Gizartea -

Llanes (Asturias)

Ardines zinegotziaren krimenagatik hilketa egotzi die Fiskaltzak lau atxilotuei

2019ko otsailaren 19an IUko zinegotziaren adiskide bat atxilotu zuten Zornotzan. Egun berean ustezko bi sikarioak atxilotu zituzten Bizkaian.

Javier Ardines Llaneseko (Asturias) zinegotzia. Artxiboko argazkia: EFE
Javier Ardines Llaneseko (Asturias) zinegotzia. Artxiboko argazkia: EFE
Javier Ardines Llaneseko (Asturias) zinegotzia. Artxiboko argazkia: EFE

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier Ardines IUko zinegotziaren krimenagatik hilketa leporatu die Asturiaseko Fiskaltzak lau atxilotuei. Llaneseko zinegotzia 2018ko abuztuaren 16an hil zuten, Belmonte de Priako parrokia parean.

Prozeduraren une honetan leporatzen dizkien gertakarien berri eman die Ministerio Publikoak lau ikertuei ostiral honetan.

Fiskaltzak jakitera eman duenez, Pedro L.N.A. biktimaren lagunari hilketaren eragilea izatea egotzi dio, ustezko bi sikarioei (M.K. eta D.B.) hilketa egin izana eta J.M.B haien bitartekari izatea.

D.B. atxilotu aljeriarra espetxeratzen azkena izan zen. Suitzak Espainiari entregatu zion maiatzaren 14an, beste delitu batzuengatik zigorra bete ondoren.

Ardinesen krimena argitzeko ikerketa konplexua abiatu behar izan zuten. Sei hilabete geroago zenbait pertsona atxilotu zituzten.

2019ko otsailaren 19an Pedro L.N.A. zinegotziaren adiskidea atxilotu zuten Zornotzan (Bizkaia), hilketaren eragilea izatea egotzita. Jelosiak bultzatuta bi sikario ez profesionalei krimena aurrera eramateko mandatua eman zien. Bere emaztearen eta zinegotziaren balizko harreman baten susmoa zuen atxilotuak.

Egun berean ustezko bi sikarioak atxilotu zituzten Bizkaian, baita bitartekaria ere. Ikertzaileen arabera, eragilearen eta egileen arteko zubi lanak egin zituen azkenak.

Eragileak 25.000 euro ordaindu zizkiela azaldu zuen D.B. atxilotuak epailearen aurrean, eta beste 10.000 euro bitartekariari. M.K. auzipetuak, ordea, krimenean parte hartu izana ukatu du, nahiz eta mugikorraren seinaleak Llanesen kokatu hilketaren egunean.

Ikertzaileen hitzetan, ustezko eragileak denborarekin eta xehetasun guztiekin prestatu zuen hilketa, jelosiak bultzatuta.

Autopsiaren arabera, zinegotziak buruan eta garondoak kolpeak jaso zituen. Metro gutxi batzuk mugitzeko kapaz izan zen kolpeak jaso ondoren. Gutxi geroago Llaneseko bizilagun batek gorpua topatu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
IU Bizkaia Zornotza Delituak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Asturias Erailketak