Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Gizon bat atxilotu dute Barakaldon, bikotekideari eraso egitea leporatuta

Sukalde-aizto eta botila banarekin eraso egin dio. Emakumeak hainbat ebaki zituen aurpegian eta buruan, hortaz, Gurutzetako Ospitalera eraman dute, anbulantziaz.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 63 urteko gizon bat atxilotu du larunbat honetan Barakaldon (Bizkaia), labana eta eta botila banarekin bikotekideari eraso egitea leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Gaurko 10:55ean, Larrialdi Zerbitzuetara deitu du emakumezko batek, laguntza eske, bikotekidearekin errieta izanda, horrek zauritu ostean. Ertzaintzako hainbat patruila Barakaldoko etxebizitza batean azaldu dira, eta buruan zauriak zituen emakume bat aurkitu dute. Gurutzetako Ospitalera eraman dute, anbulantziaz.

Etxebizitzan bertan biktimaren bikotekidea eta ustezko erasotzailea zegoen, hortaz, atxilotu egin dute, genero indarkeriarekin lotutako delitua egotzita.

Biktimak salatu duenez, sukalde-aizto eta botila banarekin eraso egin dio, eta aurpegian eta buruan ebakiak eragin dizkio.

Medikuek atxilotua ere artatu dute, atzamarretan hainbat ebaki zituelakoan, Segurtasun Sailak argitu duenez.

63 urteko atxilotua Ertzain-etxera eraman dute, dagozkion izapideak egiteko, eta bihar eramango dute epailearen aurrera.

Lapiko-protesta

Azken eraso matxista hori gaitzesteko igande honetarako lapiko-protesta egitera deitu du Barakaldoko Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak. Balkoietan lapikokada egitera animatu ditu Barakaldoko bizilagunak, alarma egoera dela eta, ezin delako ohiko elkarretaratzerik egin.

Gainera, "neurriak hartzeko eta emakumeentzako benetako baliabideak eskura jartzeko" eskatu dio Argitan zentroak Barakaldoko Udalari.

-------------------------------------------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera:  900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Indarkeria matxista Bizkaia Barakaldo Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimak Gurutzetako ospitalea Matxismoa Feminismoa