Gizartea -

Koronabirusa

Ikasle Sindikatuak greba mugagabea deitu du EAEko institutu guztietan

Besteak beste, ikasturtea berehala amaitzea, hirugarren ebaluazioko azterketa guztiak eta selektibitatea bertan behera uztea eta ikasle guztiek ikasturtean mailaz igotzea eskatzen du sindikatuak.

Ikasle bat etxean, ordenagailuarekin, lanean. Argazkia: EFE
Ikasle bat etxean, ordenagailuarekin, lanean.
Ikasle bat etxean, ordenagailuarekin, lanean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maiatzaren 18tik aurrera Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) institutuetan greba mugagabea deitu du Ikasle Sindikatuak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak klaseetara itzultzeko hartutako erabaki "arduragabea" salatzeko. Testuinguru horretan, EAJren "funtsezko irizpidea ez da osasuna, ezta hezkuntza ere, beren lagun enpresariek dirua irabazten jarraitzea baizik", esan du erabaki hori justifikatzeko.

Ildo horretatik, Ikasle Sindikatuak uko egin dio klaseetara itzultzeari eta hirugarren ebaluazioko azterketak aurrez aurre egiteari. Horretaz gain, selektibitatea bertan behera uzteko eskatu du. Horregatik, langile, ikasle eta gurasoen elkarteei dei egin diete "maiatzaren 18an ikasgeletara itzultzeari elkarrekin aurka egiteko, egun horretan greba mugagabearekin hasiz, ikasketa zentro guztiak itxita egon daitezen, eta Eusko Jaurlaritzari gure aldarrikapenak bete ditzala eskatzeko".

Ohar batean, "ikasturtea berehala amaitzea" eta "ikasketa-planak berrantolatzea" eskatu du, aurrez aurre ikasi ezin izan diren funtsezko edukiak hurrengo ikasturtean  berreskuratzeko, baita "ikasle guztiak ikasturtetik pasatzea" ere, ikastetxe guztietan "salbuespenik gabe" ikasturteko batez bestekoa lehenengo bi ebaluazioekin eginez.

Horrez gain, hirugarren ebaluazioko azterketa guztiak eta selektibitatea bertan behera uzteko eskatzen dute, "unibertsitatera sartzeko gutxieneko notak kentzea, ikasi nahi dugun karreran behar adina plaza bermatzea guztiontzat eta bigarren seihilekoko unibertsitateko matrikulak osorik itzultzea".

Ikasle Sindikatuaren iritziz, Eusko Jaurlaritzak "klaseak presaka hasi nahi izateko duen arrazoi nagusienetako bat da bere euskal patronaleko lagunek ez dutela minutu bat gehiago itxaron nahi ekoizpen guztia martxan jartzeko, gure gurasoak beren lanpostuetara bidaltzeko, eta, horrela, haien irabazi ekonomikoak bermatzeko".

Halaber, klasera itzultzeko aurreikusi dituzten neurriak ezin direla bete salatu dute, "hezkuntza publikoan pairatzen den hondamen egoeran".

"Nola bermatuko dituzte distantziak erabat masifikaturik dauden ikasgeletan, eskola publikoetako espazio txikietan eta instalazio prekarioetan? Bermatuko al dute ikastetxe guztien desinfekzioa eta guztiontzat testak eta maskarak? Nola antolatuko dute garraio publikoa erabat gainezka joaten diren autobusetan? Nola joango dira klasera beste erkidegoetan bizitzen dauden Lanbide Heziketako ikasleak?", galdetu du Ikasle Sindikatuak.

Hori dela eta, "murrizketen eta hezkuntza arloko erreformen planen aurka elkarrekin borrokatzeko" eskatu die irakasle, guraso eta ikasleei, eta nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak asko hitz egiten duela IKTei eta konpetentziei buruz, "baina ez dute inolaz ere materiak eta metodologia pedagogikoak berregituratzeko planik egin, ezta irakasle gehiago kontratatu ere".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Manifestazioak Sindikatuak Umeak Koronabirusa Alarma egoera Konfinamenduaren deseskalatzea