Gizartea -

Koronabirusa

Hegoaldeko zahar-etxeetan ez dute kasurik atzeman pandemia hasi zenetik lehen aldiz

Bizkaiko 155 zahar-etxeetan ez dute koronabirus kasurik atzeman azken orduetan, pandemia hasi zenetik lehen aldiz.

Osasun arloko profesionalak, adineko pertsona bat artatzen. Argazkia: EFE
Osasun arloko profesionalak, adineko pertsona bat artatzen.
Osasun arloko profesionalak, adineko pertsona bat artatzen. Argazkia: EFE

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren pandemia hasi zenetik lehen aldiz, Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako zaharren egoitzak koronabirus kasu positiborik gabe geratu dira.

Bizkaiko 155 zahar-etxeetan ez dute koronabirus kasurik atzeman azken orduetan, pandemia hasi zenetik lehen aldiz. Bizkaiko Foru Aldundiak ostiral honetan zabaldutako datuen arabera, orain arte 292 egoiliar hil dira koronabirusaren eraginez Bizkaiko zahar-etxeetan, eta beste 32 heriotza covid-19aren ondorioz gertatu diren ikertzen ari dira.

Zahar-etxeetan gaixorik ez badago ere, zentro horietako 12 langilek (duela bi egun baino hiru gutxiago) eta zortzi egoiliarrek (bi gutxiago) koarentenan jarraitzen dute Birjinetxeko unitate soziosanitario espezializatuan.

Aldundiak ohar batean azaldu duenez, ekainean zazpi egoiliar hil ziren Bizkaiko zahar-etxeetan koronabirusaren eraginez; bost lehen hamabostaldian eta beste biak bigarrenean. Horrenbestez, osasun-krisia hasi zenetik, guztira 292 pertsona hil dira zentro horietan, eta 32 erabiltzaile covid-19ak jota hil diren ikertzen ari dira.

Pandemiaren hasieratik, Bizkaiko zahar-etxeetan koronabirusa atzeman dieten 1.615 egoiliar sendatu dira jada.

Gipuzkoari dagokionez, foru sareko zaharren egoitzak COVID-19tik libre geratu dira, Eibarko Ospitalean diagnostiko positiboa zuen erabiltzaile bakarra berreskuratu baita.

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du pertsona horrek negatibo eman duela azken orduetan errepikatu zaion PCR proba batean, eta horrek gaixotasuna gainditu duela baieztatzen du.

Erabiltzaile hori Eibarko Ospitaleko instalazio soziosanitarioan dago oraindik, eta datozen egunetan bere egoitzara eramango dute, Aretxabaletako GSR Debagoiena zentrora.

Gipuzkoako egoitza sarean lehen kasuak atzeman zituztenetik, martxoaren 19an, 168 erabiltzaile hil dira, eta 395 pertsonek gainditu dute gaixotasuna kutsatu ostean.

Ekainaren 16an, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, osasun-krisiak hasi zirenetik lehen aldiz, Arabako adinekoentzako egoitza guztiak "covid-19 kasurik gabe" zeudela jakinarazi duen.

Zehaztu zuenez, 415 pertsona sendatu dira gaixotasunetik. Era berean, 36 egunetan kutsatze berririk ez zela izan nabarmendu zuen.

Osasun-krisia hasi zenetik, 140 adineko hil dira, horietatik 68 ospitalean, eta gainerako 72ak haien egoitza-zentroetan. Horietatik 73 zentro pribatuetan bizi ziren, 65 foru egoitzetan, eta gainerako biak, 20.000 biztanletik beherako udalerrietako etxebizitza komunitarioetan.

Azkenik, ekainaren 29an jakinarazi zen Nafarroako adinekoen eta ezintasunen bat dutenen egoitzek ez zutela covid-19 kasurik aurkeztu.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Nafarroa gaur Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Adinekoentzako egoitzak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Bizkaiko Foru Aldundia