Gizartea -

Genero indarkeria

52 urteko gizon bat atxilotu dute Laudion, bikotekideri eraso egitea leporatuta

Larunbatean egin zion eraso, 21:00etan, eta emakumezkoa Galdakaoko Ospitalera eraman zuten, zauriak sendatzera.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

52 urteko gizon bat atxilotu dute Laudion (Araba), bikotekideari eraso egitea leporatuta.

Ertzaintzak aditzera eman duenez, erasoa larunbatean gertatu zen, 21:00ak aldera, eta emakumeak eman zien gertatutakoaren berri. Horren berri jasotakoan, agenteak bikotearen etxebizitzara joan ziren, eta gizona atxilotu zuten, genero indarkeria egotzita.

Biktima Galdakaoko Ospitalera eraman zuten anbulantziaz, artatzera. Erasotzailea, berriz, ertzain-etxera eraman zuten beharrezko izapideak betetzera, eta aske utzi zuten ondoren, epaileak noiz deituko zain.

Aiarako mugimendu feministak protesta antolatu du sare sozialen bidez, igande iluntzean, 21:00etan, leiho zein balkoietan lapiko-protesta egiteko.

Laudioko Udalak ere "irmo gaitzetsi" du erasoa, eta herritar guztiei dei egin die astelehenean balkoietan eta leihoetan kolore morea jartzeko, genero indarkeriaren kontra egin eta biktimei "une zail hauetan" babesa agertzeko.

-------------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista gaur Laudio Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Aiarako kuadrilla