Gizartea -

Koronabirusa

Birusak adin txikikoengan duen eragina oraindik ez dagoela argi ohartarazi du MOEk

Ikastetxeetan higiene-neurriak mantentzeko gaitasunari buruz hausnartzeko eskatu die Munduko Osasun Erakundeak (MOE) zentro horiek ireki nahi dituzten herrialdeei.

Irakasle bat, maskara jarrita, gela batean. Argazkia: EFE
Irakasle bat, maskara jarrita, gela batean.
Irakasle bat, maskara jarrita, gela batean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak adin txikikoengan duen eragina oraindik ez dagoela argi kontuan izateko eskatu die Tedros Adhanom Ghebreye Munduko Osasun Erakundeko (MOE) zuzendari nagusiak ikastetxeak irekitzeko asmoa duten herrialdeei.

Ildo horretatik, ikastetxe bat irekitzeko erabakia hartu aurretik, inguruan COVID-19 gaitzaren egoera aztertzeko eta zentro horietan higiene-neurriak mantentzeko gaitasunari buruz hausnartzeko eskatu die herrialde horietako agintariei.

Tedrosek prentsaurreko batean gogorarazi duenez, deseskalatze prozesuak hasi ahal izateko, eskualdeek baiezko erantzuna eman behar diete ondorengo galderei: izurritea kontrolpean al dago? osasun-sistemak agerraldi berri bati aurre egin ahalko dio neurriak arintzen direnean? zaintza-sistemak gai al dira kasu positiboak eta haien kontaktuak atzemateko eta artatzeko?

Espainian, deseskalatze prozesuaren 1 fasean sartu diren lurraldeetako ikastetxeak ireki ditzakete, betiere zentroa desinfektatzeko, egokitzeko eta administrazio-funtzioak betetzeko. Horretarako, langileak behar bezala babestuta izan behar dira, bi metroko segurtasun-tartea gorde behar dute eta paperezko dokumentuen erabilera ahalik eta gehien mugatu behar da.

Bestalde, Isabel Celaa Espainiako Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroak iragarri duenez, ikastetxeek ikasleen kopurua erdira murriztu beharko dute 2020-2021 ikasturtean, eta ikasgela bakoitzeko gehienez 15 ikasle onartu, aurretik koronabirusaren aurkako txertoa iristen ez bada. Kasu horretan, gainera, aurrez aurreko irakaskuntza eta irakaskuntza telematikoa uztartu beharko dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Erizaintza Gobernuz Kanpoko Erakundeak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea Munduko Osasun Erakundea