Gizartea -
Lanbide
Lanbideren bulegoek gaur ekin diote berriro arreta presentzialari
Bertaratzen diren erabiltzaileek maskara eraman beharko dute nahitaez, eta artatu aurretik eskuak garbitu beharko dituzte.
eitb.eus
Gaur, astelehena, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoek berriro ekin diote aurrez aurreko arreta zerbitzuari. Horretarako, Lanbideko erabiltzaile eta langileen osasuna babesten duten neurriak sustatu dira.
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak Salburuan (Gasteiz) dagoen bulegoa bisitatu dute gaur goizean. Bertan, osasun-segurtasuneko neurri guztiak ezarri dira dagoeneko, eta neurri horiek Lanbideren 42 bulegoen sarera zabalduko dira: metakrilatozko manparak, distantziak gordetzeko markak eta edukiera mugatua adierazteko kartelak, bai eta gel higienizatzaileak eta/edo paperezko zapi garbitzaileak ere, besteak beste. Modu berean, ohiko garbiketa sendotuko da.
Artolazabal sailburuak azaldu duenez, "berriro irekitzeko, osasun-segurtasuneko gomendio eta irizpideak beteko dira, eta pertsona guztiak babestuko dira". Hori dela eta, bulegoetan pilaketarik ez egoteko, aurretiko hitzordu sistema sustatuko da. Aldi berean, komunikazio telematikoa sustatzen eta bultzatzen jarraituko da, etxetik egin daitezkeen izapide guztiei bide emateko. "Helburua da bulegoetan ahalik eta jende-kopuru txikiena batzea eta geletan itxaroteko denborak murriztea", adierazi du.
Nahi dutenek aurretiko hitzordua eskatu ahalko dute, Lanbideren webgunearen bidez (www.lanbide.euskadi.eus) edo erakundeak herritarrak artatzeko dituen telefonoen bidez: 945 160 600 edota 630 305 452. Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren hitzetan, "Lanbidek aurretiko hitzorduen egutegia diseinatu du, eta, horretarako, denborak banatu ditu esku-hartze bakoitzerako, bulegoetako itxarongelan tamainaren arabera edukiera mugatu bakoitzak onartzen duen pertsona-kopurua baino handiagoa ez batzeko".
Gainera, sailburuak nabarmendu du Qmatic Mobile sistema ezarri dela hitzordura iritsi izana egiaztatzeko itxarongelan dagoen pantaila ukitu gabe. Hitzordua eskatutakoan, QR kodea bidaltzen zaio erabiltzaileari. Itxarongelako pantailak QR kodearen irakurgailua duenez, erabiltzailea bulegora iritsitakoan, mugikorreko kodea irakurgailura hurbiltzean txartel birtuala sortuko da, eta horretarako ez da ezer ukitu beharko. "Sistema horrek hitzordua aktibatuko du, itxarongelako pantailan agertuko da, eta mahaiaren deia ere mugikorrera bidaliko da; horrela, jendeak bulegotik kanpo itxaron ahalko du bere txanda, beharrezkoa bada".
Babes-neurri kolektiboak direla eta, bulegoetara doazen erabiltzaileek maskara eraman beharko dute, ezinbestean; bakarrik joatea lehenetsiko da, posible denean; arreta jaso aurretik eskuak paperezko zapiz edo gel higienizatzailez garbitzeko eskainiko zaie, eta dokumentazio guztia aldean eramatea gomendatuko zaie, bereziki NANa eta/edo pasaportea. Era berean, beren datuak jaso dituzten inprimakiak aurkeztu behar badituzte, inprimaki horiek Lanbideren webgunetik deskargatzeko eskatuko zaie eta beteta eraman ditzatela, ahal den neurrian, erabiltzaile bakoitzari arreta emateko denborak arintzeko.
Komunikazio telematikoa sendotzea
Lanbide arreta presentzialera bueltatuko da, baina, halaber, komunikazio telematikoa sustatzen eta bultzatzen jarraituko dute eta, horretarako, bere web-kanalean eta harremanetarako telefonoetan bulego batera joateko beharrik gabe egin daitezkeen izapide guztiak jarriko ditu: Lanbiden izena ematea, NireLanbidenet-era sartzeko pasahitzak eskatzea, LEABD (enplegua eskatzeko txartela) dokumentua eskatzea, berriztatze-dataren informazioa eskatzea, ziurtagiriak bidaltzea (izen-ematearena, izen-ematearen aldiena, urteko kobrantzena, espedientearen egungo egoerarena), prestakuntza-ikastaro bateko aurretiko izen-ematea edo enplegu-eskaintzetako izen-ematea.
Aurrerapauso hori, nolanahi ere, Lanbiderentzat menderaezinak diren bi irizpideri eutsiz ematen da: batetik, hala behar duten pertsona guztiek Lanbideren arreta jasotzen jarraituko dutela bermatzea eta, bestetik, sarbide unibertsala ziurtatzea, baita baliabide telematikoetarako sarbidea ere. Horretarako, Lanbidek akordioa du KZ Gunearekin, eta, horren bidez, pertsona batzuek oztopo izan dezaketen eten digitala gainditu ahalko da. Akordio horri esker, hala behar duten pertsona guztiek mekanismo ez-presentzial horietara jo ahalko dute KZ Guneko bulegoen bidez.