Gizartea -

Koronabirusa

"Normaltasun berria" koronabirusaren aurkako txertoa izan arte luzatuko da

"Normaltasun berrian ez dago aginte bakarrik. Egun ere ez dago; izan ere, 3 fasean dauden autonomia-erkidegoek eskumena dute alarma-egoera bertan behera uzteko", gogorarazi du Osasun ministroak.

Hainbat pertsona, Bartzelonako kale batean. Argazkia: EFE.
Hainbat pertsona, Bartzelonako kale batean
Txertoa izan arte musukoa eta distantzia gordetzea nahitaezkoak dira

1:29

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alarma-egoera amaituta Espainiako Estatuko herritarrak sartuko diren "normaltasun berria" koronabirusaren aurkako txertoa edo birusari aurre egiteko terapia eraginkorra izan arte luzatuko da, hau da, koronabirusa "behin betiko garaituta" izan arte. Orduan emango du amaitutzat Pedro Sanchezen Gobernuak osasun-krisia.

Hala du islatuta COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko prebentziozko, euste- eta koordinazio- premiazko neurrien errege-dekretuaren zirriborroak. Ministroen Kontseiluak asteartean onartu du, eta, ziur aski, Diputatuen Kongresuak berretsiko du; izan ere, Ciudadanosek eta EAJk aldeko botoa emango dute.

Ciudadanosek, aldeko botoa iragarri baino lehen, "hobekuntza" batzuk sartzea lortu du. Adibidez, pertsonen arteko gutxieneko tartea 1,5 metrokoa izango da, ez 1,5-2 metrokoa, hasiera batean aurreikusita zegoenez; halaber, kirol-txapelketak berriro hasten direnean, autonomien irizpidea izango dute kontuan, lurraldeen arteko berdintasuna nagusi izan dadin. Neurri horiek adostuta, Ciudadanosek dekretuaren alde egingo du.

Babes horrekin, dekretuak aldeko 171 boto ditu bermatuta Kongresuan (PSOEren 120ak eta Unidas Podemosen 35ak barne). ERCrekin ari dira hizketan, alderdi horren baiezkoa ere eskuratzeko.

"Egoeraren bilakaera ikusita, eta egoerak ildo horri eusten badio, ekainaren 21ean Espainiako Estatu osoa sartuko da normaltasun berrian, alarma-egoera bukatu egingo da, eta azken hilabeteotako mugikortasun-murriztapenak bertan behera geratuko dira", nabarmendu du, prentsaurrekoan, Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroak.

Aginte bakarrik ez, normaltasun berrian

Osasun- eta epidemiologia-irizpideei erreparatuta, autonomia-erkidegoek erabakiko dute 3 fasea noiz amaituko den euren lurraldeetan: "Normaltasun berrian, ez da aginte bakarrik izango. Egun ere ez dago; izan ere, 3 fasean dauden autonomia-erkidegoek eskumena dute alarma-egoera bertan behera uzteko, egokitzat jotzen dutenean", gogorarazi du Illak.

Astearte honetan onartutako dokumentuaren berritasun nagusia da haren iraunaldia; izan ere, Espainiako Gobernuak zehaztuko du, "Lurraldeen arteko Osasun Kontseiluan autonomia-erkidegoak entzunda, eta Osasun Larrialdien Koordinaziorako Zentroaren txostena aztertuta", osasun-krisia noiz egongo den gaindituta.

Hau da, Espainiako Gobernuak erabakiko du noiz dauden "baldintza egokiak" neurri hauek amaitzeko: "Birusari erabat gailendu arte, indarrean jarraitu beharko dute", adierazi du Illak.

"Hori terapia edo txerto eraginkorra dugunean izango da", argitu du Illak. Esan duenez, errege-dekretua hainbat ekarpenekin egin dute, "testua hobetu ahal izateko". "Gure asmoa ez da inoiz izan eskumenak kentzea", nabarmendu du.

Ekarpen horiei esker, bigarren xedapen gehigarria aldatu dute. Horrek bi aldaketa ekarri ditu, Osasun Sistema Nazionaleko Kohesio eta Kalitate Legean: alde batetik, Osasun Ministerioak, "osasun-larrialdiko egoeretan", koordinazio-ekintzak egin ahalko dituela; bestetik, 65. bis artikuluan, autonomia-erkidego guztiak behartzeko pandemiaren gaineko eskatutako datuak ematera.

Dekretuan agertzen denez, maskarak erabiltzeak derrigorrezkoa izaten jarraituko du, segurtasun-tarteari ezin bazaio eutsi. Segurtasun-tartea ondorengo zentroetan izan beharko dute kontuan: lan-zentroetan, hezkuntza-zentroetan, hoteletan, hotel-establezimenduetan, kultura-ekipamenduetan, ikuskizun publikoetan, eta jolas-ekintzetan, besteak beste.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua Espainia bideoak Gaixotasunak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasunari buruzko albisteak COVID kasuak Alarma egoera Konfinamenduaren deseskalatzea