Gizartea -

Koronabirusa

Bertan behera utzi dituzte Ordizian COVID-19agatik ezarritako neurri murriztaileak

Egoera epidemiologikoak hobera egin du udalerri horretan, eta azken astean 16 kasu gehiago baino ez dituzte atzeman. Dena dela, "etengabeko jarraipena eta azterketa" egingo dute.

Ordizia (Gipuzkoa). Argazkia: EFE
Ordizia (Gipuzkoa).
Ordizia (Gipuzkoa). Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bertan behera utzi ditu Ordizian (Gipuzkoa) atzemandako koronabirus agerraldiaren ostean hilaren 8an herriko aisialdirako eta ostalaritzarako ezarri zituen neurri murriztaileak.

Egoera epidemiologikoak hobera egin du udalerri horretan, eta azken astean 16 kasu gehiago baino ez dituzte atzeman, joan den astelehenean 74 positibo baieztatu zituztenean (uztaileko lehen asteburuan atzeman zuten agerraldia).

Hala, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak Nekane Murga Osasun sailburuak sinatutako agindua argitaratu du gaur, osteguna. Horren bidez, orain arte hartutako neurri murriztaileak bertan behera utzi dituzte udalerrian, "egoera epidemiologikoaren bilakaera positiboa ikusita". Alabaina, "etengabeko jarraipena eta azterketa" egingo dute, erabakiak egoeraren balizko aldaketa batera egokitzeko.

Neurri horiek, taberna, txoko eta elkarte gastronomikoetako edukiera erdira mugatzea zuten helburu. Horrez gain, ostalaritza establezimenduetan debekatuta zegoen barran jatea, eta horien jabeek ezin zuten 23:30ak baino geroago ateak itxi.

Ordiziarako altxatu berri dituzten neurri horiek, ordea, Ermuan, Bergaran, Eibarren, Tolosan eta Zarautzen indarrean daudela jakinarazten da agindu berean, azken egunetan atzemandako agerraldien ondorioz.

Neurri horiek, Osasun Sailaren gomendio baten bidez jakinarazi zitzaizkien udalerriei, eta, aurreko agindu batean argitaratu ziren. Orain, horien iraupena luzatu egin dute.

Murgak duela egun batzuk aurreratu zuen bezala, ostalaritzan neurri murriztaileak gehienez astebete barru aztertuko dituzte, unean uneko errealitatera "egokitzen" direla bermatzeko.

Ostalaritza establezimenduetan gaur egun neurri murriztaileak dituzten udalerrien artean Ermuan (Bizkaia) atzeman dute orain arte egoera epidemiologiko okerrena, azken orduetan beste 28 positibo baieztatu baitituzte.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Donostia Bizkaia Gipuzkoa Ermua Eibar Tolosa Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Zarautz Gizartea Eguneko albisteak Bergara Ordizia Albisteak Osasun albisteak Erizaintza Koronabirusa