Gizartea -

Koronabirusa

128 adineko hil dira Arabako eta Gipuzkoako egoitzetan

Bizkaiko zahar-etxeetan 460 pertsona daude koronabirusak jota, baina Aldundiak ez du argitu hildakoen kopurua zein den.

Bi adineko Gurutzetako ospitalera bidean. Artxiboko argazkia: EFE
Bi adineko Gurutzetako ospitalera bidean.
Bi adineko Gurutzetako ospitalera bidean. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren ondorioz 82 adineko hil dira jada Arabako egoitzetan. Foru Aldundiak gaur zabaldutako datuak igandekoak dira. 46 pertsona ospitalean hil dira eta gainerakoak zahar-etxeetan.

Horrez gain, 363 egoiliar daude koronabirusak jota. Gehienak egoitzetan artatzen dituzte, baina 34 erietxera bidali behar izan dituzte larri daudelako.

Desgaitasunak dituzten pertsonei zuzendutako zentroetan, berriz, ez da aldaketarik izan: 17 daude kutsatuta eta beste zortzik ospitalean jarraitzen dute.

46 hildako eta 223 positibo Gipuzkoako egoitzetan

Bestalde, Gipuzkako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, azken orduotan sei adineko zendu dira eta beste 30ek positibo eman dute.

Aipatu heriotzak Beasaingo, Eibarko, Tolosako eta Ordiziako zahar-etxeetan izan dira.

Koronabirusaren osasun krisia hasi zenetik, 46 pertsona hil dira eta 223 kasu positibo baieztatu dituzte Gipuzkoan.

43 adineko Gurutze Gorriaren zentrora eraman dituzte eta beste 17k erietxean segitzen dute.

Bizkaiko Foru Aldundiak ez du hildakoen kopurua argitu

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak goizean azaldu duenez, 460 adineko daude koronabirusarekin, eta horietako 114 ospitalera eraman behar izan dituzte.

Joan den igandetik hona 77 kasu berri baieztatu dituzte. 290 zahar-etxeetan artatzen ari dira, eta 93, ospitaleetan.

Bizkaian 155 egoitza daude eta horietako 34tan kutsatuak daude.  

Aipatzekoa da Rementeriak ez duela zehaztu zein den Bizkaiko zahar-etxeetan hildako pertsonen kopurua. Datu hori egunero ez ematea erabaki du. Kontu honekin “zorrotza” izan nahi duela eta lehendabizi senideak informatu behar dituela esanez justifikatu du bere jarrera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa