Gizartea -

Koronabirusa

Koronabirusaren balizko kasuak hiru zentro berezitan artatuko dituzte Araban

COVID-19 gaitzarekin bateragarriak izan daitezkeen sintomak dituzten arabar guztiek beren osasun zentrora deitu behar dute. Orain arte, Osakidetzak emandako telefonora deitzea zen gomendioa.

Nekane Murga, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua. EiTBko bideo batetik hartutako argazkia
Nekane Murga, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua.
Nekane Murga, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua. EiTBko bideo batetik hartutako argazkia

Euskadi Irratia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Araban arnas arazoekin lotutako sintomak dituen herritar orok bere osasun zentrora deitu beharko du zuzenean, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo ETB2n egindako elkarrizketa batean jakinarazi zuenez. Orain arte, Osakidetzak espresuki prestatutako telefonora deitzea zen gomendioa.

Arabako osasun zentroen sarean hiru zentro prestatu dira arnasketa-arazoei lotutako sintomak izan ditzaketen kasuak propio, isolatuta, eta prebentzio-neurri bereziekin artatzeko.

Horrela, astelehen honetatik aurrera, koronabirusarekin bateragarriak izan daitezkeen sintomak dituzten arabar guztiek beren osasun zentrora deitu beharko dute. Bizkaian eta Gipuzkoan ere osasun zentroetara deitu daiteke, baina bi lurraldeotan oraindik ez dago Arabakoa bezalako unitate berezirik, eta 900 20 30 50 zenbakia aktibo dago oraindik. Oraingoz, Araban baino ez dute hartu neurri hori.

Gainera, Munduko Osasun Erakundeak koronabirusa pandemiatzat hartu zuenetik, arnasketa arazoekin zerikusia duten sintomak dituen edonor hartu behar du kontuan Osakidetzak balizko kutsatu gisa, ez bakarrik arriskuguneetara bidaiatu dutenak edo horiekin kontaktua izan dutenak.

Bestalde, Gipuzkoan bertan behera geratu dira ospitale eta osasun zentroetako hitzordu guztiak, baita aurreikusitako ebakuntza kirurgiko anbulatorio guztiak ere. Salbuespena dira, eta eutsi egiten zaie, beraz, kirurgia onkologikoak eta tratamendu onkologikoetan dauden gaixoen kontsultak. Bertan behera utzi behar izan diren hitzorduei dagokienez, Osakidetza gaixoekin harremanetan jarriko da datozen egunetan.

Lehen laneguna alarma-egoeran

Alarma-egoeran lehen laneguna du gaurkoa Hego Euskal Herriak, eta, ondorioz, pertsona askok etxetik egin beharko dute lan. Hala, herritarren joan-etorriak nabarmen murriztuta, datozen egunetan asteburuko argazki bera errepikatuko da lurralde osoan. Kasu batzuetan bakarrik dago baimenduta kalera ateratzea, eta bakarrik, konpainiarik gabe, mugikortasun-arazoak dituzten pertsonak izan ezik. Betetzen ez bada, zigorrak egon litezke.

Horrela, elikagaiak, botikak eta behar-beharrezkoak diren produktuak eskuratzeko atera daiteke kalera. Baita osasun zentroetara joateko edo lantokira joateko, etxera itzultzeko eta adinekoak, adingabeak edo mendekotasuna duten beste pertsona batzuk zaintzeko ere.

Azkenik, bankuetara joatea ere baimenduta dago, baina beti errespetatu beharko dira osasun-agintariek emandako gomendioak eta aginduak. Izan ere, Sarrigurengo Udaltzaingoak 1.500 euroko zigorra jarri dio etxera joan nahi ez zuen herritar bati. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) Ertzaintzak zainduko du pertsonen joan-etorria.

Azken 24 orduetan 109 pertsonak eman dute positibo koronabirusa atzemateko proban Euskal Autonomia Erkidegoan, eta dagoeneko 22 dira hildakoak (gaitz kronikoak zituzten aurretik). Guztira, 630 kasu baieztatu dira, horietako 409 Araban; lurralde horretan, biztanleko kutsatuen ehunekoa Lombardiakoa eta Wuhangoa baino handiagoa da.

Ohiko galderak

Bestalde, azken orduetan zalantza ugari sortzen ari dira bide publikotik ibiltzeko baimenekin lotuta. Galdera ohikoenetako bat da ea lantokira joateko autoa parteka daitekeen edo ez.

Zehazki, Guardia Zibilak honako hau erantzun dio Twitter bidez galdera hori egin zien erabiltzaile bati: "Alarma-egoeran ezarritako neurrietako bat bera ere ez duzu urratzen, betiere lantokira bazoaz edo dekretuan jasotako beste edozein arrazoirengatik bada".

Bestalde, Euskadiko Odol Emaileen Elkartetik odola ematera joateko deia egin dute, izan ere, "alarma-egoeran odola eman daiteke eta beharrezkoa da". Ildo horretatik, unitate mugikorrak osasun-zentrotzat hartzen direla azaldu dute. Odola eman ondoren, frogagiri bat ematen dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Anbulatorioak albisteak