Itxi

Politika

Zaldibarko luizia

Lehendakariak Zaldibarko zabortegia bisitatu du, eta langileen senideekin bildu da

Agentziak | Erredakzioa

Luiziaren ostean desagertutako bi langileen bilaketa lanak etenda daude oraindik.

0:09
Urkullu lehendakaria zabortegia utzi duen unean

Iñigo Urkullu lehendakariak AP-8 autobide gaineko Zaldibarko zabortegia bisitatu du gaur eguerdian eta desagertuta jarraitzen duten bi langileen familiekin bildu da, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

Lehendakaria Bizkaian dago gaur; goizean, Versia enpresa bisitatu du Barakaldon, eta 13:30ean ekitaldia du Zornotzako automobilgintza zentroan.

Bi ekitaldi horien artean, 12:00ak aldera, Zaldibarko zabortegira hurbildu da Estefania Beltran de Heredia, Segurtasuneko sailburua eta Iñaki Arriola Ingurumeneko Sailburuak izan ditu lagun, luiziaren ostean desagertutako bi langileen bilaketa lanek etenda jarraitzen baitute.

Zabortegian, lehendakariak erreskate taldeetako teknikariekin eta Verter Recycling SL enpresaren jabeekin hitz egin du. Ondoren, Zaldibarko udaletxera joan da, eta desagertutako bi langileen senideekin bildu da, Eusko Jaurlaritzako iturriek jakitera eman dutenez.

Oposizioak Urkullu kritikatu du iragan egunetan, tragediaren lekura ez joateagatik. Horren harira, joan den astelehenean Urkulluk azaldu zuen gertaeraren berri izan zuenetik etengabe informatuta egon dela, eta bere asmoa "antzezpena besterik ez den edozein presentzia-denbora (zabortegian) mugatzea" izan dela.

Zaldibarko Zabortegiaren koordinazio eta jarraipenerako mahai teknikoa egunero bilduko da Zaldibarko udaletxean, bihartik aurrera 9:30ean. 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Osasun, Segurtasun, Lana eta Justizia eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailetako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Zaldibarko Udaleko arduradunek osatuko dute mahai teknikoa.

Mahaia txandakakoa da, eta Ermuko eta Eibarko udaletxean bilduko da.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak Afvalzorg Herbeheretako enpresaren zerbitzuak kontratatu ditu, hondakin industrialen eta zabortegien kudeaketan espezializatua, Zaldibarko hondakindegi pribatua kolapsatu ondoren barreiatu diren hondakinak hustu eta tratatzeko orduan aholkuak eman diezazkien:

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena