Gizartea -

Koronabirusa

Osasun arloko profesionalek ostatu emateko eskatu dute, senideak kutsatu ez daitezen

Osakidetzako profesionalek ohartarazi dutenez, "koronabirusa oso azkar ari da zabaltzen, eta, ondorioz, langile asko kutsatzen ari dira". Dena dela, ahalegin guztia egiten jarraituko dute.

Osasun arloko langile bat, Osakidetzako laborategi batean. EiTBko bideo batetik hartutako irudia
Osasun arloko langile bat, Osakidetzako laborategi batean.
Osasun arloko langile bat, Osakidetzako laborategi batean. EiTBko bideo batetik hartutako irudia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ospitaleetan lan egiten duten Osakidetzako profesionalek haien lantokietatik gertu ostatu hartzeko aukera ematea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, Euskadin koronabirusa hainbeste zabaldu den aste hauetan haien senideak kutsatu ez daitezen.

Galdakaoko Ospitaleko langileek azaldu dutenez, COVID-19 izenarekin ezagutzen den gaitzak eragindako pandemiaren aurkako borrokan "lehen lerroan" dauden hainbat ospitaletako profesional sanitarioen artean sortu da proposamena. Izan ere, koronabirusari aurre egiten jarraitu nahi dioten arren, "presiorik gabe" jardun nahi dutela azpimarratu dute, alegia, gaixotasuna etxera eramateko arriskua saihestuz.

Osasun arloko profesionalek ohartarazi dutenez, "koronabirusa oso azkar ari da zabaltzen, eta, ondorioz, Osakidetzaren zentroetako langile asko kutsatzen ari dira". Dena dela, haien eguneroko lanean hor dagoen arriskua dela badakite, eta kutsatutako pertsona guztiei merezi duten arreta ematen jarraitzeko ahalegin guztia egingo dutela ziurtatu dute. Testuinguru horretan, gehienek bertan behera utzi dituzte dagozkien egun libreak eta librantzak, eta prest daude osasun arloko krisi honen aurrean lan egiteko, "presioa eta nekea" nabaritzen hasi badira ere.

Alabaina, "gaixotasuna zabaltzearen arduradunak" beraiek izateko arriskua da kezka gehien sortzen diena, eta, batez ere, "gaitza gure familietara eramatea, non haurrak, adineko pertsonak eta  arrisku faktoreak dituzten senideak dauden".

Hori dela eta, euskal ospitaleetako osasun-langile askok haien lantokietatik gertu ostaturen bat eskaintzeko eskatu dute, egokitzat jotzen dutenek aste hauetan atseden hartzeko aukera izan dezaten, izurritearekin amaitu arte.

Gogora ekarri dutenez, ekimen hori bera dagoeneko kasu ugari atzeman dituzten beste toki batzuetan jarri da martxan, eta gogorarazi dute pandemiaren aurkako “borrokaren lehen ilara horretan, medikuak eta erizainak ez ezik, laguntzaileak, laborategiko teknikariak, zeladoreak, anbulantzietako langileak eta garbiketako langileak ere” badaudela. Ildo horretatik, langile horien lana “oso gogorra bezain garrantzitsua" dela nabarmendu dute. Hori dela eta, herritarrak leihoetatik txaloak ematera irteten direnean, zaintzaile horiek guztiak gogoan izatea eskatu diete.

Azkenik, ohartarazi dutenez, Euskadiko zenbait tokitan, koronabirusa gripearen gailurrarekin batera iritsi da, eta, ondorioz, ospitaleratzeak ere nabarmen igo dira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba Barakaldo Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Medikuak Urduliz Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea