Gizartea -

Sagardotegiak

Gipuzkoako sagardotegietan afariak girotuko dituzte bertso eta musikarekin

Afariak Gipuzkoa osoan barrena egingo dituzte baina aurrez lekua hartu beharko da online, ekimena antolatzen duten elkarteen webguneetan.

Ezohiko sagardo denboraldia izan da aurtengoa. EiTBko bideo batetik hartutako irudia.
Ezohiko sagardo denboraldia izan da aurtengoa.
Ezohiko sagardo denboraldia izan da aurtengoa. EiTBko bideo batetik hartutako irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bertsozale Elkarteak eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak antolatuta, bertsoz eta musikaz girotutako afariak egingo dituzte Gipuzkoako sagardotegietan uztailean eta abuztuan.

Uztailaren 15ean emango diote hasiera egitarauari Adunako Aburuza sagardotegian. 20:30etik hasita, Unai Mendizabalek eta Eli Pagolak abestuko dituzte Aitor Mendiluzek jarritako gaiak.

Uztailaren 24an, berriz, arratsaldeko seietan hasita, Maialen Lujanbio eta Agin Laburu egongo dira Astigarragako Astarbe sagardotegian, afari-mokadua girotzen.

Gainera, uztailaren 27an, Astigarragako Petritegi sagardotegian, Aitor Mendiluze, Iker Zubeldia eta Imanol Camio arituko dira lanean. Ekimen honen uztaileko azken jardunaldia izango da, eta 20:30ean emango diote hasiera afariari.

Abuztuaren 7an jarraituko dute saioek, eta Saizar sagardotegian, Usurbilen, afari musikatua hasiko da 20:30ean. Abuztuaren 29an, Irungo Ola sagardotegian, bertso-afaria egongo da, eta han arituko dira Angel Peñagarikano, Sebastian Lizaso, Aitor Mendiluze eta Andoni Egaña, ekimenari amaiera emateko.

Lekua hartzeko, ekimena antolatu duten elkarteen webguneak erabili beharko dira: www.bertsosarrerak.eus eta www.sagardoa.eus.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gastronomia Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Kultura Usurbil Astigarraga Albisteak Bertsolaritza Aisia Euskal sagardoa