Gizartea -

BIZKAIA

Bilbok konfinatuta zeuden etxerik gabeko pertsonen erroldatzea erraztuko du

Udalak 328 pertsona hartu zituen udal-kiroldegietan konfinamenduak iraun zuen bitartean.

Etxerik gabeko pertsona bat kalean. Artxiboko irudia.
Etxerik gabeko pertsona bat kalean.
Etxerik gabeko pertsona bat kalean. Artxiboko irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udaleko osoko bilkurak alarma-egoeran konfinamenduak iraun zuen bitartean udal-kiroldegietan ostatu hartu zuten etxebizitzarik gabeko pertsona guztien erroldatzea erraztea onartu du.

Udalak 328 pertsona hartu zituen udal-kiroldegietan konfinamenduak iraun zuen bitartean, eta, ekainaren hasieran kiroldegi horiek utzi ondoren, Udalak Eusko Jaurlaritzarekin eta gizarte-erakundeekin elkarlanean antolatutako larrialdiko harrera-sistema batean sartu dira.

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak proposatutako auzo-txandaren proposamena dela eta, udalbatzak pertsona horien erroldatzeari buruz hitz egin du. Proposamen horretan, "Bilbon bizi den pertsona ororen erroldatze-eskubidea eta, bereziki, udal-kiroldegietan konfinatuta egon direnena" aldarrikatzen zen.

"Kalean" dauden pertsonen eta "tutoretza aldia amaitzen duten gazteen" erroldatzea ere eskatzen zen, beste kolektibo batzuen artean.

Udal gobernuko alderdiek (EAJ eta PSE-EE) zuzenketa bat adostu dute EH Bildurekin, plataforma horrek ere babestuta, "udal-bulegoetan larrialdi egoeran egon diren pertsona guztien erroldatzea errazteko", ezarritako lege-xedapenen arabera.

Osoko bilkurak "Bilbon bizi diren etxebizitzarik gabeko pertsonak erroldatzen jarraitzea" onartu du, "baldin eta gizarte-zerbitzuek edo erakunde laguntzaileek ezagutzen badituzte eta legezko aurreikuspenak aplikatu ahal bazaizkie, gezurrezko egoitza bat esleitzeko ezarritako baldintzen arabera".

Osoko bilkuraren akordioak EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdietako zinegotzien aldeko botoak jaso ditu, eta PPk, berriz, kontrako botoa eman du.

Juan Mari Aburto alkatea "harro" agertu da konfinamenduan Udalak "ehunka pertsonaren duintasuna babestu" zuelako, eta etxerik gabeko pertsonei harrera egiten "jarraitu" izanaren garrantzia azpimarratu du.

Juan Ibarretxe Gizarte Ekintzako zinegotziak nabarmendu duenez, Udala herrian gertatzen diren errealitateekiko "sentibera" da, konfinamenduan etxerik gabeko pertsonak hartzeaz gain, ondoren ostatua eskainita ere erakutsi duen bezala.

Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziaren ustez, gobernu taldearekin lortutako akordioa "gutxienekoa da, baina garrantzitsua", eta "maila praktikoan nola funtzionatzen duen ikusi beharko da", gaineratu du.

Xabier Jimenez Elkarrekin Podemoseko zinegotziak ere babestu du akordioa, "pauso lotsatia baina garrantzitsua" dela iritzita.

Fatuarte eta Jimenezen esanetan, beharrezkoa da Bizkaiko Foru Aldundiaren tutoretzapean dauden eta bakarrik dauden adingabe atzerritarren erroldatze arazoak konpontzea adin nagusitasunera iristen direnean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala EAJ-PNV PP Bilbo Herriak eta Hiriak Bizkaia Eusko Jaurlaritza Alderdi politikoak Gizartea EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi