Gizartea -

KORONABIRUSA

7 hildako EAEn eta bakarra Nafarroan COVID-19agatik azken 24 orduetan

Gainera, beste 13 positibo gehiago atzeman dira EAEn, eta beste bost Foru Erkidegoan. Estatu osoan 48 lagun hil dira azken 24 orduetan.

Nekane Murga gaur. Argazkia: EFE
Nekane Murga gaur.
7 hildako eta PCR bidezko 13 positibo berri EAEn, azken 24 orduetan

1:17

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, 7 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, orain arte 1.494 pertsona hil dira guztira. Horrez gain, 13 kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak larunbat honetan emandako datuen arabera (ostiraleko 24:00ak arte bildutakoak).

Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 5.783 detekzio-proba egin zituzten atzo: 3.731 PCR (une honetan birusa aktibo duzun adierazten du) eta 2.052 test azkar (igarotako infekzioa adierazten du).

Azken orduetan, 13 kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez eta 118 test azkarren bidez. Guztira, 19.374 pertsonari atzeman diote birusa pandemia hasi zenetik.

Datuak lurraldez lurralde ikusita, Araban 4 pertsonak eman dute positibo PCR probetan azken 24 orduetan (2.998 guztira), Bizkaian 9 kasu atzeman dituzte (7.567 guztira) eta Gipuzkoan 0 (2.313 guztira).

Arabako positibo berriak: 2 Gasteizen, 1 Laudion eta 1 Aramaion. Bizkaian: 3 Bilbon, 2 Barakaldon, 1 Amorebieta-Etxanon, 1 Basaurin, 1 Santurtzin, 1 Sestaon.

Pandemia hasi zenetik, gainera, EAEn bizi ez diren pertsonengan 589 kasu positibo atzeman dira bertan (0 azken orduetan).

Atzemandako 19 374 kasuetatik % 89,3 sendatu egin dira edo alta eman diete (17 303), % 3,0k gaixo jarraitzen du eta % 7,7a (1.494) hil egin da.

COVID-19aren pandemiaren bilakaeraren berri emateko Bilbon egindako prentsaurrekoan, Nekane Murga Osasun sailburuak "erantzukizunari" eusteko eskatu die herritarrei, joera "positiboa" izaten jarraitu dezan.

"Aldaketak ditugu egunez egun, baina garrantzitsuena joera da, eta positiboa izaten jarraitzen du, kasu berriak pixkanaka behera egiten ari baitira" adierazi du Murgak. Hala ere "hau ez dela amaitu" ohartarazi du eta urruntze sozialari eutsi behar zaiola gogoratu du, baita higiene neurriei ere.

Gaur egun 269 pertsona daude plantan ospitaleratuta eta 33 ZIUn.

EAEko RO indizea 0,67koa da.

Nafarroan, berriz, hildako bakarra izan da koronabirusagatik azken 24 orduetan. Pandemia hasi zenetik, 509 lagun hil dira. Kutsatuei dagokienez, bost kasu gehiago atzeman dira, guztira, 5.205 dira dagoeneko, Nafarroako Foru Gobernuak jakitera eman duenez. Gainera, 107 pertsonak positibo eman dute test azkarretan.

Azken 24 orduetan 3 pertsona gutxiago daude ospitaleratuta, eta ZIUn ez da gaixo berririk izan. Egun, 80k jarraitzen dute ospitaleratuta, horietatik 12 ZIUn eta 4, berriz, euren etxeetan.  

Bestalde, 71 osasun langile kusatu dira koronabirusarekin, atzo baino 2 gehiago.

Espainiar Estatuan

Espainiar Estatuan, guztira, 48 hildako izan dira azken 24 orduetan, ostegunean izandako kopuru bera, Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. Pandemian hildako kopuru osoa 28.676koa da. Kutsatuei dagokienez, 361 kasu gehiago atzeman dituzte PCR proben bidez, eta 235.000 baino gehiago dira dagoeneko.

Hildako kopuru handiena Madrilen jazo da (12), Andaluzian (12) eta Katalunian (7), iturri berdinak zehaztu duenez.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa