Gizartea -
Koronabirusa
Hamaika positibo atzeman dituzte Gipuzkoako zaharren eta desgaituen hiru egoitzatan
Koronabirusak kutsatutako horietatik, bederatzi osasun-egoera onean daude; beste biak "ahulago daude, aurretiko patologia batzuengatik".
Agentziak | Erredakzioa
Hamaika koronabirus-positibo izan dira ostegun honetan Gipuzkoako zaharren eta desgaituen hiru egoitzatan, Aldundiak jakinarazi duenez. Horietatik, bederatzi osasun-egoera onean daude; beste biak "ahulago daude, aurretiko patologia batzuengatik".
Eider Mendoza bozeramaileak ohar bidez zehaztu duenez, Tolosako Iurramendi zahar-etxean lau kasu atzeman dituzte, beste sei desgaituen etxe batean, Hondarribian, eta bestea Donostiako Berriz 1 zentroan.
Bozeramaileak "lasaitasun" mezua helarazi nahi izan die zentro horietan dauden herritarren senideei. Azaldu duenez, Aldundiak gaixoen senideekin hitz egin du; positibo eman dutenak "isolatuta daude, protokoloari jarraituta".
Ezarritako araua beteta, "egoitza horietan dauden beste herritarren arteko eta langileen arteko kutsadura saihesteko aurreikusitako neurri guztiak hartu dira", bai eta gainerako herritarrak ez kutsatzeko neurriak ere. Mendozak azaldu du kasuak atzeman dituzten egoitzetako gainerako egoiliarrak "osasun-egoera onean" daudela; nolanahi ere, "osasun-kontrol handia ari zaie egiten".
Jarraipen sakona
Osasun-langileek jarraipen sakona egingo diete gaixoei, osasun-egoera kontrolatzeko, "eta beraiek hartuko dituzte erabakiak", azpimarratu du Mendozak. Bozeramaileak gogora ekarri du Gizarte Politiketako Sailak sareko egoitza guztietara bidali zituela kasu hauetarako prebentzio- eta euste-protokoloak.
Arauaren asmoa da "zentroak ahal den neurrian modulatzea, moduluen arteko barneko joan-etorria debekatuz, prebentziozko eta garbitasun-neurriak muturrera eramanez, eta hondakinak behar bezala kudeatuz. Halaber, Osakidetzak zehaztutako banakako babes-ekipoen erabileraren kudeaketa egokia ere bermatu nahi du".
Testuinguru horretan, Mendozak esan duenez, Aldundiaren sareko zentro guztiek jaso dituzte banakako babes-ekipoak: "Egun, guztira, 7.000 herritar daude egoitza horietan", adierazi du.
Halaber, zentroetarako egutegi-planak abiatu dituzte, langileak antolatzeko, eta familiekin eta administraritzekin komunikatzeko.
“Neurri guztiak hartzen” jarraituko dute
Dena den, ohartarazi du "egoera oso aldakorra" dela eta "egokiak diren neurri guztiak hartzen" jarraituko dutela, "bai prebenitzeko, baita eusteko ere, egoerak hala eskatuta".
Informazioa osatzeko lanean ari gara...