Gizartea -

Zaldibarko luizia

Zaldibarko zabortegian bi langile desagertu zirenetik hiru hilabete bete dira gaur

Gertakari larriak krisi politikoa eta ingurumen arlokoa eragin zuen EAEn, hauteskunde kanpainaurrean. Hauteskundeak bertan behera geratu ziren, eta gaur egun krisia osasun arlokoa eta ekonomikoa da.

Zaldibarko zabortegia, desagertutako bi langileak bilatzeko lanetan. Argazkia: EFE
Zaldibarko zabortegia, desagertutako bi langileak bilatzeko lanetan.
Loreak Alberto eta Joaquinentzat, desagertu zirenetik hiru hilabete bete direnean

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteazken honetan, maiatzak 6, hiru hilabete betetzen dira Zaldibarko zabortegian (Bizkaia) luizia jazo zenetik. Alabaina, inguruan desagertuta dauden Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran bilatzen jarraitzen dute oraindik, koronabirusaren ondorioz lan-istripu larri hura foku mediatikoaren bigarren mailan geratu bada ere.

Otsailaren 6an, gertakariak krisi politikoa eta ingurumen arlokoa eragin zuen Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), hauteskunde kanpainaurrean. Hauteskundeak bertan behera geratu ziren, ordea, eta gaur egun krisia osasun arlokoa eta ekonomikoa da. Dena dela, zabortegiko bi langileak bilatzeko lanak ez dira amaitu.

Zehazki, zabortegiaren beheko aldea hustu ondoren, gaur egun lanak goialdean egiten ari dira, eta bi gorpuak bertan egon daitezkeela uste dute adituek. Ingurua garbitzeko eta egonkortzeko lanak dira, materiala bahetzen eta husten intentsitate handiagoz jarraitu ahal izateko.

Hauek dira luizia gertatu zenetik igarotako hiru hilabete hauetan hamar data garrantzitsuenak:

1/ Zaldibarko hondakindegia otsailaren 6an amildu zen. Verter Recycling enpresak kudeatutako zabortegia pribatua zen, eta, besteak beste, material industrialak, eraikuntzakoak zein siderurgiak sortutako hondakinak jasotzen zituen.

Oraindik ez dago argi zerk eragin zuen luizia, baina lehen egunetik jakin zen bi langile zeudela hondakinen azpian harrapatuta. Suhiltzaileek eta ertzainek egun horretan bertan ekin zieten erreskate lanei, txakurrak eta palak baliatuz, baina amiantoaren presentziak eten egin zuen bilaketa.

2/ Lehen asteburuan, otsailak 8-9, desagertutako langileen senideak minduta eta haserre agertu ziren, erreskate lanak hainbat aldiz eten zituztelako. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak eta zabortegia kudeatzeko ardura zuen enpresak informazio gutxi ematen zietela salatu zuten.

3/ Otsailaren 10ean, hauteskunde autonomikoak aurreratzeko erabakia hartu zuela jakinarazi zuen Iñigo Urkullu lehendakariak. Lehen astetik, eztabaida politiko handia eragin zuen krisi horren kudeaketak. Gaur egun, ordea, hauteskundeen data zehatza finkatu gabe dago, koronabirusaren agerraldiaren ondorioz aurreikusitako data atzeratzea erabaki baitzuten.

4/ Asteartean, otsailak 11, Durangoko Epaitegiak eginbideak abiatu zituen Verter Recycling enpresaren kontra, ingurugiro eta lan arloko ustezko delituak egotzita, baina oraindik ez da ikerketa amaitu.

5/ Otsailaren 12an, sei egun geroago, lehendakaria Zaldibarko zabortegira joan zen, desagertutako langileen senideekin biltzeko. Bi aldeek desadostasunak izan dituzte, eta Alberto eta Joaquinen familiek Eusko Jaurlaritzaren aurkako hainbat ohar kaleratu dituzte, kudeaketa salatzeko.

6/ Otsailaren 14an, ostiralarekin, beste ezusteko bat: dioxina eta furanoa atzeman zituzten airean, ezohiko maila altuan. Plastikoek erretzean eragiten dituzten substantziak dira biak. Prebentzio neurri gisa, aire librean ariketa fisikorik ez egiteko eta etxeak ez aireztatzeko gomendatu zieten Zaldibar, Ermua eta Eibar herrietako bizilagunei.

7/ Otsailaren 19an, Eusko Jaurlaritza hainbat autonomia erkidegorekin kontaktuan jarri zen, enpresek Zaldibarren uzten zituzten hondakinak lekuz aldatzeko aukera aztertzeko, Euskadiko zabortegien edukiera falta zela eta. Hala, publiko egin zen oraindik ere pil-pilean dagoen arazo bat, nahiz eta dagoeneko gutxi hitz egiten den horri buruz: nola kudeatu Zaldibarrek urtero jasotzen zituen milioi erdi tona hondakin baino gehiago. 

8/ Martxoaren 14an, alarma-egoera ezarri zuten, eta zabortegiko bilaketa lanak zertxobait moteldu ziren. 15 egun geroago, ordea, ohiko erritmoan jarraitzeko baimena lortu zuten.

9/ Apirilaren 5ean, Alberto Sololuceren autoa aurkitu zuten zabortegian.

10/ Apirilaren 8an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak peritu txosten bat eskatu zien hiru adituri, luiziaren arrazoiak zehaztu ahal izateko. Ondoren, Erresuma Batuko aholkularitza enpresa bati auditoria bat enkargatu zion, zabortegiari eman zitzaion baimenari buruz.

Zaldibar Argitu plataformak lore eskaintzak egiteko deia egin du asteazken honetan Bizkaiko udalerrian eta inguruko herrietan, zabortegian luizia izan zenetik hiru hilabete igaro direnean. Hori dela eta, egunean zehar, Zaldibar, Eibar, Ermua, Elgeta, Mallabia, Zalla eta Markina-Xemein udalerrietako herriko plazetan lore eskaintzak egiteko deia egin die herritarrei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Bizkaia Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea albisteak Eguneko albisteak Albisteak Desagertutako pertsonak Zaldibar Ingurumena Harri-jausiak Durangaldea gaur