Gizartea -
Koronabirusa
Milioika ikasle nola ebaluatu aztertuko dute gaur autonomia erkidegoek
Ikasturtea urrutiko prestakuntzaren bidez amaitzeko etxe askotan dauden zailtasunen aurrean, errepikapenak ahalik eta gehien mugatzea eskatzen duten sektoreak ugaritu egin dira.
Agentziak | Erredakzioa
Hezkuntzako Konferentzia Sektorialak autonomia erkidego guztietako ordezkariekin asteazken honetan egingo duen bilera telematikoa zuzenduko du Isabel Celaa Espainiako Gobernuko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroak. Zehazki, koronabirusaren agerraldiaren ondorioz etxean dauden unibertsitatez kanpoko irakaskuntzetako zortzi milioi ikasle baino gehiago nola ebaluatu aztertuko dute.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik esan dute agertoki guztiak zabalik daudela, eta aukera emango balitz, aurrez aurreko eskoletara itzulera noiz eta nola egin aztertuko dute. Ildo horretatik, etapa kritikoetan dauden ikasleek izango lukete itzultzeko lehentasuna. Adibidez, batxilergoko bigarren mailakoak, selektibitatea prestatu behar dutenak.
Nafarroatik, berriz, Maria Chivite Foru Gobernuko presidenteak ikasturtea bateratzea proposatu du, aurten galdutako ikasketak hurrengo ikasturteko lehen hiruhilekoan berreskuratzeko (aurrez aurreko klaseetan), eta, horrela, COVID-19 gaitzaren ondorioz ikastetxeak ixtea eragin duten hezkuntza-gabeziak osatzeko. Proposamen horretan ez dira sartzen, ordea, DBHko laugarren mailako eta batxilergoko bigarren mailako ikasleak.
Celaak eta autonomia erkidegoetako ordezkariek Estatuko Eskola Kontseiluaren gomendioak izango dituzte mahai gainean, izan ere, Hezkuntzako organo aholku-emaile nagusia da. Ikasleei "gainditu orokorra" ematea baztertu zuen aurreko astean, baina ikasturte honetan errepikapenak "oso kasu berezietara murriztea" gomendau zuen.
Horrez gain, ikasleak etxean dauden bitartean egiten dituzten lanak ebaluatzeko modukoak izatea gomendatu du hezkuntza-komunitateko hainbat sektoretako ordezkariek osatzen duten Estatuko Eskola Kontseiluak. Dena dela, ikasle bakoitzaren etxeetan dauden "baldintza teknologikoak eta konektibitate baldintzak" kontuan hartzeko eskatu du, "eten digitala" ez dadin izan "ikaskuntzen eta gaitasunen ebaluazio negatiboa egiteko arrazoia".
Akordioetara iristeko itxaropena
Ikasturte honetan errepikapenak bertan behera uzteko edo murrizteko eskaerak babesa batu du azken asteotan. Ildo horretatik, Save The Children gobernuz kanpoko erakundeak gutun bat bidali dio Celaa ministroari, eta autonomia erkidegoekin akordioa lortzea eskatu dio, errepikapena "ia hutsala izan dadin, Europako herrialde gehienetan gertatzen den bezala".
Bestea beste, unibertsitateko irakasleek, hezkuntzako adituek eta CEAPA Espainiako Ikasleen Gurasoen Elkarteko Konfederazioak babesten dute gutuna. Idatzian, konfinamenduan egindako lanak ez ebaluatzeko eskatzen dute. CANAE Ikasle Elkarteen Estatuko Konfederazioak eta ikasle elkarteek bultzatu dute "salbuespenez" errepikapenekin amaitzeko ekimena.
Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak autonomia erkidego guztiekin akordioak lortzea espero du. Isabel Celaak zuzentzen duen saileko iturriek nabarmendu dutenez, erkidegoetako gobernuek "bateratasuna" erakutsi dute asteazken honetako bilera prestatzeko orduan.
Ikasturtea ekainaren 30ean amaituko da, eta gaurko bileran hirugarren ebaluazioa nola egin edo unibertsitatean sartzeko azterketetan zer eduki sartu adostu nahi dute, besteak beste.