Gizartea -
Koronabirusa
10 positibo berri EAEn eta 3 Nafarroan azken 24 orduetan
Bigarren egunez jarraian EAEn eta bederatzigarrenez Foru Erkidegoan, ez da koronabirusagatik hildakorik izan.
EITB.EUS
Koronabirusaren pandemiak ez du hildakorik eragin azken orduetan Euskal Autonomia Erkidegoan, bigarren egunez jarraian, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako azken datuen arabera. Guztira, 1.603 hildako utzi ditu COVID-19ak EAEn, pandemia hasi zenetik.
Kutsatuei dagokienez, 10 positibo berri atzeman dituzte PCR proben bidez: 2 Araba, 2 Gipuzkoan eta 6 Bizkaian. Gainera, test azkarraren bitartez beste positibo bat atzeman dute. Atzo 2.752 proba egin ziren guztira (2.612 PCR eta 140 test azkar).
Udalerriei erreparatuta, Arabako 2ak Gasteizen atzeman dira; Bizkaikoak, berriz, 4 Bilbon, 1 Barakaldon eta beste 1 Artean; Gipuzkoako 2ak Oriokoak dira.
Bestalde, birusa duten edo izan duten 10 pertsonak ZIUn jarraitzen dute, eta beste 7ri alta eman diete erietxeetan.
Osasun Saileko iturriek azaldu dutenez, Bilboko Siervas de Jesus kongregazioko langileei eta erabiltzaileei (2016 guztira) birritan egin dizkiete PCR probak, eta 8 kutsatu atzeman dituzte, Basurtuko Ospitalera joandako bisitariaren lehenengo kasua barne. Hemendik astebetera probak egingo dizkiete berriro guztiei.
RO indizea 0,98koa da gaur, atzo baino apur bat handiagoa (0,95).
Nafarroa
Bestalde, Nafarroan hiru kutsatu gehiago atzeman dituzte azken 24 orduetna, PCR proben bidez, Espainiako Osasun Ministerioak eta Foru Gobernuak zabaldutako datuen arabera. Bederatzi egunez jarraian, ez da hildakorik izan. Pandemia hasi zenetik, 528 lagun hil dira Nafarroan koronabirusarekin.
Dena dela, koronabirus kasuen kopuru osoari erreparatuta, Espainiako Gobernuak eta Foru Gobernuak eskainitako datuak desberdinak dira. Izan ere, Osasun Ministerioak 5.381 kasu zenbatu ditu; Nafarroak, berriz, 5.382, bat gehiago.
Ospitaleratutako pertsonei dagokienez, 30 izaten jarraitzen du, horietako 4 Zainketa Intentsiboko Unitatean.
Estatuan
Espainiar Estatuan, ordea, koronabirusarekin hildako bat izan da azken 24 orduetan eta beste 141 kutsatu atzeman dituzte, Espainiako Osasun Ministerioak jakitera eman duenez. Pandemia hasi zenetik, 28.323 lagun hil dira COVID-19arekin Espainiar Estatu osoan, eta 246.272 positibo atzeman.
141 kutsatu berrietatik, 33 Aragoin izan dira (azken zazpi egunetan bi hildako izan dira erkidego horretan), 32 Madrilen (12 hildako azken 7 egunetan), 23 Katalunian (3 hildako) eta 12 Kanarietan (hildakorik ez azken 7 egunetan).
Pandemia hasi zenetik hildako kopururik handiena izan duen erkidegoa Madril da (guztira, 8.416 pertsona); jarraian Katalunia (5.666); Gaztela-Mantxa (3.022); Gaztela eta Leon (2.777); Euskadi (1.603); Valentzia (1.431); eta Andaluzia (1.426).