Gizartea -

KORONABIRUSA

Hiru hildako Hego Euskal Herrian COVID-19agatik, krisia hasi zenetik kopuru baxuena

Goizean, Espainiako Osasun Ministerioak esan du azken egunean ez dela hildakorik izan EAEn, baina geroago Nekane Murgak jakinarazi duenez, pertsona bat hil da koronabirusaren eraginez Euskadin.

Donostia, konfinamenduaren bederatzigarren astean. Argazkia: EFE
Donostia, konfinamenduaren bederatzigarren astean.
Donostia, konfinamenduaren bederatzigarren astean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, pertsona bat hil da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, orain arte, 1.455 pertsona hil dira. Halaber, PCR proben bidez 31 kasu positibo berri atzeman dituzte Euskadin, eta test azkarren bidez 29, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostiral honetan emandako datuen arabera (atzo bildutakoak).

Goizean, Espainiako Osasun Ministerioak esan du azken egunean ez dela hildakorik izan EAEn, baina Nekane Murgak eguerdian jakinarazi duenez, pertsona bat hil da koronabirusaren eraginez Euskadin.

Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 154.142 PCR proba eta 90.639 test azkar egin dira; horietatik 9.421, azken 24 orduetan (5.001 PCR proba eta 4.420 test azkar).

Gauzak horrela, PCR bidez atzo baieztatutako positibo berriak 31 izan ziren, 9 Araban, 17 Bizkaian eta 2 Gipuzkoan. Euskadin baieztatutako beste 3 kasu beste autonomia erkidego batzuetan bizi dira. Horrez gain, test azkarren bidez 29 positibo atzeman dira.

Orain arte 1.455 pertsona hil dira guztira, eta atzo beste bat hil zen. Gainera, atzo bi ospitaleratze berri izan ziren, PCR positiboarekin. 50 pertsonak zainketa intentsiboetako unitatean jarraitzen dute.

Nafarroan, berriz, bi pertsona hil dira azken orduotan koronabirusaren eraginez, 500 guztira, eta 191 kasu gehiago atzeman dituzte (11 PCR proben bidez eta 180 test azkarren bidez). Datu horiekin, orain arte baieztatutako kasuak 8.082 dira guztira (5.116 PCR proben bidez eta 2.966 test azkarren bidez).

Bestalde, ez dute gaixo berririk ospitaleratu behar izan Nafarroan; pandemia hasi zenetik, ordea, 2.045 paziente artatu dituzte. Horietatik, 136 gaixo zainketa intentsiboetako unitatean izan dira, Foru Gobernuak adierazi duenez, eta 150 azken orduotan sendatu dira.

Bestalde, azken orduetako hiru heriotzekin, 500 pertsona dira jada koronabirusaren eraginez hildakoak (kutsatuen % 6,19). Horietatik, % 68 (340 pertsona) ospitaleetan jazo dira, eta % 32 (160 pertsona) ospitaleetatik kanpo. Hildakoen adin-tartea 26 eta 107 urte bitartekoa da, eta batez besteko adina 83 da.

Gauzak horrela, 3.550 lagun sendatu dira pandemia hasi zenetik (zaurituen % 43,92).

Nafarroako Osasun Sistemako (publikoa eta pribatua) profesionalei dagokienez, 3 kasu berri diagnostikatu zituzten atzo, asteazkena. Orain arte, pandemia hasi zenetik 870 profesional kutsatu dira, 15.000 pertsonako kolektiboaren % 5,8, gutxi gorabehera.

Espainiako Osasun Ministerioak PCR bidez baieztatutako kasu berriak jakinarazten ditu bakarrik. Proba horren bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen ala gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, momentu horretan duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek hartutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat adieraz dezakete.

Deseskalatze prozesurako zaintza eta kontrol plana

Osakidetzak PCR proba egingo die COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak dituzten pertsona guztiei. Hala aurreikusten du Osasun Sailak pandemiaren deskonfinamenduaren faserako abian jarri duen zaintza- eta kontrol-planak; Nekane Murga sailburuak aurkeztu du gaur goizean, Ignacio Garitano epidemiologoarekin eta plana garatzen duen profesionalen taldeko koordinatzailearekin batera. 

Plan horren helburuak honako hauek dira: COVID-19aren kasuak goiz detektatzeko sistema bat ezartzea; kasuen eta haien hurbileneko kontaktuen jarraipena egitea, ikuspuntu klinikotik eta epidemiologikotik, eta pandemiaren bilakaera monitorizatzea. Hala egin nahi da, komunitatean eta gizarte- eta osasun-zentroetan eta erakunde itxietan transmisioa eta kasuen multzokatzeak murrizteko.

Behera egin du hildako pertsonen kopuruak Espainian, 138 egun bakarrean

Estatuan, koronabirusaren ondorioz hildako pertsonen kopuruak behera egin du nabarmen ostiral honetan, 138 pertsona hil baitira azken 24 orduetan. Gauzak horrela, dagoeneko 27.459 pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren ondorioz. Osasun Ministerioak gaur goizean emandako datuen arabera, herrialdean 230.183 kasu baieztatu dituzte PCR proben bitartez; alegia, 549 positibo gehiago zenbatu dira egun bakar batean.

Horrez gain, 144.783 gaixo sendatu dira jada, atzo baino 1.409 gehiago (143.374). Halaber, 29 pertsona zainketa intentsiboetako unitatean artatu dituzte azken orduetan (11.493), eta 346 ospitaleratu behar izan dituzte (124.571).

Autonomia erkidegoei dagokienez, Madrilen atzeman dituzte kasu gehien, PCR bidez baieztatutako 66.005 kasu positibo baitaude bertan (49 positibo gehiago azken orduetan). Katalunian, berriz, 55.464 positibo zenbatu dituzte (beste 151).

COVID-19ak 302.493 hildako baino gehiago utzi ditu dagoeneko nazioartean, eta 4.444.670 pertsona baino gehiago kutsatu dira, Johns Hopkins Unibertsitateak zabaldutako azken datuen arabera.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Osasunbidea