Gizartea -

MEDIKUNTZA

GIBa zeukan paziente bat sendatzea lortu dute

Londresen izan da. Duela 29 hilabete zelula amak transplantatu zizkioten eta egun birusaren arrastorik gabe jarraitzen du. Bigarren aldia da GIBa zeukan paziente bat sendatzea lortzen dutela.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Giza immunoeskasiaren birusa (GIB) zeukan pertsona bat sendatzea lortu dutela baieztatu du IrsiCaixa Hiesaren Ikerketa Institutuak. Londresen izan da. Duela 29 hilabete zelula amak transplantatu zizkioten, eta antirretrobiralak hartzeari utzi ostean, birusaren arrastorik gabe jarraitzen du pazienteak.

Birus hori izan ondoren sendatu den bigarren pazientea litzateke munduan. The Lancet HIV aldizkariak argitaratu du kasu horri buruzko informazioa.

Horrez gain, hirugarren pertsona bat sendatzeko bidean egon daitekeela zabaldu dute Conference of Retroviruses and Oportunistic Infections biltzarrean. 

Pazientea Düsseldorfekoa (Alemania) da. Leuzemia tratatzeko hezur-muineko transplantea egin zioten, 14 hilabete daramatza medikaziorik hartu gabe, eta ez diote birusik detektatu. Aipatu konferentzia Bostonen egin behar zuten, baina, koronabirusa dela eta, modu birtualean egiten ari dira.

Londresko eta Düsseldorfeko kasuak IciStem ikerketaren parte dira. Ikerketa Javier Martinez-Picado IrsiCaixako ikertzailearen eta Herbehereetako Utrecht hiriko University Medical Center-en artean koordinatu dute, eta zelula amak transplantatzeak GIBaren sendatzen duen eragina aztertzea du helburu.

Egun, transplantea jaso duten 28 paziente daude IciStemen; horietako bi tratamendurik gabe, duela bi urtetik; bat sendatutzat jo dute, eta bestea, birusaren erremisio fasean dagoela uste dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Erresuma Batua Alemania Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia albisteak Osasun albisteak Londres Zientziaren hedapena