Gizartea -

KORONABIRUSA

Koronabirusak "joera aldaketa" izan du Euskadin, 19 kasu gehiago atzeman ostean

Nafarroan pertsona bat hil da koronabirusaren ondorioz, azken 11 egunetako joera positiboa amaituz, eta Euskadin hiru pertsona hil dira azken orduetan.

Gasteiz. Argazkia: EFE
Gasteiz.
Azken datuak ikusita, joera aldaketaz mintzo da Nekane Murga Osasun sailburua

1:13

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, hiru pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, 1.580 hildako zenbatu dituzte jada. Horrez gain, 19 kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak asteazken honetan emandako datuen arabera (astearteko 24:00ak arte bildutakoak).

Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik gorakoa da (1,9). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek. Atzo, 1,59koa zen indize hori; joan den astean, berriz, ez zen batera iristen (0,74).

Horrela, datuek aldaketa handirik gabe jarraitzen dute atzo zabaldutakoekin alderatuta. Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 4.737 detekzio-proba egin zituzten atzo: 3.451 PCR eta 1.286 test serologiko.

Azken orduetan, 19 kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez (13.541 guztira) eta 67 test serologikoen bidez (6.668), Eusko Jaurlaritzaren arabera; beraz, 20.209 kasu baieztatu dira orain arte.

Datuak lurraldez lurralde ikusita, Araban hiru pertsonak eman dute positibo PCR probetan azken 24 orduetan (3.304 guztira), eta Bizkaian beste 15 kasu atzeman dituzte. Bizkaia da orain arte PCR proben bidez positibo gehien detektatu dituen lurraldea (7.816 guztira). Gipuzkoan, berriz, kasu bat atzeman dute azken 24 orduetan. Hain zuzen ere, Gipuzkoan zenbatu dira orain arte daturik baxuenak (2.265 guztira).

Araban baieztatutako hiru kasuei dagokienez, Gasteizen (hiru) atzeman dituzte baieztatutako positibo guztiak. Bizkaian, berriz, Arrigorriagan (bat), Barakaldon (hiru), Bilbon (bederatzi), Gueñesen (bat) eta Leioan (bat) bizi dira azken 24 orduetan PCR bidez egindako probetan positibo eman duten pertsonak. Gipuzkoan, azken orduetan baieztatu duten kasua Eibarren (bat) atzeman dute.

Osasun Sailak lasaitasun mezua zabaldu du, "egoera, oro har, ona" dela iritzita, baina ardura eskatu die herritarrei.

Bizkaiko kasuan, azken orduetan atzeman dituzten 15 kasu berrietatik bost Basurtuko Ospitaleko COVID-19 agerraldiarekin lotuta daude. Dena dela, "kontrolpean" dituzten kasuak direla eta kutsatuen "jarraipena" egiten ari direla nabarmendu du Osasun Sailak.

Horrez gain, Euskaditik kanpo bizi diren herritarrei egindako probetan 156 kasu positibo atzeman dituzte orain arte EAEn, baina horietako bat ere ez azken egunetan.

Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 226.098 PCR proba eta 122.011 test azkar egin zaizkie 200.418 pertsonari (pertsona askori behin baino gehiagotan egin dizkiete probak).

PCR proben bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen edo gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, oraindik duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek garatutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.

Bestalde, Osasun Sailak azaldu duenez, azken 24 orduetan 11 pertsonak jaso dute alta ospitalean; guztira 4.204 gaixok jaso dute (% 20,8). Halaber, kasu positibo negatibotuak, hau da, PCR probetan positibo eman ondoren negatibo eman dutenak, 32 gehiago dira, 13.205 guztira (% 65,3).

Osasun Sailaren esanetan, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruak ez du aldaketarik izan; izan ere, atzo zabaldutako datuekin alderatuta, ez dute paziente gehiago artatu behar izan. Horrela, egun COVID-19ak erasandako 18 pertsona daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan.

Orain arte, guztira 1.580 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn (gaixotu diren guztien % 7,8), Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez.

Azken orduetan, sei pertsona ospitaleratu dituzte COVID-19agatik, eta, Osasun Sailaren esanetan, gaur egun 208 pertsona daude ospitaleratuta (190 gela arruntetan daude, eta 18, ZIUetan).

Atzemandako agerraldien jarraipena

Testuinguru horretan, Txagorritxuko Ospitaleko (Gasteiz) eta Basurtuko Ospitaleko (Bilbo) agerraldiak "azkar" atzeman dituztela nabarmendu du Nekane Murga Osasun sailburuak, eta, horri esker, "profesionalen eta gaixoen segurtasuna bermatzeko" beharrezko neurriak hartu dituztela ziurtatu du. Hala, gaitza atzemateko detekzio-probetan positibo eman duten gaixoak isolatu eta dagoeneko haien kontaktuak identifikatu dituztela esan du. Ildo horretatik, haiei ere jarraipena egingo diete datozen egunetan.

EAEko egoera epidemiologikoa eguneratzeko goizean egindako agerraldian, birusak gure artean jarraitzen duela nabarmendu du Osasun sailburuak, eta, beraz, guztion ardura dela koronabirusa ez zabaltzea.

Dena dela, Murgak "lasaitasun mezua" zabaldu du, "egoera, oro har, ona" dela iritzita. Testuinguru horretan, ardura eskatu die euskal herritarrei, eta prebentziorako gomendioak betetzeko eskatu: 2 metroko segurtasun-tartea zaintzea, gutxieneko distantzia gorde ezin denean maskara erabiltzea eta eskuak sarri garbitzea.

Bestalde, koronabirusari aurre egiteko osasun arloko profesionalak egiten ari diren lana txalotu du Murgak, eta eskerrak eman dizkie egiten ari diren ahaleginagatik.

*OHARRA*:

Gaurko txostenak aldaketa bat jasotzen du sendatutako pertsonen kopurua jakinarazteko moduan. Batetik, test negatiboa duten pertsonen kopurua bereizten da (PCR bidez positibo eman ondoren, azkenean negatibo eman dute), eta, bestetik, ospitalean alta jaso dutenen kopurua. Osasun Sailak uste du modu hori zehatzagoa dela; izan ere, baliteke, adibidez, ospitalean alta eman zaien pertsonak egotea, eta haien PCRak positibo izaten jarraitzen du, baina ez du ospitaleratuta egon behar.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako txostena hainbat profesionalek egiten dute, eta informazioa lantzeko prozesuaren fase ezberdinetan beharrezko diren analisiez arduratzen da bakoitza. Hala, zabaldutako informazioa etengabe berrikusten da, eta zuzenketa txikiak egiten dira egunero.

Beste hildako batek biktimarik gabeko hamaika egun hautsi ditu Nafarroan

Pertsona bat hil da Nafarroan azken 24 orduetan koronabirusarekin, 12 egunetan lehena, eta, beraz, 516 pertsona hil dira Nafarroan COVID-19aren pandemia hasi zenetik.

Gainera, Foru Gobernuak jakitera eman duenez, PCR bidez baieztatutako kasuen kopuruak beste lau kasu gehitu ditu, 5.340 kasu guztira hiru hilabete eta erdi hauetan. Atzemandako kasu positibo guztiak (PCR + test azkarrak) 9.118 dira. 

Une honetan 48 pertsona daude ospitaleratuta Foru Erkidegoan, atzo baino lau gutxiago; horietatik 36 gela arruntetan daude (azken 24 orduetan 4 pazienteri eman zaie alta), 9 (atzoko kopuru bera) Zainketa Intentsiboetako Unitatean eta 3 (atzo bezala) etxeko zaintzan daude .

Osasun Sailak 40 heriotza erregistratu ditu azken astean

Osasun Ministerioak jakitera eman duenez, azken astean 40 pertsona hil dira COVID-19aren ondorioz Espainian, baina ez du beste hildakorik izan atzokoarekin alderatuta; guztira, 27.136 pertsona hil dira.

Asturiasen (sei), Gaztela-Mantxan (lau), Gaztela eta Leonen (sei), Katalunian (hiru), Extremaduran (bat), Madrilen (14), Murtzian (bat), Euskal Autonomia Erkidegoan (bi) eta Errioxan (hiru) hil dira.

Hala ere, kutsatzeen kopuruak gora egin du, 167 kutsatu berri izan baitira, eta 84 astearte honetan jakinarazi dituzte.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa