Gizartea -

Koronabuloak

EAEn ez dago salaketarik koronabirus test faltsuekin etxeetan lapurtzen saiatzeagatik

Test motak eta proba horiek egiten dituzten langileak nahasten dituen audio baten arabera, lapurreta-ahaleginak izan dira hainbat etxetan, baina Ertzaintzak ez du horren berri.

Koronabirus-proba, osasun-zentro batean. Argazkia: EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Koronabirus-proba, osasun-zentro batean.
Koronabirus-proba, osasun-zentro batean. Argazkia: EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

EiTB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak ez du salaketarik jaso COVID-19ko balizko test faltsuekin lotutako inolako lapurreta-ahalegini buruz. Hain zuzen ere, zenbait test EAEko hainbat etxetan ari dira egiten, baina Ertzaintzak ez du salaketa bat bera ere jaso ustezko lapurreta-ahaleginekin lotuta.

Hainbat erabiltzailek mezu jakin baten berri eman digute 600 900 454 WhatsApp zenbakian, EiTBk #Koronabuloak gelditzeko duen ekimeneko WhatsAppean. Horren arabera, gaizkile batzuk euren burua osasun-langiletzat aurkezten omen dute, etxebizitzetan COVID-19 gaitzaren testak egiteko itxurak egin eta bertan lapurtzen saiatzeko.

Gainera, audioak test horiek egiten dituzten langileen ustezko jarduera-protokoloa zehazten du, baina nahastu egiten ditu egiten ari diren analisietako batzuk, eta datu okerrak ematen ditu, Osasun Ministerioak argitu duenez.

Audioak hauxe dio:

"Espainian modu aleatorioan egiten hasiko diren proben gainean, esan nahi dizuet balitekeela zuetako baten bati egokitzea; hala balitz, lehenik eta behin, antza, osasun-zentrotik deituko dizuete, eta gerora medikua joango da, polizia-agente batek lagunduta, proba egitera, etxera. Horiek ez dira inolaz ere sartuko zuen etxeetara.

Zergatik diot hau? Bada, iruzurrak egiten ari dira, edo egin dituzte eta litekeena da egitea; osasun-zentroko deia faltsua izatea, eta zuen etxera medikuz jantzita doan pertsona medikua ez izatea. Beraz, norbaitek jotzen badu zuen atean, proba egitera etorri direla esanez, eta ez badago polizia-agente batek lagunduta, esaiozu, atea ireki aurretik: 'Egon une bat, Poliziari deituko diot baieztatzeko'.

Hau da, ez dira etxean sartzen, eta polizia-agente batek lagunduta datos. Bi arau horietako bat ere ez bada ematen, ezer ez. Ez dut uste abisatu gabe joango direnik, osasun-zentrotik deituko dizute aurretik, baina, deituz gero, baliteke faltsua izatea; ondorioz, baieztatzeko modurik onena da polizia-agente batek lagunduta joatea.

Ez ireki atea inori; bestela, etxera lapurreta egitera sartuko dira. Medikua ez da inoiz sartuko, inoiz, ez dira etxeetara sartzen… Irekiko duzu atea, eta, zentzuzko tarte bat utzita, kotoi-zotza sartuko dizue, eta kitto… Hori guztia, zuei egokituz gero".

Ertzaintzaren gezurtatzea

Koronabuloak ekimenaren barruan, Euskal Irrati Telebista harremanetan dago VOSTEuskadirekin (Euskadiko Boluntario Digitalen Elkartea) koronabirusaren inguruko albiste faltsuak atzemateko, eta VOSTEuskadik jakinarazi digunez, Ertzaintzak, apirilaren 29an, ez du salaketarik jaso gai horrekin lotuta.

Testen gaineko datu okerrak, eta Osasun Ministerioaren gezurtatzea

Lapurreta-ahalegina dela antzemateko, audioak bi datu edo pista ematen ditu: osasun-langileak ez direla etxean sartuko eta polizia-agente batek lagunduta egongo direla.

Hala ere, Osasun Ministerioak (Carlos III.a Osasun Institutuarekin batera diseinatu du serologia-ikerketa aleatorio hau, autonomia-erkidegoen laguntzarekin) ez dio ezer horren gainean bere webgunean.

Asteazken honetan, Osasun Ministerioak seroprebalentzia aztertzeko ausazko test horien inguruan dabiltzan "gezurrezko zenbait buloren eta audioren" inguruan ohartarazi du. Seroprebalentziaren gaineko test horietan 90.000 pertsona inguruk parte har dezake, koronabirusarekin kutsatu diren Estatu espainiarreko herritarren kopurua ezagutzeko).

Ministerioak argitu duenez, lehenik eta behin, azterketan parte hartzeko hautatutakoek (Estatistikako Institutu Nazionalak aukeratzen ditu) dei bidez jasotzen dute jakinarazpena; gehienbat, beren osasun-zentrotik edo horretara bideratutako laguntzagunetik.

Autonomia-erkidego batzuetan, telefonozko lehen kontaktu hori bertako osasun-sistemak horretarako prestatutako hitzordu-zerbitzuaren bidez egingo da.

Kontaktatutako pertsonak azterlanean parte hartzea onartzen duenean, kasu gehienetan hitzordua ematen zaio bere osasun-zentrora edota horretara bideratutako laguntzagunera bertaratzeko, inkesta egin dezan eta azterketarako lagina atera diezaioten.

Mugikortasun-arazorik egonez gero, pertsonaren etxera joango dira azterketa egitera. Erkidegoren batek etxean bakarrik jasoko ditu laginak.

Osasun Sailak azpimarratu duenez, dei horietan, "inoiz ez da bankuko daturik edo antzekorik eskatuko, ezta etxeko bisitetan ere".

Gainera, lagina lortzeko etxeko bisita egiten duen erizaina bere autonomia-erkidegoko osasun-langile gisa egongo da identifikatuta.

EAEn, joan den martxoaren 18tik, Ertzaintza PCR probak etxez etxe egiten dituzten osasun-langileak garraiatzen ari da, hala behar dutenean. Batez ere, Ertzaintzak anbulatorioetako profesionalak eramaten ditu, hau da, lehen mailako arretako medikuak, ez baitute mugitzeko ibilgailu propio egokirik.

Ertzaintzaren YouTubeko bideo honetan gorago azaldutako ikus daiteke:

Ertzaintzako agenteek ez diete osasun-profesionalei laguntzen azterketa egin behar zaien pertsonen etxebizitzetaraino, baizik eta haren atariraino eramaten dituzte.

Halaber, audioak behin baino gehiagotan azpimarratzen du osasun-langileak ez direla etxebizitzetara sartzen, eta hori ere ez da zuzena. PCR probak egiten dituzten osasun-lantaldeak bi edo hiru pertsonaz osatuta daude, eta horietako bat etxebizitzara sartuko da, sarrerako atetik gertuen dagoen gelara, hain zuzen ere, dagokion pertsonari testa egin diezaion. Testa egingo zaion pertsona hori baino ez da egon behar gela horretan. Proba egin ondoren, osasun-profesionalak erabili eta botatzeko poltsa batean utziko du babes-materiala.

Euskadin une honetan egiten ari diren test motak

Kontuan hartuta audioak nahasi egiten dituela une honetan osasun-zentroetan zein herritarren etxeetan egiten ari diren test motei buruzko datuak, test horiek zein diren aztertuko dugu jarraian.

PCR probak

Osasun-profesionalek egiten dituzte, eta, behar izanez gero, Ertzaintzak eramaten ditu behar duten pertsonengana; adibidez, COVID-19 gaitza diagnostikatu zaien eta berriz aztertu behar diren pertsonak, proba berri horretan positibo edo negatibo ematen duten egiaztatzeko.

- Etxe partikularretan egiten dira.

- Osasun-langileek aldez aurretik jakinarazten dute noiz iritsiko diren etxebizitzara, handik gertu daudenean berriz abisatzen dute, eta txirrina jotzean identifikatu egiten dira.

Kontsultatu informazio honetan zer ezaugarri dituzten PCR testek. Bideo honek ere horren berri ematen du:

BIDEOA | Koronabirusak detektatzeko hiru test mota daude: PCRak, arinak eta serologikoak

Koronabirusak detektatzeko hiru test mota daude: PCRak, arinak eta serologikoak
Koronabirusak detektatzeko hiru test mota daude: PCRak, arinak eta serologikoak
Koronabirusak detektatzeko hiru test mota daude: PCRak, arinak eta serologikoak

1:29

Osakidetzaren test serologikoak COVID-19 gaitza izan dezaketen 4.147 herritarrentzat, sintomak diagnostikatu zaizkien arren, oraindik probarik egin ez baitute

- Astelehen honetan, apirilaren 27an, hasi ziren egiten.

- Osakidetzak deitu egiten die COVID-19aren sintomak izan zituztenean proba egin ez zitzaien pertsonei.

- Dagokien osasun-zentrora joateko eskatzen zaie pertsona horiei.

- Odol-proba baten bidez egiten da azterketa.

- Helburua da baieztatzea 4.147 pertsona horietatik zenbatek pasatu duten gaixotasuna eta zenbat dauden immunizatuta.

Bideo honek test serologiko horiei buruzko informazioa ematen du:

BIDEOA | Gizartearen immunitate maila neurtuko duen azterketa serologikoa abiatu du Osakidetzak

Gizartearen inmunitate maila neurtuko duen azterketa serologikoa abiatu du Osakidetzak
Gizartearen inmunitate maila neurtuko duen azterketa serologikoa abiatu du Osakidetzak
Gizartearen inmunitate maila neurtuko duen azterketa serologikoa abiatu du Osakidetzak

1:29

Osasun Ministerioaren seroprebalentzia-testa, Euskadin Osasun Saila eta Osakidetza garatzen ari direna

- Osasun Ministerioak egiten dituenak dira, gorago azalduta geratu den legez. Euskadiri dagokionez, Bizkaian, 2.040 pertsonari egingo zaio azterketa; Gipuzkoan, 1.620ri, eta Araban, 1.200ri. Nafarroan, berriz, 2.160 herritarrek egingo dute testa.

- Estatuan, 36.000 familia baino gehiago aukeratu dira.

Bideo honek informazio zabala du test horien inguruan.

BIDEOA| Astelehenetik aurrera, ia 5.000 laguni egingo dizkiete Euskadin test serologikoak

Astelehenetik aurrera, ia 5.000 laguni egingo dizkiete Euskadin test serologikoak
Astelehenetik aurrera, ia 5.000 laguni egingo dizkiete Euskadin test serologikoak
Astelehenetik aurrera, ia 5.000 laguni egingo dizkiete Euskadin test serologikoak

1:28

Nekane Murga Osasun sailburuak zehaztu duenaren arabera, azken bi test horiek biztanleriaren immunitate-maila aztertzeko tresna osagarriak dira. Horri esker, pandemiaren benetako dimentsioa hobeto ezagutu ahal izango dugu, eta, horrela, osasun publikoko neurriak egokitu ahal izango ditugu, modu eraginkorrenean aurre egiteko.

Bideo honek biei buruzko informazioa eskaintzen du:

Baieztatu gabe COVID-19a diagnostikatu zaien 4.147 pertsonei analisiak egingo zaizkie
Baieztatu gabe COVID-19a diagnostikatu zaien 4.147 pertsonei analisiak egingo zaizkie
Baieztatu gabe COVID-19a diagnostikatu zaien 4.147 pertsonei analisiak egingo zaizkie

1:21

Euskal Irrati Telebista Maldito Bulo ekimenarekin eta VOSTEuskadi elkartearekin ari da  harremanetan egun hauetan, koronabirusaren inguruan agertzen diren albiste faltsuei aurre egiteko. Horrez gain, Eva Caballero kazetariak Radio Euskadin zuzentzen duen La Mecánica del Caracol zientzia eta teknologiari buruzko dibulgazio-programan parte hartu ohi duten adituen laguntza ere badauka.  

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Albiste faltsuak Koronabirusa