Gizartea -

KORONABIRUSA

3 hildako EAEn eta 2 Nafarroan azken orduetan COVID-19aren ondorioz

Datu horiek kontuan izanda, Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) 2 fasera igarotzeko prest dagoela nabarmendu du Nekane Murgak, eta lurraldean parametro guztiak betetzen direla gaineratu du.

Donostia, konfinamenduaren hamargarren astean. Argazkia: EFE
Donostia, konfinamenduaren hamargarren astean.
Hiru pertsona hil eta 9 kutsatu dira EAEn, azken 24 orduetan

1:45

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, 3 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, orain arte 1.483 hildako zenbatu dira. Horrez gain, 9 kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostegun honetan emandako datuen arabera (asteazkeneko 00:00ak arte bildutakoak).

Horrela, koronabirusak eragindako pandemiaren bilakaera beheranzko joera izaten ari dela erakusten dute datu horiek; izan ere, hildakoen kopurua 10etik beherakoa izan da. Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 6.862 detekzio-proba egin zituzten atzo: 4.418 PCR eta 2.444 test azkar.

Azken orduetan, 9 kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez (13.442 positibo guztira) eta 130 test azkarren bidez (5.704), Eusko Jaurlaritzaren arabera; beraz, 19.146 kasu baieztatu dira orain arte.

Probintzien arabera, Araban 2 pertsonak eman dute positibo PCR probetan azken 24 orduetan (2.990 guztira), eta Bizkaian 7 kasu atzeman dituzte. Bizkaia da orain arte PCR proben bidez positibo gehien detektatu dituen lurraldea (7.550 guztira).

Araban baieztatutako kasuei dagokienez, Gasteizen atzeman dituzte biak. Bizkaian, berriz, Zornotzan (1), Balmasedan (2) eta Bilbon (4) atzeman dituzte kasu berriak.

Gipuzkoan, ordea, ez dute kasu berririk atzeman azken orduetan. Zehazki, Gipuzkoan zenbatu dira orain arte lurraldeko daturik baxuenak (2.313 guztira). Horrez gain, EAEn beste 589 kasu positibo atzeman direla jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, baina horietako bat ere ez azken 24 orduetan.

Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 174.935 PCR proba eta 102.230 test azkar egin zaizkie 152.760 pertsonari (paziente askori behin baino gehiagotan egin zaizkie probak).

PCR proben bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen edo gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, egun duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek hartutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, azken 24 orduetan 277 pertsona sendatu dira (16.965 guztira). Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik beherakoa da (0,69). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek.

Osasun Sailaren esanetan, gainera, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruak behera egin du, 3 gaixo gutxiago baitituzte. Horrela, gaur egun 38 pertsona daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan COVID-19arekin lotuta.

Orain arte, guztira 1.483 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn (gaixotu diren guztien % 7,7). Gainera, 698 gaixo daude oraindik (% 3,7).

Azken orduetan, 8 pertsona ospitaleratu dituzte COVID-19agatik, baina Osasun Sailak ez du jakinarazi gaur egun guztira zenbat dauden ospitaleratuta.

136.000 proba baino gehiago kolektibo espezifikoetan

Osasun Sailak eta Osakidetzak COVID-19a atzemateko 136.000 proba baino gehiago egin dituzte kolektibo espezifikoetan. Proba gehienak osasun arloan eta soziosanitarioan egin dituzte, baina Ertzaintzan, suhiltzaileen kolektiboan eta udaltzaingoetan ere egin dituzte, baita arrantzaleei eta presoei ere.

Horixe eman du jakitera Nekane Murga Osasun sailburuak gaixotasunaren bilakaeraren berri emateko goizean egindako agerraldian, eta adierazi du programa horiek beste kolektibo profesional batzuetara ere zabalduko direla pixkanaka.

Koronabirusa atzemateko orduan, proba horietan osasun arloko profesionalek egunero egiten duten "ahalegin handia" nabarmendu du sailburuak, eta adierazi du orain deskonfinamendu-faserako abian jarritako lehen mailako arretako zaintza- eta kontrol-planaren esparruan arituko direla, bai eta baheketa-programen bidez edo kolektibo espezifikoei probak eginez ere.

Horrez gain, gaurko datuak kontuan izanda, Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) 2 fasera igarotzeko prest dagoela nabarmendu du Murgak, eta lurraldean parametro guztiak betetzen direla gaineratu du.

Azken orduetako heriotzen kopurua jaitsi egin da Espainian

Koronabirusaren ondorioz egunero hiltzen direnen kopuruak inoizko beherakadarik handiena izan du ostegun honetan, 48 pertsona hil baitira, eta Kataluniako datuak falta badira ere, ehunetik behera dagoen bosgarren eguna da jarraian; kutsatutakoen kopuruak ere behera egin du, 344ra, eta 233.037 dira guztira.

Madrilek 188 kasu berri jakinarazi ditu, horietatik 82 diagnostiko berriak dira, eta 19 hildako zenbatu ditu, atzo baino bat gehiago; ondoren, Gaztela-Mantxak 50 positibo eta 6 heriotza izan ditu, eta Kataluniak ezin izan ditu datuak eguneratu, "baliozkotze arazoengatik", Osasun Ministerioak zehaztu duenez.

Hala ere, hori egiten duenean, "berrogeita hamar bat heriotza berri izango genituzke", eta kutsatzeak 400eko tartean mugituko lirateke, Fernando Simon Alertak eta Larrialdi Sanitarioak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak eguneroko prentsaurrekoan adierazi duenez.

Guztira, 27.940 pertsona hil dira Espainian pandemia hasi zenetik. Osasun Sailak datuak jakinarazteko sistema berri bat ezarri du astelehenaz geroztik, eta ohartarazi du erkidegoak hildakoen, ospitaleratuen eta zainketa intentsiboetako unitateen ospitaleratutako pazienteen inguruko informazioa "garbitzen" ari direla, eta, beraz, kasu guztiek "aldaketak" izan ditzaketela "egun batetik bestera".

Simonen arabera, kasu berri gehienak sektore profesional batzuetan egiten ari diren baheketa masiboetatik datoz, osasun sektorean eta zaharren egoitzetako langileen kasuan, esaterako.

"Eboluzioa oso ona da", azpimarratu du epidemiologoak, eta "zalantzak sortzen dizkiguten foku txikiak detektatzen ari dira, baina, zorionez, oso modu onean konpontzen ari dira", gaineratu du.

Madril da epidemiaren zifra guztien buruan dagoen erkidegoa, 67.049 kasu eta 8.931 hildako eragin baititu; atzora arte, Kataluniak 55.888 positibo eta 6.021 hildako izan ditu.

EAE bosgarren erkidegoa da kutsatutakoen kopuruari dagokionez: 13.421.

Bestalde, Simonek esan du ez berak ez beste inork ezin duela bermatu "arriskua zero" izango dela, baldin eta uztailean atzerriko turismoa Espainian sartzen uzten bada.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa