duten pertsonen artean.

Kasu berri horiek Nafarroan positibo eman duten gainerako kasuei gehitu behar zaizkie, Gobernu Foralaren arabera asteburu honetan hiru kasu atzeman dira eta jakinarazi du pazienteak ospitaleratuta daudela oraindik, osasun-egoeran aldaketa nabarmenik gabe.

Era berean, Bastidako (Araba) ikastetxeen jarduera bertan behera geratuko da. Ikastetxeak ez du ikasleekin aurrez aurrekorik izango, gutxienez 14 egunez. Neurri hori ikastetxeko eskolaz kanpoko jardueretara ere zabalduko da.

Halaber, sortutako egoera dela eta, eta kutsatuen gorakadaren ondorioz, bi astez Gasteizen hezkuntza jarduera guztia ere bertan behera uztea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Neurri hori mota guztietako ikastetxeei eragiten die, bai publikoei, bai pribatuei eta bai hezkuntza-aldi guztiei.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ere lehen koarentena ezarri du EAEko egoitza batean, erregistratuttako koronavirus kasuen aurrean. Gasteizko San Martin auzoan dagoen zentro pribatua da, eta Sanitasek kudeatzen du. Azken egunotan 26 kasu positibo antzeman dituzte: 22 adineko (horietako bi azken orduetan hil dira) eta lau langile.

Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, egun 148 kasu positibo daude Euskadin (atzo baino 46 gehiago), eta horietatik 47 ospitaleratuta daude. Guztira 122 Araban daude, 21 Bizkaian eta 5 Gipuzkoan.

Euskadin hildakoen kopuruari dagokionez, beste bostak Araban (3) eta Bizkaian (2) izan ziren.

Epidemiologiako eta Osasun Publikoko adituen gomendioak oinarri hartuta eta Nazio Batuen Erakundearen eta Munduko Osasun Erakundearen irizpideei jarraituz, Osasun Sailak adierazi du Eusko Jaurlaritzak prebentzio-neurriak indartzea erabaki duela, "Euskadin egoera epidemikoa geldiarazteko".

Bestalde, Osasun Sailak gaur goizean gomendatu du kasu positiboak atzeman diren zentroen jarduera bertan behera uztea. Birusa ikasleen artean geldiarazteko prebentzio-neurri bat da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Koronabirusa