Gizartea -

KORONABIRUSA

4 hildako EAEn eta 2 Nafarroan azken orduetan COVID-19aren ondorioz

Positiboei dagokienez, Araban 4 atzeman dituzte, Bizkaian 8, eta Euskaditik kanpo bizi den pertsona batek ere eman du positibo.

Bilbo, konfinamenduaren hamargarren astean. Argazkia: EFE
Bilbo, konfinamenduaren hamargarren astean.
Bilbo, konfinamenduaren hamargarren astean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, 4 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, orain arte 1.487 hildako zenbatu dira. Horrez gain, 13 kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostiral honetan emandako datuen arabera (osteguneko 24:00ak arte bildutakoak).

Horrela, datuek zertxobait okerrera egin dute ostegunean zabaldutakoekin alderatuta, baina koronabirusak eragindako pandemiaren bilakaera beheranzko joera izaten ari dela erakusten dute; izan ere, hildakoen kopurua 10etik beherakoa izan da. Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 4.780 detekzio-proba egin zituzten atzo: 3.172 PCR eta 1.608 test azkar.

Azken orduetan, 13 kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez (13.454 positibo guztira) eta 104 test azkarren bidez (5.800), Eusko Jaurlaritzaren arabera; beraz, 19.254 kasu baieztatu dira orain arte.

Datuak lurraldez lurralde ikusita, Araban 4 pertsonak eman dute positibo PCR probetan azken 24 orduetan (2.994 guztira), eta Bizkaian 8 kasu atzeman dituzte. Bizkaia da orain arte PCR proben bidez positibo gehien detektatu dituen lurraldea (7.558 guztira).

Araban baieztatutako kasuei dagokienez, Laudion (2), Agurainen (1) eta Gasteizen (1) atzeman dituzte kasu berriak. Bizkaian, berriz, Barakaldon (1), Bilbon (4), Getxon (2) eta Sestaon (1) bizi dira azken 24 orduetan PCR bidez egindako probetan positibo eman duten pertsonak.

Gipuzkoan, ordea, ez dute kasu berririk atzeman, bigarren egunez jarraian. Zehazki, Gipuzkoan zenbatu dira orain arte lurraldeko daturik baxuenak (2.313 guztira). Horrez gain, EAEn beste 589 kasu positibo atzeman direla jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak; izan ere, Euskaditik kanpo bizi den pertsona batek ere positibo eman du.

Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 178.107 PCR proba eta 103.838 test azkar egin zaizkie 155.680 pertsonari (paziente askori behin baino gehiagotan egin zaizkie probak).

PCR proben bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen edo gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, oraindik duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek hartutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, azken 24 orduetan 233 pertsona sendatu dira (17.098 guztira). Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik beherakoa da (0,59). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek.

Osasun Sailaren esanetan, gainera, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruak behera egin du, 2 gaixo gutxiago baitituzte. Horrela, gaur egun 36 pertsona daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan COVID-19arekin lotuta.

Orain arte, guztira 1.487 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn (gaixotu diren guztien % 7,7). Gainera, 669 gaixo daude oraindik (% 3,5).

Azken orduetan, 3 pertsona ospitaleratu dituzte COVID-19agatik, baina Osasun Sailak ez du jakinarazi gaur egun guztira zenbat dauden ospitaleratuta.

Positiboak Nafarroan 5.200 dira eta hildakoak 508

Azken orduetan COVID-19aren ondorioz bost positibo berri zenbatu dituzte PCR probekin Nafarroan, guztira 5.200, eta hildakoen kopurua 508 da, aurreko egunean baino bi gehiago, Santos Indurain Osasun sailburuak emandako datuen arabera.

Indurainek horren inguruan hitz egin du prentsaurrekoan, eta, Maria Chivite presidentearekin batera, Nafarroa bigarren fasera pasatzea baloratu du.

Foru Gobernuak emandako datuen arabera, gainera, azken 24 orduetan ez da ospitaleratzerik izan, eta, aitzitik, hiru pertsonari alta eman diete, eta bi zainketa intentsiboetako unitateetatik gela arruntetara igaro dira; beraz, gaur egun 83 daude ospitaleratuta, 68 gela arruntetan, 12 zainketa intentsiboetako unitateetan eta 3 haien etxeetan.

Osasun arloari dagokionez, 73 pertsona daude kutsatuta, atzo baino 6 gutxiago.

Espainiako Osasun Ministerioak epidemiaren "datu itxaropentsu finkatuak" kontuan hartu ditu fasez aldatzeko baimena ematerako orduan, sailburuak aitortu duenez, eta azken asteetako zifrek "fase berri honetarako urratsak ematea eta aurrera egitea ahalbidetu dute".

Hala ere, zaintza ezin dela jaitsi azpimarratu du, "oso adi egon behar da", baina jarduera sozial eta ekonomikoa berriro irekitzeak "ez du esan nahi kutsadurek gora egin dutenik", nahiz eta ingurune soziosanitarioan "fokuren bat" egon den, eta "erabat proaktibo" daude, "hautematen dute, egoiliar eta profesional guztien alerta goiztiarrarekin".

"Aste batzuk daramatzagu PCR murriztuekin, gaur bost berri ditugu eta aste honetako batez bestekoa hamar bat izan da, kutsatzeak 5.200 izan dira", esan du, eta aste honetan "hiru egun egon dira heriotzarik gabe eta eguneko batez bestekoa ez da batera iristen, eta guztira 508 ditugu", gaineratu du.

"Osasun sistema agerraldi berri bati aurre egiteko prest dago, baina, batez ere, hori ez gertatzeko lanean ari da, eta horregatik kasu berriak detektatzeko eta kasu estuen jarraipena egiten ari dira", esan du.

Hala ere, "arduraz eta zentzuz" jokatu behar dela azpimarratu du, eta, ildo horretan, "bi metroko distantzia" mantentzearen garrantzia azpimarratzen duen kanpaina bat martxan jarriko dutela iragarri du.

Bestalde, osasun-zentroak eta ospitaleak ohiko jardueretara itzultzen ari direla esan du, "betiere ikasitakoa kontuan hartuta".

Espainian 56 lagun hil dira azken orduetan

Espainian koronabirusaren ondorioz hildakoen kopurua ehunetik beherakoa da seigarren egunez jarraian, ostiral honetan 56 heriotza berri zenbatu baitituzte, 28.628 guztira, baina Kataluniako datuak "berrikusten" ari dira, 446 kutsatu berrietatik 150 jakinarazi baitituzte.

Erkidego horrek atzo ez zituen bere zifrak eman, balidazio arazoengatik, eta "aurreko egunetan baieztatutako kasu gehiago jakinarazi ditu". Horrez gain, hiru heriotza ere jakinarazi ditu, baina gaur Osasun Ministerioak kontuan hartu ditu, eta "aurreko egunetan hildako gehiago" izan direla ere jakinarazi du, heriotza data "esleitu gabe" dagoelako.

Izan ere, atzoko datuak balioztatu ostean, Kataluniak guztira 6.656 hildako zenbatu ditu, hau da, ostegun honetako balantzean agertzen zirenak baino 635 gehiago.

"Bere datuek inkongruentzia batzuk dituzte", azaldu du Fernando Simon Larrialdietarako eta Osasun Alertetarako Zentroko zuzendariak, eta datozen egunetan arazo horiek konpontzea espero du. "Zer gertatu den ulertzen saiatzen ari gara", azpimarratu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa