Itxi

2020/05/21

18:37

Gizartea

Koronabirusa

Paseatzeko eta kirola egiteko ordu-tarteak 2 fasean desagertuko dira

Agentziak | Erredakzioa

COVID-19aren aurrean bereziki zaurgarriak diren pertsonentzat, aldiz, jarraituko dute; autonomia-erkidegoek edo Udalek zehaztuko dituzte.

1:54
Ordu-tarteak 2 fasean desagertuko dira
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Umeen eta helduen paseoak eta kirola kalean egiten duten gazteen eta helduen irteerak arautzeko egun ezarrita dauden ordu-tarteak deseskalatzearen 2 fasean desagertuko dira, Espainiako Gobernuko Osasun ministro Salvador Illak ostegun aurreratu duenez. Hori bai, COVID-19aren aurrean bereziki zaurgarriak diren pertsonentzat jarraituko dute, baina autonomia-erkidegoek edo Udalek zehaztu beharko dituzte, Fernando Simon Osasun Alerten eta Larrialdien Koordinazio Zentroko zuzendariak argitu duenez.

Diputatuen Kongresuko Batzordearen aurrean astero egiten duen agerraldian, Illak arrazoia eman dio EAJri; izan ere, alderdi horrek, astelehenetik aurrera Euskadi 2 fasera pasatzeko bere eskarian, ordu-tarteak kentzea eskatu du. "Arrazoia duzue", erantzun dio Espainiako Osasun ministroak Joseba Agirretxea EAJko diputatuari.

Egun, Hierro, Gomera eta Graciosa uharteak (Kanariak) eta Formentera uhartea (Balearrak) soilik daude 2 fasean. Kanariak, Balearrak, Galizia, Asturias, Kantabria, Nafarroa, Euskadi, Errioxa, Aragoi, Extremadura, Andaluzia, Murtzia, Ceuta, Melilla, Kataluniako zati bat, Cuenca eta Guadalajara Gaztela-Mantxako probintziak eta Gaztela eta Leongo landa-gune jakin batzuk 2 fase horretan egon litezke astelehenetik aurrera, horretarako eskaria egin baitute.

Aurreko larunbatean, Estatuko Aldizkari Ofizialak agindu jakin bat argitaratu zuen. Horren bidez, 70 urtera arteko herritarren aire zabaleko jarduera fisikoa malgutzen zen, salbuespen bakar batekin: 10:00etatik 12:00etarako eta 19:00etatik 20:00etarako ordu-tarteak 70 urtetik gorako pertsonentzat eta zaurgarrienak diren herritarrentzat daudela gordeta.

Autonomia-erkidegoek eta Udalek bi orduz aurreratu edo atzeratu ahal izango dituzte tarte horiek, herritarrek tenperatura altuak saihestu ahal izan ditzaten.

Nolanahi ere, Simonek aurreratu duenez, beste ministerio-agindu batean ari dira lanean, guztien eskariak jasotzea eta lurraldeen arteko adostasunik handiena lortzea helburu.

Illak, halaber, adierazi du aztertzen ari direla tabernetako, jatetxeetako eta dendetako edukiera-murriztapenak hasieran aurreikusi baino gehiago malgutzea. Asmoa zen gehienezko edukiera % 40koa izatea, baina Osasun ministroak konpromisoa hartu du pentsatzeko % 50era arte zabaltzea, EAJk eskatu duenez: "Marjina egon behar da", ohartarazi du Illak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;