Gizartea -

Koronabirusa

Sanferminetan jendetza biltzen duten ekitaldiak saihestu nahi ditu Iruñeko Udalak

"Jarrera gizagabe eta insolidarioak" salatzen dituen adierazpena onartu du Udalak, "osasun arauak errespetatu gabe jaiak eta botiloiak" antolatzen dituztenen kontra.

Jendetza bilduta Iruñean, 2019ko Sanferminetan. Argazkia: EFE
Jendetza bilduta Iruñean, 2019ko Sanferminetan.
Jendetza bilduta Iruñean, 2019ko Sanferminetan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

San Fermin jaietan Iruñean jendetza pilatzea eragiten duten jarduerak antolatzearen aurka agertu da gaur, asteartea, Iruñeko Udala, eta asteburuan hirian izandako jende pilaketa ere gaitzetsi du.

Navarra Sumak, sanferminetan biltzen den jendetzaren inguruko adierazpen instituzionala aurkeztu du Iruñeko Udalbatzan, baina hasieran aurkeztutako testuari EH Bilduk proposatutako beste puntu bat gehitu diote, asteburuan hirian izandako jende pilaketen aurka. Gauzak horrela, EH Bilduk mozio horren alde bozkatu du.

Adierazpen horren bidez, sanferminetan jendea pilatzea dakarten jarduerak eta ekimenak sustatzea edo babestea baztertzen du Udalak, jende pilaketek koronabirusaren agerraldi berria ekar dezaketelako.

Testuinguru horretan, osasun arloko agintariek orain arte emandako "gomendioak betez" hartutako konpromiso pertsonalarekin jarraitzeko eskatu die Udalak herritarrei, jarrera horri esker "kontaktu sozialerako eta taldeko jardueretarako espazioak berriro zabaltzea ahalbidetzen ari baitira".

Azken puntuan, asteburuko "jarrera gizagabeak eta insolidarioak" gaitzesten ditu Udalak, "osasun arauak errespetatu gabe jaiak eta botiloiak" antolatzen dituztenen kontra. Izan ere, maskarak ez erabiltzeak eta segurtasun distantziarik ez mantentzeak "iruindar guztiak arriskuan" jartzen dituela azpimarratu du Udalak. Horregatik, horrelako ekintzarik ez antolatzeko eskatu die herritarrei.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea Herriak eta Hiriak Nafarroa Sanferminak Alderdi politikoak Gaixotasunak Gizartea EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Jaiak Sanferminetako egitaraua Osasun albisteak Medikuak Aisia Iruñeko Udala Erizaintza Sendagaiak Navarra Suma Koronabirusa Deseskalatzea Gazteak