Gizartea -

Akordioa, Osakidetzarekin

Maria Cristina hotelak koronabirusaren sintoma arinak dituzten gaixoak hartuko ditu

Horrela, euskal osasungintzak 120 ohe gehiago izango ditu ingurukoak kutsatzeko arriskuagatik euren etxeetan egon ezin duten gaixo arinak artatzeko.

Maria Cristina hotela, Donostian. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Maria Cristina hotela, Donostian
Maria Cristina hotela, Donostian. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Cristina hotelak, Donostia dagoen bost izarretako hotel bakarrak, eta Osakidetzak akordio bat egin dute hotelaren instalazioak COVID-19 duten paziente arinen errekuperazioan erabiltzeko.

Horrela, Gasteizeko Lakua hotelak egin duen gauza bera egingo du hotel donostiarrak, hau da, dagoeneko ospitalean geratu behar ez duten pertsonak, baina oraindik sintoma arinak dituztenak, hartzea.  Nekane Murga Osasun sailburuak eman du akordioaren berri.

Murgak adierazi duenez, Osasun saila "paziente arinen egonaldia antolatzeko baldintza onenak" dituzten hotelak aztertzen ari da, horrela ospitaletan paziente larrientzat leku gehiago izango dutelako.

Maria Cristinarekin egindako akordioari esker, eta Eneko Goia Donostiako alkateak Twitterren iragarri duenez, Osakidetzak beste 120 ohe izango ditu Donostiako Sustapenerako udal erakundeak hotela kudeatzen duen Marriot International  enpresarekin negoziaketen ostean.

"Albiste honek kutsu sinboliko handia du: gure hiriko hotelik klasikoena, zinemako eta musika munduko izarrak eta mundu osoko pertsona garrantzitsuak hartu dituena, egoera gogor honetan behar handiena dutenen zerbitzura jarri da", azpimarratu du Goiak.

Sintoma "oso arinak" dituzten gaixoak

Alkateak esan duenez, Maria Cristina hotelak sintoma "oso arinak" dituzten gaixoak hartuko ditu, euren etxeetan egoteko moduan daudenak baina praktikan egon ezin dutenak euren etxeak"“baldintza onetan ez daudelako", edo "eurekin bizi direnak kutsatzeko arriskua dagoelako".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Donostia albisteak Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa Ostatuak