Gizartea -

KORONABIRUSA

114 koronabirus kasu gehiago atzeman dira EAEn azken orduetan

Kasu berrietako 63 Gipuzkoan atzeman dituzte, 45 Bizkaian eta sei Araban. Nafarroan, berriz, 51 kasu gehiago eta bi agerraldi berri atzeman dituzte.

Osasun arloko profesional bat adin txikiko bati PCR proba egiten. Argazkia: EFE
Osasun arloko profesional bat adin txikiko bati PCR proba egiten.
Osasun arloko profesional bat adin txikiko bati PCR proba egiten. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEn, 114 positibo atzeman dituzte azken 24 orduetan PCR proben bidez. Kasu berrietako 63 Gipuzkoan atzeman dituzte, 45 Bizkaian eta sei Araban.

Horrez gain, gaitza atzemateko 3.560 PCR egin zituzten atzo, Osasun Sailak ohar baten bidez jakitera eman duenez. Gainera, kutsatutako pertsona bat ospitaleratu zuten, eta zainketa intentsiboetako unitateetan bi pertsona daude gaur egun.

Asteburuan, Ermuan 77 kasu baieztatu zituzten, Bilbon 57, Eibarren 56, Zarautzen 53 eta Bergaran 17.

Zehazki, ondorengo herri hauetan atzeman dituzte positiboak azken orduetan:

Gipuzkoa: Aia (bat), Beasain (bat), Bergara (11), Donostia (cuatro), Eibar (24), Elgeta (bi), Elgoibar (bi), Ibarra (bat), Idiazabl (bat), Ordizia (bi), Orio (lau), Soraluze (bi), Tolosa (bi) eta Zarutz (sei).

Bizkaia: Zornotza (bat), Arrigorriaga (bat), Barakaldo (hiru), Basauri (bi), Berango (bi), Bilbao (12), Ermua (23) eta Getxo (bat).

Araba: Gasteiz (sei).

2,21 da gaurko R0 indizea (atzo 2,27 zen).

Azken orduetan positibo eman duten pertsonen profilari dagokionez, 54 emakumeak dira eta 60 gizonak. Gainera, positibo eman duten gehienek 29 urte baino gutxiago dituzte. Batez ere, euren adin tartea 10 eta 19 urte bitartekoa da, eta guztira 36 kutsatu berri daude.

COVID-19 duten beste 30 pazientek 20 eta 29 urte bitartean dituzte, eta beste 12 pertsona 30 eta 39 urte bitartean. Gainera, zazpi kasu izan dira 0 eta 9 urte bitarteko haurretan.

Osasun Sailak jakinarazi du, halaber, positibo eman duten 11 pertsonek 40 eta 49 urte bitartean dituztela, eta hamar 50-59 urte bitarteko adin-tartean daudela, bost 60-69 urte bitartekoetan eta beste hiru 70 urtetik gorakoak direla.

Halaber, gaur arratsaldean Euskadiko COVID-19ren jarraipen batzordea bilduko da, Iñigo Urkullu jarduneko lehendakaria buru dela, pandemiaren bilakaera aztertzeko helburuarekin.

Egungo egoera epidemiologikoa aztertzeko bilera 16:00etan hasiko da, eta, topaketa horren ostean, Nekane Murga jarduneko Osasun sailburuak agerraldia egingo du. Prentsaurrekoa zuzenean jarraitu ahal izango da eitb.eus-en, hemen.

Bizkaiko kasuan, une honetan gehien kezkatzen duen agerraldietako bat Ermuan atzemandakoa da. Kasu horietako askok lotura estua dute gaur egun Gipuzkoan dauden fokuekin; zehazki, Zarauzko eta Eibarko agerraldiekin.

Testuinguru horretan, COVID-19ak gazteekin ere zerikusia baduela ohartarazi du Ermuko Udalak, eta "arduraz jokatzeko" eskatu die, "kutsatutakoen % 80k baino gehiagok 16 eta 22 urte bitartean baitituzte".

Nafarroan 51 kasu gehiago eta bi agerraldi berri atzeman dituzte

Bestalde, Nafarroan koronabirusean positibo eman duten 51 kasu gehiago zenbatu dituzte azken orduetan, eta bi agerraldi berri atzeman dituzte; bata Nafarroako hiriburuko Alde Zaharreko zaharberritze-establezimendu batekin lotuta, eta bestea Iruñerriko herri batean, familia batean.

Kasu berrietatik 25 Mendillorriko agerraldiarekin lotuta daude (94 kasu guztira), Carlos Artundo Osasun zuzendari nagusiak astelehen honetan emandako datuen arabera. Dena dela, horrek ez du esan nahi kasu guztiak auzo horretakoak direnik. Bere esanetan, "auzo horretan kasu ugari atzeman direlako esaten da agerraldia egon dela, baina Iruñeko hainbat auzotan daude kutsatutako herritarrak".

Bi agerraldi berriei dagokienez, Iruñean bat erregistratu dela adierazi du, Alde Zaharra zaharberritzeko establezimendu batean (bi kasu berrirekin, lau guztira), eta beste bat eskualdeko herri batean, familia batean (lau kasu berri izan dira, bost guztira).

Horrez gain, Tuterako ezkontza bateko agerraldiarekin lotuta beste kasu bat atzeman dute (42 guztira), Iruñeko familia-ekitaldi batekin lotuta positibo bat gehiago (bost guztira), Iruñea eta Nafarroa iparraldekoarekin lotuta bi positibo gehiago (zortzi guztira), eta uztailaren 6ko bazkariarekin lotuta beste bat gehiago (25 guztira).

Atzo, gaixo bat ospitaleratu zuten Nafarroako Ospitalean, eta azken orduetan ez da beste ospitaleratzerik izan zainketa intentsiboko unitateetan. Gaur jakinarazitako bi agerraldiekin, beraz, 20 atzeman dituzte orain arte Nafarroan, eta 2.300 pertsona isolatuta daude uneotan (positibo eman dutenak eta haien kontaktuak gehituz).

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak "erne jarraitzeko" eskatu du, eta azken egunetan atzeman dituzten agerraldiak kontrolatzeko herritarren "norbanakako erantzukizuna" ezinbestekoa dela esan du.

"Hartzen diren neurri guztiak une horretako errealitatera egokituta egon behar dira", eta testuinguru horretan kokatu ditu araudi aldaketak, "egoeraren araberako erabakiak hartzen joan beharko dugulako. Hori da egiten ari garena, eta egiten jarraituko dugu".

Nafarroako Gobernuak gaur egungo egoeran duen "kezkaz" galdetuta, Chivitek adierazi du sentimendu hori "beti hor" egon dela. "Adi egon behar gara, gertuko jarraipena eginez eta oso kontrol zorrotza ezarriz", gaineratu du.

Hala, "arduraz jokatzeko" eskatu die herritarrei, eta Sanferminak ospatu behar ziren astean "gehienbat" prebentzio-neurriak errespetatu zituztela esan du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, berriz, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilboko azken albisteak Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Albisteak Nafarroa Araba Eibar bideoak Eusko Jaurlaritza Tolosa gaur Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Zarautz berriak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Ordizia Albisteak Osasunari buruzko albisteak Medikuak Getaria Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Deseskalatzea Nafarroako Osasun Zerbitzua Ermua