Gizartea -

Koronabuloak

COVID-19ari aurre egiteko dirulaguntza faltsuak eskainiz SMSak bidaltzen ari dira

Iruzurgileen helburua da mezuaren hartzailearen datu pertsonalak eta banketxeko datuak eskuratzea.

Kanpaina faltsuaren mezua. Argazkia: @VOSTeuskadi
Kanpaina faltsuaren mezua.
Kanpaina faltsuaren mezua. Argazkia: @VOSTeuskadi

EiTB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren pandemiarekin lotutako dirulaguntza faltsuak eskainiz SMSak bidaltzen ari direla ohartarazi du Incibe Espainiako Zibersegurtasun Institutu Nazionalak.

Sakelako telefonora bidalitako mezuan lotura bat bidaltzen dizute, 350-700 euro arteko laguntza jaso nahi baduzu bertan sartzeko eskatuz, baina webgune faltsu batera eramaten zaitu, zure datu pertsonalak eta banketxeko datuak eskuratzeko asmoz.

COVID-19aren harira sare sozialetan zabaltzen diren gezurretako informazioak antzemateko EiTBrekin elkarlanean ari den VOST Euskadi elkarteak iruzurra egiteko erabiltzen duten kanpainaren testua zabaldu du Twitter sarean duen kontuan.

Ustezko dirulaguntzak eskatzeko orrialdean sartuz gero, erakunde edo zerbitzu ofizial batena ez dela ikus daiteke, eta "Laguntza lortu" botoian sakatuta, erabiltzaileak hainbat datu pertsonal eman beharko ditu, kreditu txartelarenak besteak beste.

Halaber, orrialdearen helbideak ez du "https" webgunea dela erakusten, eta, beraz, ez dela segurua erakusten du.

Edonola ere, eta prozedurari sinesgarritasuna eman nahian, formularioa beteta, mezu bat agertzen da dirulaguntza datozen egun edo asteetan tramitatuko dutela eta jakinarazpena igorriko dizutela esanez.

Zer egin behar dut iruzurraren biktima banaiz?

Mezu hori jaso baduzu eta zure datu pertsonalak eman badituzu, Espainiako Zibersegurtasun Institutuak gomendatzen du ahalik eta azkarren zure banketxearekin harremanetan jartzeko eta gertatutakoa jakinarazteko.

#Koronabuloak ekimena martxoaren 16an abiatu zuen Euskal Irrati Telebistak, birusaren gainean zabaltzen ari diren zalantzazko informazioei aurre egitea helburu. COVID-19 gaitzarekin lotutako hainbat mezu, audio, bideo, argazki eta testu ari gara gezurtatzen, herritarren laguntzarekin.

Lan honetan, gure erabiltzaileak 600 900 454 zenbakira ari dira abisuak bidaltzen, alegia, ekimenaren WhatsApp-era. Halaber, Euskal Irrati Telebista Maldita.es atariarekin, VOST Euskadirekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin duen "La Mecánica del Caracol" dibulgazio-saioko komunitate zientifikoarekin ari da elkarlanean.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa gaur Twitterreko albisteak 2022 WhatsApp Delituak azken ordukoa Iruzurrak bideoak Telefonia mugikorra berriak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Albiste faltsuak Koronabirusa Zer egin daiteke Euskadin? Deseskalatzea Dirulaguntzak gaur