Gizartea -

Koronabuloak

Ez, ez dira abortatutako fetuen zelularik erabiltzen ari COVID-19aren txertoa egiteko

Antonio Cañizares kardinalak hori esan du, 'Science' aldizkariko artikulu bat abiapuntu. Txertoen aurkako argudioa da; azalpen partzialak eta egia ez diren datuak nahasten ditu.

Laborategi batean hartutako irudia. Argazkia: EFE.
Laborategi batean hartutako irudia
Cañizares: ''Abortatutako fetuen zelulak erabiltzen ari dira, COVID-19aren txertorako''

0:37

EiTB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mundu-mailan, hainbat eta hainbat zientzialari dabiltza lanean, zenbait laborategitan, COVID-19aren aurkako txertoa egin nahian. Horretarako, bat ere ez da erabiltzen ari abortatutako fetuen zelularik, Antonio Cañizares kardinalak meza batean kontrakoa esan badu ere. Valentziako artzapezpikuak, bere adierazpenean, Science aldizkari zientifikoan agertutako artikulu bat izan du abiapuntu (hau da). Nolanahi ere, txertoen aurkako argudioa da; azalpen partzialak eta egia ez diren datuak nahasten ditu.

Igandean emandako meza batean esan du hori Antonio Cañizaresek. Maldita.es web orriak, Maldito Bulo bere atalean, artikulu sakona argitaratu du astelehen honetan bertan, eta Cañizaresek adierazitakoa izan du hizpide. #Coronabulos ekimenean, alegia, Euskal Irrati Telebista koronabirusarekin lotutako albiste faltsuak geldiarazteko abian duen ekimenean, EiTB Maldita.es web orriarekin elkarlanean dabil.

Zer esan duen meza batean Cañizares kardinalak

Korpus eguneko mezako sermoian, igande honetan, Valentziako katedralean, Antonio Cañizaresek esan du koronabirusaren aurkako txerto bat "abortatutako fetuen zelulak" erabiliz ari direla egiten.

"Abiste oso mingarria dugu aurrean: txertoetako bat abortatutako fetuen zelulak erabiliz egiten ari direla, eta hori gizakiaren aurka joatea da, mespretxatzea. Lehenik, hil egiten dute, abortuarekin, eta gero manipulatzen dute… eta, zer ondo, txertoa dugu; ez, deabruak egindako beste ezbehar bat dugu".

Zehaztu zuenez, "deabrua da honen egilea. Deabrua egon badago, pandemian, eta txertoetarako ikerketak egiten saiatzen ari da".

Igande honetako mezaren bideoa YouTuben dago, Valentziako katedralaren kanalean (sermoia 35. minututik aurrera dago).

Science aldizkariko artikulu bat, adierazpenak azaltzeko

Astelehen honetan, hainbat komunikabidek egindako kontsultengatik, Cañizaresek bere hitzak berretsi ditu, Artzapezpikutzaren agiri batean: "Pandemia hasi zenetik, otoi egiten dut, COVID-19a sendatu eta prebenitzeko txertoa topa dezaten; hala esan izan dut, behin eta berriz".

Tratamenduak garatzeko ikerketen gainean, Cañizaresek hau nabarmendu du: "Zorionez, aurrera ari dira egiten, eta txertoa izango dugu. Bakarrik esan nuen gauza bat: argitaratutako informazioen arabera, badirudi ehun ikerketa-lerro baino gehiago daudela, eta, tartean, dilema etikorik zabalduko lukeen baten bat omen dagoela, ekoizteko metodoari erreparatuta".

"Informazio horiek egiazkoak izatekotan", aldeztu du, "130 ikerketa-lerro baino gehiago baldin badaude, onena litzateke txertoa gauzatzea, eta dilema etikorik zabaldu gabe ekoiztea".

Artzapezpikutzak, halaber, esan du nazioarteko hainbat informaziotan mahaigaineratu dutela ikerketa-lerro batzuek arazo bioetikoak sortu dituztela; izan ere, txerto batzuk egiteko, "abortuen giza zelulak erabili dituzte". Hori adierazi zuen, hilaren 12an, Science aldizkarian plazaratutako artikulu batean, 'Giza fetu-zelulak erabiltzen dituzten txerto gaitzetsiak' izenburupean.

Azalpen partzialak eta egia ez diren datuak nahasten dituen txertoen kontrako argudio bat

Esan dugunez, Maldita.es-ek artikulua argitaratu du, Cañizaresen adierazpenen harira, Valentziako artzapezpikuak esandakoa gezurtatzeko. Horrez gain, Science aldizkariko testuak aldezten duen teoria ere azaltzen dute.

Maldita.es-ek zehaztu duenez, 1961ean eta 1966an arrazoi medikuengatik izandako bi aborturen ondorioz, hilezkortutako zelulen bi lerro jakin daude. Zelula horiek ez dira inoiz izan jatorrizko fetuetan, eta txertoetarako ikerketetan erabili izan dituzte: adibidez, poliomelitisaren, errubeolaren eta barizelaren aurkako txertoak ikertzeko baliatu izan dituzte.

Maldita.es-en artikuluan irakurtzen dugunez, "ez da kasualitatea abortatutako fetuak aipatzea"; izan ere, txertoen aurkako mugimenduan ohikoa den argudioa da. Argudio horren arabera, farmako horietan, ustez, giza DNA dago; ustezko DNA hori autismoarekin lotuta dago, askoren iritziz, baina, Maldita.es-ek gogora ekarri duenez, ez dago inolako ebidentziarik hori esateko, eta, gainera, "gezur zientifiko handia du abiapuntu". Maldita.es-ek hemen du azalduta.

Abortua aipatuta, txertoen aurkako oposizioa ez da soilik zientifikoa; moralarekin edo erlijioarekin ere lotu egiten du, Maldita.es-ek dioenez.

Gainera, Maldita.es-ek beste datu bat nabarmendu du. Ameriketako Estatu Batuetako Bioetikako Zentro Nazional Katolikoak ere eman du iritzia; Zentroak eskatu du txerto horiek beste aukera batzuekin ordezkatzea, posible denean, baina, beste aukerarik ez balego, lehentasun handiagoa ematen dio txertoa hartzeko garrantziari, osasun publikoa eta umeen ongizatea babesteko, txerto horien jatorriarekin egon litekeen eztabaidaren aurrean.

Maldita.es-ek amaitu duenez, "giza zelulen lerroak erabiltzearena baliozko eztabaida etikoa da, eta gezurrek ez dute zertan baldintzatu. Txertoetan fetuen DNA dagoela esatea ez da egia, eta horrek autismoa sortzen duela ere ez, ez baitago inolako ebidentziarik hori ziurtatzeko".

"Txertoen aurkako mugimenduaren argudio nagusiari beste buelta bat ematea da, argudio etiko eta erlijiosoak nahastuta", azaldu du.

Maldita.es web orriaz gain, Euskal Irrati Telebistak, #Koronabuloak ekimenean, VOSTEuskadi Euskadiko Boluntario Digitalen Elkartea ere du bidelagun, koronabirusaren inguruan sortzen diren buloak geldiarazteko, eta Eva Caballerok Radio Euskadin zuzendu eta aurkezten duen La Mecanica del Caracol dibulgazio-saioko komunitate zientifikoaren laguntza ere badu. Gainera, EiTBk erabiltzaileen abisuak jasotzen ditu, 600 900 454an, alegia, #Koronabuloak ekimeneko WhatsApp zenbakian.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Albiste faltsuak Koronabirusaren Eris aldaera gaur Eliza Katolikoa albisteak