Gizartea -

KORONABIRUSA

Langile guztien "segurtasuna" bermatzea eskatu diete sindikatuek Osakidetzari

Sindikatuen arabera, protokolo aldaketak etengabeak izan dira Osakidetzako ospitaletan, eta COVID-19ak agerian utzi ditu osasun sistemaren hutsuneak.

Osasun-langileak, Gurutzetako Ospitalaren atarian, protestan. Argazkia: EFE.
Osasun-langileak, Gurutzetako Ospitalaren atarian, protestan. Argazkia: EFE.
Osasun-langileak, Gurutzetako Ospitalaren atarian, protestan. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasun-langileek protesta-bilkura egin dute, gaur eguerdian, Gurutzetako Ospitalearen atarian COVID-19ak "agerian utzi dituen gabeziak" salatzeko eta Osakidetzari ardurak eskatzeko. Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIko zentroetan ordezkaritza duten sindikatu guztiek (Satse, ESK, ELA, UGT, SME, CCOO, LAB, SAE, UTESE) deituta egin dute elkarretaratzea, 'Eta orain zer?' lelopean.

Sindikatuon aburuz, koronabirusak hankaz gora jarri du osasun-sistema osoa nazioartean, eta EAEren kasuan, "urte batzuk lehenagotik jasaten ari garen murrizketen" ondorioak pairatu ditugu. "Berandu eta gaizki" jokatu dela eta protokolo-aldaketa etengabeak egin direla adierazi dute langileek, eta horrek "kaos eta estres sentsazioa sortu duela" adierazi dute.

Zabaldutako oharrean, protesta deitu duten zentralek esan dute "Osakidetzaren kudeaketa-eredua agortuta" dagoela eta "ez gaudela prest osasun-larrialdietarako". "Premiazkoa da eredu berri bat garatzea, negoziazioan oinarritua, koordinatuta, bizkor eta eraginkortasunez jardun ahal izateko, eta orain arte egindako akatsak ezabatzeko edo minimizatzeko; pazienteei nahiz langileei begira etengabeko hobekuntza lortzeko helburua duen osasun-sistema bultza dezagun", zehaztu dute.

Halaber, erabaki guztietan langileak eta sindikatuetako ordezkariak "alde batera" utzi dituztela gaineratu dute, "alde-bakarreko erabakiak" hartuz: "sindikatuei informazioa zorroztasun gutxirekin bidali digute, espediente-betetzeko soilik".

Hori dela eta, "egindako akatsak ez errepikatzea", "osasun-profesionalak errespetatzea eta aitortzea", eta "osasungintza publikoa garatzea eta indartzea" exijitu dute sindikatuek.

Udazkenean gerta daitekeen gorakadaren aurrean, berriz, langile guztiei "segurtasun-baldintzak" bermatzea ezinbestekotzat jo dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Barakaldo Eusko Jaurlaritza ELA LAB Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea CCOO UGT Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa ESK