Gizartea -

Koronabirusa

Gasteizko kirol-instalazio publiko eta pribatuak itxi dituzte, koronabirusa dela eta

Martxoaren 24ra arte egongo da indarrean neurria. Horrez gain, Mendizorrotzako, Gamarrako eta hiriko gizarte-etxeetako instalazio publikoak ixtea erabaki du Gasteizko Udalak.

Gamarrako igerileku publikoa, Gasteizen. Artxiboko argazkia: Angel Perez
Gamarrako igerileku publikoa.
Gamarrako igerileku publikoa, Gasteizen. Artxiboko argazkia: Angel Perez

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko kirol-instalazio garrantzitsuenak itxi dituzte astearte honetan, koronabirusaren hedapenari aurre egin nahian, Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez. Gauzak horrela, Mendizorrotzako eta Gamarrako instalazio publikoek eta Estadio Fundazioko instalazio pribatuak bi astez izango dituzte ateak itxita.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako gomendioei jarraituz, Estadio Fundazioak bere kirol-instalazioak itxiko ditu hilaren 11tik 24ra bitartean, eta, ondorioz, bertan behera utziko ditu datozen egunetarako aurreikusita zeuden kirol-jarduera guztiak, prebentzioz. Estadio Fundazioak ohar batean azaldu duenez, 20.000 abonatu inguru ditu, baina egunero jende gutxiago bertaratzen da.

Dena dela, hori ez da martxoaren 24ra arte hiriburuan itxita egongo den instalazio bakarra, izan ere, Gasteizko Udalak erabaki bera hartu du Mendizorrotzako, Gamarrako eta hiriko gizarte-etxeetako instalazioekin; horrenbestez, herritarrei informazioa emateko bulegoak eta oinarrizko gizarte-etxeetako zerbitzuak bakarrik izango dira lanean.

Astearte honetan, Gasteizko 60.000 ikaslek baino gehiagok klaserik gabeko lehen eguna dute, Eusko Jaurlaritzak hiriko ikastetxe guztietan eskola-jarduera bi astez etetea gomendatu ondoren. Koronabirusaren hedapenari aurre egiteko asmoz hartutako prebentzio-neurria da.

Unibertsitatez kanpoko 62 ikastetxeri eta EHUko zazpi zentrori eragiten die salbuespenezko neurri horrek, eta, beraz, eskola sareko 53.000 ikaslek eta unibertsitate mailako 8.000 ikaslek ez dute klaserik izango. Datu horri, gainera, era guztietako akademietako ikasleak gehitu behar zaizkio, Bastidako bi ikastetxeetako ikasleak, Guardiako institutukoak, baita Arabako Errioxako beste datu batzuk ere. Horrela, guztira 63.000 ikasle geratuko dira etxean.

Udalaren bost haur eskolari (Haurtzaro, Sansomendi, Zaramaga, Lourdes Lejarreta eta Zabalgana), Luis Aranburu Musika Eskolari, Folklore Akademiari, Jose Uruñuela Dantza Kontserbatorioari eta Arte eta Lanbide Eskolari ere eragiten die erabakiak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Kiroldegiak albisteak