Gizartea -
Koronabirusa
Beste hiru pertsona hil dira Arabako eta Gipuzkoako erresidentzietan
Lehendabiziko aldiz, sendatutakoak hildakoak baino gehiago dira Arabako zahar-etxeetan. Gipuzkoan ez da kutsatu berririk izan hirugarren egunez jarraian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Beste bi pertsona hil dira Arabako erresidentzietan, Foru Aldundiak zabaldutako azken balantzearen arabera.
Zorionez, ez da kutsatze berririk izan eta, pandemia hasi zenetik lehendabiziko aldiz, sendatutako lagunak hildakoak baino gehiago dira.
Guztira, 255 pertsona daude koronabirusak jota –kopururik txikiena apirilaren 1etik hona-; 146 sendatu dira; eta heriotzak 136 izan dira.
Gipuzkoako egoitzetan pertsona bat hil da azken orduetan, baina hirugarren egunez jarraian ez da kasu positiborik izan.
Foru Aldundiak zehaztu duenez, heriotza hori Tolosako Iurreamendi zentroan gertatu da.
Guztira, 157 pertsona zendu dira Gipuzkoako zahar-etxeetan; 185 gaixorik daude; eta 202 sendatu dira.
29 pertsona Gurutze Gorriak Donostian duen zentroan ari dira artatzen, eta beste 30 ospitalean.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak ez dute erresidentzietako egoerari buruzko daturik eman astelehen honetan.