Gizartea -

Pandemia

Arabako egoitzetako hildakoen batez bestekoa gainerakoen antzekoa dela dio Gonzalezek

Osakidetzak martxan jarritako dispositiboa "nahikoa" izan dela uste du Arabako ahaldun nagusiak, eta azpimarratu du "geroz eta ohe gehiago libre" geratzen ari direla.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia. Argazkia: EiTB
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia. Argazkia: EiTB
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak esan du Arabako zaharren egoitzetan koronabirusarekin hildakoak kopuru osoaren "% 32-33" direla, eta ehuneko hori gainerako lurraldeen "antzekoa" dela.

Gonzalezek Onda Vasca irrati katean egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, zaharren egoitzetan hildakoen kopuruak beste lurralde batzuetan izaten ari diren kopuruen "parekoak" dira, "% 30 eta % 36 artean baitaude". "Oso gogorra eta oso tristea den errealitate partekatua da", adierazi du.

"Lurralde guztietan eta erkidego guztietan" zaharren egoitzetan kutsatuen kopurua "handia" da, gaixotasuna pairatzeko "ezaugarri asko" dituzten pertsona asko daudelako, eta erresidentzien "ereduak kutsatzeak errazago gertatzea ahalbidetzen duelako", Gonzalezen esanetan.

Arabako ahaldun nagusiak azpimarratu duenez, pandemia "kontrol altuagoko fasean sartzen hasi da", eta "positibo ematen duten testen ehunekoak behera egin du".

Osakidetzak martxan jarritako dispositiboa "nahikoa" izan dela uste du Gonzalezek, eta azpimarratu du "geroz eta ohe gehiago libre" geratzen ari direla.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Araba Gaixotasunak Gizartea Ramiro Gonzalez Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Adinekoentzako egoitzak Koronabirusa Arabako Foru Aldundia