Gizartea -

Koronabirusa

Ermuko eta Bergarako tabernen edukiera murriztea erabaki du Eusko Jaurlaritzak

Halaber, barran kontsumitzea debekatu dute eta establezimenduak gehienez 23:30 arte egon ahalko dira irekita.

Nekane Murga Osasun sailburua. Argazkia: EFE
Nekane Murga Osasun sailburua.
Azken orduetan atzemandako positibo gehienak Ermuakoak eta Bergarakoak dira

1:44

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ermuko eta Bergarako koronabirus agerraldiak geldiarazteko asmoz, Eusko Jaurlaritzak udalerri horietako tabernen eta jatetxeen edukiera erdira murriztea erabaki duela jakinarazi du arratsalde honetan Nekane Murga Osasun sailburuak.

Halaber, barran kontsumitzea debekatu dute eta establezimenduak gehienez 23:30 arte egon ahalko dira irekita. Eibarren, Tolosan, Zarautzen eta Ordizian gauza bera egin zuten.

COVID-19aren Jarraipen Batzordea arratsaldean bildu da epidemiaren bilakaera aztertzeko eta ondoren Murgak agerraldia egin du. Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak hartu du parte batzarrean.

Joan den asteburuan 426 positibo izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan, gehienak Gipuzkoan (212) eta Bizkaian (185). Azken orduetan 24 kasu berri detektatu dituzte Ermuan eta 23 Bergaran.

Oraingoz behintzat, Jaurlaritzak ez ditu ostalaritza sektoreari ezarritako mugak orokortuko. "Kutsatze kopuruak gora egiten duen tokietan soilik hartuko ditugu neurriak", zehaztu du Murgak.

Arestian aipatutako udalerrietan COVID-19arekin gaixotu direnetako asko aurreko egunetan gauez tabernetan ibili zirela esan du sailburuak. Alabaina, Bergarako kasuan ez dago zantzurik herrian kutsatu zirela ziurtatzeko.

Azken egunetan Zarautzen, Getarian, Ermuan edo Eibarren ospakizun asko izan direla eta kutsatzeen jatorria non egon den zehatz-mehatz esatea "zaila" dela esan du Murgak.

Positibo eman duten hainbat gaztek norekin egon diren esaten omen ez dutela eta, sailburuak azpimarratu du kasu "gutxi batzuk" baino ez direla eta, oro har, herritarrek eskatutako informazioa ematen dutela. Hori bai, onartu du badirela kasuak non oso zaila den arriskuan egon daitezkeen pertsonak identifikatzea, kutsatuek eurek ere bistaz soilik ezagutzen dituztelako, eta haien izenak edota helbideak ez dakizkitelako.   

Bestalde, Murgak gogoratu du herritarren osasuna arriskuan jar dezaketen jarduerak antolatzeagatik isunak jartzea ahalbidetzen duela Osasun Publikoaren Legeak. Ildo horretan, jakinarazi du Ertzaintzak lokal baten aurkako izapideak abiatu dituela aipatu araudia urratzea egotzita.  

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuakAlbiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, berriz, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Ermua Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Bergara Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Debagoiena