Gizartea -

Zaldibarko lur-jausia

AP-8ko lau erreiak uztailaren 7an irekiko dituzte Zaldibarren

Zaldibarko zabortegiko luizia otsailaren 6an gertatu zen eta harrezkero AP-8 autobidean eta N-634 errepidean izandako kalteak konpontzen ari dira.

Horrela geratu zen AP-8 autobidea zabortegiko luizia izan zenean. Artxiboko argazkia: EFE
Horrela geratu zen AP-8 autobidea zabortegiko luizia izan zenean.
Horrela geratu zen AP-8 autobidea zabortegiko luizia izan zenean. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, AP-8 autobideko lau erreiak uztailaren 7an irekiko dituzte Zaldibar parean. Otsailaren 6an gertatu zen zabortegiko luizia eta orduz geroztik kalteak konpontzen eta berriro halakorik ez gertatzeko segurtasun neurriak hartzen dabiltza.

Aldundiaren egutegiaren arabera, ekainaren 30ean irekiko dituzte erreiak Donostiarako noranzkoan; eta uztailaren 7an, Bilborako noranzkoan.

Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapen diputatuak azpimarratu du autobidea "segurtasun berme guztiekin" irekiko dutela. Eusko Jaurlaritza horma bat eraikitzen ari da zabortegia zegoen mendi magalaren eta autobidearen artean. Halaber, Aldundiak luizien aurkako sare eta dike bana ezarri zituen martxoan.

Maiatza hasieran eraikitzen hasi ziren hormak 90 metroko zabalera eta 25 metroko altuera izango ditu.

AP-8 autobidea Donostiarako noranzkoa otsailaren 6tik dago itxita, eta beste bi erreietan zirkulazioa tarteka ematen dute.

Pradalesek azaldu duenez, zaintza sistema baten bidez, une oro monitorizatzen dute inguruan gertatzen ari dena. Horrela, bada, "zabortegian mugimendu txiki bat egongo balitz", autobidea eta Ermuko saihesbidea ixteko protokoloa martxan jarriko litzateke. Segurtasun dispositibo horretan Ertzaintzak, Trafiko Zuzendaritzak eta Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak hartuko lukete parte.  

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak 3.359.525 euro erabili ditu orain arte AP-8 autobidean eta N-6334 errepidean izandako kalteak konpontzeko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Ermua Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak A-8 Autobidea Zaldibar Lur-jausiei buruzko albisteak Durangaldea gaur