Gizartea -

Koronabirusa

Hego Euskal Herriko hainbat udalerri, ordutegiak errespetatzetik salbuetsita

Osasun Ministerioak bertan behera utzi ditu kalera irteteko tarteak 10.001 biztanletik beherako udalerrietan eta kilometro koadroko 100 biztanletik behera dutenetan: Baztan, Corella eta Azkoien.

Kirola egiteko eta umeak ateratzeko ordutegiak desagertu egingo dira. Argazkia: EFE.
Pertsona bat kirola egiten
Kirola egiteko eta umeak ateratzeko ordutegiak desagertu egingo dira. Argazkia: EFE.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Osasun Ministerioak gaur, maiatzak 22, Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu duenez, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko neurrien deseskalatze prozesuko 0 eta 1 fasean ezarritako ordutegiak bertan behera gelditu dira gaurdanik 10.001 biztanletik beherako udalerrietan eta kilometro karratuko 100 biztanleko dentsitatetik behera dutenetan.

Hala, Hegoaldean, udalerri hauek batu zaizkio 5.000 biztanletik beherako herrien zerrendari, zeinetan dagoeneko aplikatzen baitzen gaur argitaratutako araua: Baztan, Corella eta Azkoien.

Neurriak “eguneroko bizimodua eta jarduera ekonomikoa berreskuratzen laguntzea” du helburu.

Arauaren arabera, “egoera epidemiologikoak hobera egin duenez”, Ministerioak ezarritako muga batzuk malgutzea erabaki du, eta, hartara, 0 eta 1 fasean dauden lurraldeetako udalerri batzuek 2 faserako aurreikusita dauden neurri batzuk aplikatu ahalko dituzte.

Udalerri horietan ez dira aplikatuko, hartara, ez umeak kalera irteteko eta jarduera fisikoa kalean egiteko ordutegiak, ezta heldu bakoitzak gehienez hiru ume eramateko muga ere, eta etxe berean bizi diren guztiak irten ahalko dira batera. Jarduera guztiak udalerrian bertan egin ahalko dira edo, bestela, bost kilometroko gehiengo distantzian, ondoko udalerriak barne, arau honek ezarritakoari egokitzen bazaizkio betiere.

Udalek aire libreko azokak ere baimendu ditzakete, saltokien arteko tartea eta azokaren hedadura mugatuta, segurtasuna eta bezero, langile eta oinezkoen arteko tartea bermatzeko.

Gainera, ostalaritza eta sukaldaritza lokalak ireki ahalko dira, lokalean bertan kontsumitzeko, dantzalekuak eta gaueko aisialdiko tabernak izan ezik, baita terrazak ere, dagozkion segurtasun neurriak hartuta.

Eusko Jaurlaritzak Ministerioari eskatu dio gaur argitaratutako irizpideak argitzeko

Segurtasun Sailak Gobernu zentralari eskatu dio ostiral honetan Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako deseskalatzerako irizpidea argitu dezala, "zalantzak sortzen ari direlako Ertzaintzaren eta udaltzaingoen interpretazioari eta aplikazioari buruz".

Agindu horretan, malgutu egin dira 5.000 eta 10.000 biztanle arteko udalerrietako ordu-tarteak; izan ere, ostiral honetatik aurrera, kendu egin dira haurrentzako eta jarduera fisiko ez-profesionala aire zabalean egiteko murrizketak. Hala ere, baldintza gehigarri bat ezartzen du: kilometro karratuko 100 biztanle baino gutxiago izatea.

Azken baldintza horrek esan nahi du udalerri batzuek "atzera egin behar dutela orain arte emandako deseskalatzerako urratsetan", Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, "Espainiako Gobernuak alderdi horiek argitu arte, Ertzaintzaren jardunak orain arte indarrean egon diren irizpideei jarraituko die".

Euskadin 28 udalerri daude populazio-maila horretan, baina guztiek dute 100 biztanletik gorako populazio-dentsitatea kilometro koadroko, eta, beraz, ezingo dira ordutegi-tarteak malgutu.

Dena dela, egoera hori asteburu honetan bakarrik mantenduko da; izan ere, Euskadi deseskalatzearen bigarren fasera igaroko da, eta astelehenetik aurrera ez dira ordu-tarterik egongo hainbat jarduera egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa olatu berria Zer egin daiteke Euskadin? Deseskalatzea gaur