Gizartea -
Ikerketa
Azaleko minbizia atzematen duen softwarea aztertzen ari dira Basurtun eta Gurutzetan
Legit Health enpresa da berrikuntzaren arduraduna, eta, horri esker, azaleko gaixotasunak modu telematikoan diagnostikatu ahalko dira, argazki baten bidez.
Agentziak | Erredakzioa
Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleetan adimen artifizialeko software bat baliozkotzen ari dira, mugikorretik ateratako argazki baten bidez azaleko minbizia detektatzeko gai dena.
Legit Health da azaleko patologiak modu telematikoan diagnostikatzea ahalbidetuko duen berrikuntzaren sortzailea. EHUko enpresa sortu berria da, osasunerako adimen artifizialean espezializatua eta Europar Batasuneko EIT Health programan saritua.
Adimen artifizial horri esker, larruazaleko patologia bat atzeman eta denboran zehar izan duen aurrerapena "zehaztasun handiz" neur daiteke, sustatzaileek adierazi dutenez. Horri esker, medikuek "arreta telematikoa eta arazo larriak azkar detektatzea ziurta ditzakete".
Horrez gain, Legit Healthek argazkiak aztertzen ditu, eta irudiak medikuari diagnostikoa egiteko aukera ematen dioten irizpideak betetzen dituela ziurtatzen du.
Andy Aguilar Robles proiektuaren sustatzailearen hitzetan, "Legit Healthek tratamendu baten eraginkortasuna ebaluatzeko aukera ematen du", eta "lesio bat egun batetik bestera milimetro batzuk jaitsi ote den jakitea ahalbidetzen du, eta hori oso zaila da giza begiarentzat".
Atariko emaitzek erakusten dute adimen artifizial horrek % 92ko sentsibilitatea duela melanoma atzemateko orduan.
Melanomaz gain, Legit Healthen adimen artifizialak larruazaleko 7 patologia diagnostikatzen ditu zehaztasun handiz: aknea, psoriasia, dermatitisa, akne arrosa, keratosia, ezpainetako zelula basalen kartzinoma eta melanoma.
Ikerketa-talde hori larruazaleko beste 95 patologia lantzen ari da, dermatologoei gaixotasun horiek telematikoki diagnostikatzen laguntzeko helburuarekin.