Gizartea -

Koronabirusa

Ertzaintzaren irizpideen zerrenda 3 faserako

Koronabirusak eragindako osasun-larrialdian kontuan izaten ari den irizpideen zerrenda gaurkotu du Ertzaintzak.

Ertzain bat eta Bilboko udaltzain bat kontrol batean. Argazkia: EFE
Ertzain bat eta Bilboko udaltzain bat kontrol batean
Ertzain bat eta Bilboko udaltzain bat kontrol batean. Argazkia: EFE

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2020ko ekainaren 8an eguneratu dugu informazio hau

Ertzaintzak koronabirusak eragindako osasun-larrialdian kontuan izaten ari den irizpideen zerrenda gaurkotu du. Jarraian zehaztuko ditugu.

MUGIKORTASUNA ETA JOAN-ETORRIAK

1. Mugikortasuna

Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeen eta kokaguneen (Villaverde eta Trebiñu) arteko edozein jardueratarako mugikortasun mugagabea.

EAEtik kanpo, Estatuko probintzietan, edozein fasetan daudela ere, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluan aurreikusitako arrazoi justifikatuengatik egin ahalko dira joan-etorriak: osasun-, lan-, profesional- edo enpresa-arrazoiak, familiaren bizilekura itzultzeko arrazoiak, adinekoak, mendekoak edo desgaitasuna duten pertsonak laguntzea edo zaintzea, ezinbesteko arrazoiak edo premia-egoera edo antzeko beste edozein arrazoi. Nolanahi ere, lekualdaketetan osasun-agintariek emandako jarraibideak eta gomendioak errespetatu beharko dira.

70 urtetik gorakoek eta arriskuko taldeek lehentasuna izango dute erabilera publikoko guneetan, 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara.

2. Erabilera publikoko espazioetan maskarak erabiltzeko derrigortasuna

Sei urtetik gorako pertsonek nahitaez erabili behar dituzte sudurra eta ahoa estaltzen dituzten maskarak, batez ere higienikoak eta kirurgikoak.

Babes-pantailak ez dira maskaratzat hartzen.

Maskara nahitaez erabili beharko da bide publikoan, aire zabaleko guneetan eta erabilera publikoko edozein espazio itxitan edo jendearentzat irekita dagoen edozein espaziotan, baldin eta pertsonen artean gutxienez bi metroko segurtasun-tartea gorde ezin bada.

Ez dute eraman behar arnasa hartzeko arazoak dituztenek, osasun-arrazoi justifikatuengatik maskara erabiltzea kontraindikatuta dutenek, ezta desgaitasun edo mendeko egoera bat dela-eta kontraindikatuta dutenek ere, edo maskararen erabilerarekin kontraesanekoak diren portaerak izan ditzaketenek; eta ez da maskara erabili beharko bateraezinak diren jarduerak egiterakoan (adibidez, elikagaiak eta edariak hartzerakoan, korrika eta txirrindularitza egiterakoan, etab.); ezta ezinbesteko arrazoi bategatik edo premia-egoeragatik maskara erabili ezin dutenek ere.

GARRAIOA ETA IBILGAILUEN OKUPAZIO-BALDINTZAK

1. Garraioa

Bidaiarien lurreko garraioan, trenez edo errepidez egiten denean, eta joan-etorria EAEren lurralde-eremuan eginez gero, maiztasunak eta edukierak % 100ekoak izan ahalko dira, eta nahitaezkoa izango da ibilbide osoan maskara erabiltzea, eta bidaiariek elkarrengandik gutxienez 2 metroko tartea utzi beharko dute.

Motozikletak, ziklomotorrak eta L kategoriako ibilgailuak: bi bidaiari doazenean, derrigorrezkoa izango da maskara edo kasko integrala erabiltzea, bidaiariak etxe berean bizi ez badira; gainera, eskularruak eraman beharko dituzte. Motozikletetan, babes-eskularruak onartzen dira.

MERKATARITZA-, HEZKUNTZA-, GIZARTE- EDO ANTZEKO JARDUERAK

1. Merkataritza- eta gizarte- jarduerak

Familia- eta gizarte-bilerak: 20 pertsona gehienez. Etxebizitzetan, lokal pribatuetan edo espazio irekietan. Pertsonen arteko gutxieneko distantzia 2 metrokoa izango da.

Saltokiak eta merkataritza-guneak: % 60ko edukiera, eremu komunak eta jolasguneak barne.

Merkatuak, nekazaritza-azokak eta azoka txikiak: % 60ko gehieneko edukiera. Udalek salmenta-postuen arteko aldeak eta merkatu-eremua mugatzeko baldintzak ezarri beharko dituzte, langileen, bezeroen eta oinezkoen arteko segurtasuna eta distantzia bermatzeko.

Tabernak, jatetxeak, elkarte gastronomikoak eta txokoak: edukiera-muga gainditu gabe, 2 metroko distantzia gordez barruko eta terrazetako mahaien artean. Barrako zerbitzua baimentzen da, gutxienez 2 metroko tartea utziz bezeroen edo bezero-taldeen artean.

Hotelak, ostatu turistikoak eta kanpinak: % 60ko edukiera, eremu komunetan babes-arauak eta pertsonen arteko 2 metroko gutxieneko distantzia fisikoa errespetatuz.

Kasinoak, joko-establezimenduak, jolas-aretoak eta apustu-lokalak: % 50eko edukiera mugatua, makinen artean 2 metroko tartea utzita.

Gaueko aisialdiko diskotekak eta tabernak. Ezin dira ireki.

Hileta-beilatokiak, zeremonia zibilak eta erlijiosoak: 50 pertsona aire zabalean eta 25 pertsona espazio itxietan.

Kultu-lekuak: Edukieraren % 75.

Ezkontza-zeremoniak: Edukieraren % 75 gehienez (espazio irekietan edo itxietan). Gehienez 150 pertsona aire zabalean eta 75 espazio itxietan.

Kongresuak, topaketak, negozio-bilerak, hitzaldiak eta ekitaldiak: 80 parte-hartzaile gehienez.

Hautaketa-, prestakuntza- edo hezkuntza-prozesuekin lotutako azterketak eta probak egiteko feria-esparruak: Espazio garbietan eremu edo areto bakoitzean, gehienez ere, % 60ko edukiera, pertsonen arteko babes-arauak eta gutxienez 2 metroko distantzia fisikoa errespetatuz.

2. Kontziliazioa eta aisialdiko jarduerak

0 eta 3 urte bitarteko haurtzaindegiak eta haur-eskolak: Edukieraren % 60ko muga.

Haur eta gazteentzako eguneko aisialdi-jarduerak: Edukieraren % 60 eta, gehienez, 80 pertsona barruko espazioetan, eta % 60ko edukiera eta 200 pertsona gehienez espazio irekietan (begiraleak barne). Gehienez 15 laguneko talde-jarduerak, begiraleak barne.

AISIALDIA, KIROLA ETA KULTUR JARDUERAK

1. Hondartzak: Aisialdirako bainuak onartzen dira. Eguzkia modu estatikoan hartzeari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren gomendioak eta irizpideak hartuko dira kontuan, baita udalerri bakoitzak ezarritako araudia ere. Udalerri horien ardura hondartzaren edo hareatzaren antolamendua izango da.

Objektu pertsonalak, eskuoihalak, etzaulkiak eta antzeko elementuak beste erabiltzaile batzuekiko bi metroko segurtasun-perimetroa bermatzeko moduan kokatuko dira, elkarrekin bizi diren bainularien kasuan izan ezik.

Udalek mugak ezarri ahalko dituzte hondartzetarako sarbideari, edukierari, aparkalekuari eta bestelako erabilera-murrizketei dagokienez.

2. Berdeguneetan kokatutako aisialdi- eta atseden-eremuak, erretegiak, parrilak eta mahaiak dituztenak: Administrazio eskudunak horrelako instalazioetara sartzeko mugak, edukiera eta bestelako erabilera-murrizketak ezarriko ditu, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako gomendioekin eta irizpideekin bat etorriz.

3. Liburutegiak: Mailegatzeko, irakurtzeko eta ikasteko, edukieraren % 60 errespetatuz.

4. Museoak eta erakusketa-aretoak: Edukieraren % 60.

5. Zinemak, antzokiak, entzunaretoak, karpa-zirkuak eta kultura-ekitaldi eta ikuskizunetarako establezimenduak: Aurrez esleitutako besaulkia eta % 60ko edukiera.

6. Kultura-jarduerak leku itxietan: Edukieraren % 60, gehienez 80 pertsonakoa, aurrez esleitutako besaulkiarekin.

7. Aire zabaleko ekitaldiak eta ikuskizunak: Edukieraren % 60, gehienez 1.000 pertsonarentzat, aurrez esleitutako eserlekua eta 2 metroko distantzia.

8. Turismo aktiboa eta natura eta jarduera fisikoa: Gehienez 30 pertsona, eta pertsonen arteko 2 metroko distantzia fisikoa errespetatuz.

9. Kirol-instalazioak, igerilekuak barne: Edukieraren % 60. Aldagelak eta dutxak erabil daitezke.

10. Taldean entrenamenduak egiteko aukera ematen da, kirolarien arteko elkarrekintzarekin, arrauneko, banku finkoko eta pilotako kirol-modalitateetan, diziplina desberdinetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gaurko albisteak Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza berriak EAE albisteak Gaixotasunak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Medikuntza albisteak Koronabirusa olatu berria Alarma-egoeraren amaiera Maskarak gaur Deseskalatzea