Gizartea -

Adingabeak kalera, lehen aldiz

Zer dakigu Zurriola Pasealekuan igande honetan hartutako argazkiaz?

Juan Herrero EFEko argazkilariarena da. 200 mm-ko teleobjektibo bat erabilita hartu zuen, 12:12an, umeek kalera irteteko aukera izan zuten lehenengo egunean.

EFE Agentziako Juan Herrerok argazki hau hartu zuen igandean, Donostian. Argazkia: EFE.
EFE Agentziako Juan Herrerok argazki hau hartu zuen igandean, Donostian
EFE Agentziako Juan Herrerok argazki hau hartu zuen igandean, Donostian. Argazkia: EFE.

EiTB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EFE Agentziak argitaratu zuen eta Juan Herrero argazkilariak sinatu zuen Donostiako Zurriola Pasealekuan igande honetan hartutako argazkia 12:12an egin zuen egileak, alegia, 13 urterainoko umeek alarma egoerapean kalera irteteko aukera izan zuten lehenengo eguneko eguerdian. Juan Herrerok 200 mm-ko teleobjektibo bat erabili zuen.

#Koronabuloak ekimenean (horren bidez, Euskal Irrati Telebista koronabirusaren gaineko 'fake news'ei aurre egiten saiatzen da), argazkia ikertu dugu. Hainbat komunikabidetan baliatu dute, eta sare sozialetan zenbait erabiltzailek aztertu dute. Jarraian, gure ikerketan zer baieztatu ahal izan dugun aurkeztuko dugu.

Ezin izan dugu hitz egin Juan Herrerorekin, hau da, argazkiaren egilearekin. Profesional ospetsua da, eta ibilbide luzea du; 1989tik da EFE Agentziako argazkilari, eta El Mundo, Deia, El Diario Vasco eta El Mundo Deportivoko kolaboratzaile ibili da.

eitb.eus-ek Rafa Herrero Burguirekin, alegia, EFE Agentziak Gipuzkoan duen ordezkariarekin hitz egin ahal izan du. Bere lankidearen argazkiari buruzko zenbait datu tekniko eman dizkigu; izan ere, Twitterreko erabiltzaile batzuen esanetan, argazkia "ez da egiazkoa", edo "manipulatuta dago". Juan Herreroren web orrian, azken horren gaineko profil profesional bat du sinatuta Rafa Herrero Burguik.

Argazkia, Rafa Herrero Burguik nabarmendu duenez, guztiz egiazkoa da. 12:12an hartu zuen Juan Herrerok iganean, 200 mm-ko teleobjektibo bat baliatuz; horrelako teleobjektibo bat egunero erabiltzen du fotokazetari batek; esate baterako, prentsaurreko batean: "Teleobjektibo luzeago bat, 400 mm-koa, futbol-partidetan erabiltzen den horietako bat, astunegia da motor batean eramateko". Juan Herrero motorra erabiliz zebilen Donostian, igande eguerdian.

Rafa Herrero Burguik esan duenez, "eztabaidagarria izan daiteke teleobjektiboaren efektuak efektu jakin bat lortzen duen ala ez", baina adieraz du argazkiak "kale jendetsu bat" erakusten duela, "hori bakarrik". "Argazkiak, erabilitako teknikagatik, ez du balio jakiteko herritarren arteko tarteak errespetatzen ari diren ala ez. Eta hori ez zen haren asmoa. Kultura bisual minimoa duen edonork daki hori, eremu-sakontasunaren eta foku-distantziaren arteko aldea zein den dakien edonork", azaldu du. "Are gehiago; segurtasun-tartea betetzen ari den ala ez zehazteko, erabiliko genukeen azken argazkia da".

"Argazkiak erakusten du aldea zegoela, aurreko egunekin alderatuta", berretsi du EFE Agentziak Gipuzkoan duen arduradunak; izan ere, igandera arte, konfinamendua 24 orduetan zegoen indarrean, bai helduentzat, baita adingabeentzat ere. "Beste asmorik ez du".

Pasealekua itxita zegoen; hortaz, jendea "plano berean" agertzen da

Zurriolako Pasealekua, gainera, itxita zegoen, une hartan; hortaz, irudian agertzen diren guztiak bidegorrian daude, plano berean: "Nola erakutsi ahal dut hori, jendea zegoela?", azaldu digu Rafa Herrero Burguik; "bada, teleobjektibo bat erabiliz egin behar dut", zehaztu du. Juan Herrerok angeluhandi bat erabili izan balu, argazkiak ez luke islatuko kale jendetsu bat, egiten duenez.

Testuinguru honetan, Donostiako Udalak, astelehen honetan bertan, jakinarazi du pasealekuak berriro irekiko dituela, Zurriolakoa kasu, "jendeak gozatzeko toki zabalagoa izan dezan", azaldu du, prentsa-ohar baten bidez.

"Aurreko egunean baino askoz ere jende gehiago zegoen, eta argazkiak hori bakarrik nahi du islatu. Ez du polizia-agente batek hartu, ezta forentse batek ere, kazetari batek hartu du. Une horretan, nolabaiteko tapoia sortu zen, besteak beste pasealekua itxita zegoelako, eta guztiak bidegorrian zeudelako", dio Rafa Herrero Burguik.

Gari Garaialde fotokazetariaren iritzia

Radio Euskadiko Boulevard Informativo saioan, astelehen goizean, Gari Garaialde Bostok Photoko fotokazetariak nabarmendu du "argazkiak, askotan, gure iritzia berretsi edo ezeztatzeko" erabili nahi izaten ditugula; nolanahi ere, onartu du Zurriolako argazkia "nahasgarria" izan daitekeela, haren ustez.

Garaialderen esanetan ere, 200 mm-ko teleobjektibo bat edozein fotokazetarik "egunero" erabiltzen duen materiala da. Laburbilduz, ez da muturreko teleobjektiborik, inola ere ez.

"Oso erraza da tranpa egitea", esan du, "gauza bat eta haren kontrakoa erakutsi ahal baita". Adierazi duenez, "jendea, argazkietan, saiatzen da dituen aurreiritziak baieztatzea".

Elkarrizketan, Dani Alvarez Boulevard Informativoko zuzendari eta aurkezleak beste bi irudi aipatu ditu; igande honetan hartu zituzten horiek ere, kasu honetan Kopenhagenen. Hauek dira:

Irudietan, hainbat lagun daude ikusgai; denda baten aurrean agertzen dira, ilaran. Argazkiak ikusita, argi dago oso garrantzitsua dela, argazki batean, kontuan izatea nondik hartu den; izan ere, zer ikus daitekeen aldatu ahal du horrek.

Teleobjektibo baten eta angeluhandi baten arteko aldeari dagokionez, Mikel Urabaien Otamendi kazetariak azalpen oso zehatz batzuk argitaratu ditu Twitterren, igande honetako beste argazki batzuetan harira. Hemen daude, osorik.

Batix Eceiza argazkilariak, Twitterren ere, hurrengoa azaldu du: "Teleobjektibo baten ikuspegi-angelua murriztua da, angeluhandi batena ez bezala. Ematen du urrun dagoena gerturatzen duela, baina ikuspegi periferikoa galdu egiten da, urrunean ikusten dugunaren zati txiki batean zentratzen da".

Eceizak berak, Twitterreko hari honetan, Juan Herreroren argazkia du hizpide. Egin duen ikerketaren arabera, irudiak agertzen diren herritarrak 300 metroko baino gehiagoko gunean daude (Kursaaleko aparkalekurako sarreratik gertu dagoen zebra-bidetik, Donostiako Udaletxea kokatuta dagoen lekutik gerturaino”.

Buloen aurka borroka egiteko EiTBren "Koronabuloak" ekimenean, VOST Euskadiren kolaborazioaz kontatzeaz gain, Euskal Irrati Telebista harremanetan da 'Maldito Bulo'rekin albiste faltsuak ezeztatzeko, eta Eva Caballerok Radio Euskadin zuzentzen duen 'La Mecánica del Caracol' zientziazko dibulgazio saioaren partaidetza ere badu.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasunari buruzko albisteak Albiste faltsuak sare sozialeetan COVID kasuak Zer ezin daiteke egin Euskal Herrian? Deseskalatzea Gros auzoa