Gizartea -

Koronabuloak

Ez, kontakturik gabeko termometroek ez diote ikusmenari kalte egiten

Optometria elkarte baten izenean zabaldutako mezu batean begiak estaltzea aholkatzen dute, baina elkarteek gezurtatu egin dute hala egin behar denik eta mezua zabaldu dutenik.

Sare sozialetan zabaldu den mezu faltsua. Argazkia: EiTB
Sare sozialetan zabaldu den mezu faltsua. Argazkia: EiTB
Sare sozialetan zabaldu den mezu faltsua. Argazkia: EiTB

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Optometria elkarteek gezurtatu egin dute bezero edo bisitariei tenperatura hartzeko leku publikoetan erabiltzen diren "pistola" itxurako termometroek ikusmenari kalte egiten diotenik eta begiak estali behar direnik.

COVID-19ari buruzko albiste faltsuei aurre egiteko egitasmoan, Euskal Irrati Telebistak Maldita.es webgunearen laguntza ere badu, besteak beste, eta ekimen horrek dagoeneko ezeztatu ditu aipatu mezuan esandakoakMaldito Bulo atalaren barruan.

Ez dago probarik erabiltzaileek bidali diguten ondorengo mezua egiaztatuko duenik (euskarara itzulita):

"Optometria elkarteak informazio hau bidali dit. Merkataritza zentro batera joaten bazarete eta gorputzaren tenperatura pistola batekin hartzen badizute sarreran, begiak estali badaezpada ere. Askotan, erabiltzen duenak ez daki nora apuntatzen duen. Gailu horien termometroak laser izpiekin funtzionatzen du, joan eta etorri egiten da seinalea tenperatura irakurtzeko, baina, atzeman dute pistola guztiak ez daudela behar bezala kalibratuta. Horregatik, nahi gabe erretinara apuntatu eta min har ez dezagun, zain dezagun ikusmena. Zabaldu informazioa mesedez".

Espainiako Estatuko elkarte nagusiek, baita Puerto Ricokoak ere (mezua bertako kolegioarena zela esaten zen mezuren batean), ukatu egin dute mezua zabaldu izana, eta gaineratu dute informazioa ez dela "zuzena".

Vanessa Lopez Beauchampek, Puerto Ricoko Oftalmologia Elkartekoak, adierazi du izpi infragorridun termometroak ez direla arriskutsuak, ez begientzat, ez gorputzeko beste atalentzat. Gorputzek igortzen dituzten izpi infragorriak irakurtzen dituzte, besterik ez, tenperatura neurtzeko.

"Termometro infragorriak etxe askotan erabiltzen dira aspalditik, eta jakina da seguruak direla", gaineratu du.

Iritzi berekoa da Galiziako Optometria Kolegioa ere, eta azpimarratzen du kontakturik gabe tenperatura hartzeko termometroek normalean erradiazio infragorria erabiltzen dutela, ez laserra.

"Batzuk laserra daramate tenperatura neurtzeko nora apuntatu behar den jakiteko. Baina ez du zentzurik pertsonen begiei kalte egin diezaioken laserra erabiltzeak, are gutxiago begien inguruan erabili behar denean", adierazi du.

Zabaldutako mezuan begiak estaltzea aholkatzen dute merkataritza zentroetan edo bestelakoetan tenperatura horrelako gailuekin hartzen badute. Baina, benetan beharrezkoa al da begiak estaltzea edo neurriren bat hartzea tenperatura hartzen digutenean?

"Ez da beharrezkoa, erabiltzen diren gailuak ez liratekeelako arriskutsuak izan behar", azaldu du CNOOk. Gainera, gogorarazi du tenperatura hartzen duenak kopetara edo begien artera apuntatzen duela, sekula ez begietara.

Homologazioa

CNOOren arabera, printzipioz mota horretako gailu guztiak homologatuta egon beharko lirateke, pertsonen osasunarentzat arriskutsua izan ez daitezen. "Gailu horiek kalteren bat egiteko arriskua egotekotan, argi jarri beharko luke, ez instrukzioetan soilik, baizik eta gailuaren kutxan bertan. Gainera, trebatutako pertsonek erabili beharko lukete", azpimarratu dute.

Euskal Irrati Telebista Maldita.es atariarekin, VOST Euskadirekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin duen La Mecanica del Caracol dibulgazio-saioko komunitate zientifikoarekin ari da elkarlanean, koronabirusaren inguruan azaltzen diren albiste faltsu eta zurrumurruei aurre egiteko asmoz.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Albiste faltsuak Koronabirusa Deseskalatzea