Gizartea -

KORONABIRUSA

111 koronabirus kasu gehiago atzeman dira EAEn eta 130 Nafarroan azken orduetan

Kasu berrietako 67 Bizkaian atzeman dituzte, 37 Gipuzkoan eta zazpi Araban. Nafarroako Gobernuak 2 fasea ezarri du Iruñeko Mendillorri auzoan.

Pertsona batzuk kalean, maskara jarrita dutela. Argazkia: EFE
Pertsona batzuk kalean, maskara jarrita dutela.
Pertsona batzuk kalean, maskara jarrita dutela. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEn, 111 positibo atzeman dituzte azken 24 orduetan PCR proben bidez. Kasu berrietako 67 Bizkaian atzeman dituzte, 37 Gipuzkoan eta zazpi Araban. Horrez gain, Nafarroan 130 positibo atzeman dituzte azken orduetan.

Azken orduetan ez da inor hil COVID-19aren eraginez EAEn, eta 1.623 dira jada pandemia hasi zenetik hil direnak.

Horrez gain, gaitza atzemateko 4.911 PCR egin zituzten atzo, Osasun Sailak ohar baten bidez jakitera eman duenez. Zehazki, ondorengo herri hauetan atzeman dituzte koronabirus kasuak:

Gipuzkoan: Andoain (bat), Aretxabaleta (bi), Arrasate (bat), Bergara (bat), Deba (bost), Donostia (bat), Eibar (14), Lazkao (bat), Mutriku (bat), Ordizia (lau), Orio (bi), Soraluze (bi) eta Zarautz (bi).

Bizkaian: Abadiño (bat), Zornotza (bat), Barakaldo (bost), Basauri (hiru), Bilbo (14), Durango (bat), Ermua (28), Galdakao (bi), Getxo (bat), Lemoa (hiru), Mallabia (bat), Muskiz (bat), Portugalete (bi), Santurtzi (bat), Urduña (bat), Trapagaran (bat) eta Zaldibar (bat).

Araban: Laudio (bat) eta Gasteiz (sei).

Azken orduetan positibo eman duten pertsonen profilari dagokionez, 56 emakumeak dira eta 55 gizonak. Gainera, positibo eman duten gehienek 29 urte baino gutxiago dituzte. Batez ere, 10 eta 19 urte bitartean dituzte (25 kasu).

COVID-19a duten beste 20 pazientek 20 eta 29 urte bitartean dituzte, eta kutsatutako 11 euskal herritar 30 eta 39 urte bitartean. Gainera, azken orduetan atzemandako sei kasutan gaixoek 0 eta 9 urte bitartean dituzte.

Osasun Sailak jakinarazi du, halaber, positibo eman duten 11 pertsonek 40 eta 49 urte bitartean dituztela, beste 24k 50-59 urte bitartean, zortzik 60-69 urte bitartean eta beste seik 70 urtetik gora.

1,71 da gaurko R0 indizea (atzo 2,13 zen).

Ospitaleetako egoerari dagokionez, egun bi pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratuta, Osasun Sailak eguneroko prentsaurrekoan emandako datuen arabera.

Nafarroan 130 kasu gehiago atzeman dituzte, eta 2 fasea ezarri dute Mendillorri auzoan

Bestalde, Iruñeko Mendillorri auzoan 2 fasea ezartzea erabaki du gaur Nafarroako Gobernuak, koronabirusaren agerraldi baten ondorioz kutsatu direnen kopuruak gora egin baitu. Guztira 122 kasu zenbatu dituzte auzoan orain arte, azken orduetan sei positibo gehiago.

Testuinguru horretan, Foru Erkidegoa gaur egun "egoera zailean" dagoela adierazi du Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak, COVID-19 kasu berrien gorakada dela eta. Nafarroan, 130 kasu gehiago atzeman dituzte azken orduetan.

Santos Indurainek ohartarazi duenez, "komunitate-kutsatzeen zantzuak ageri dira, baina oraingoz oso mugatuta eta lokalizatuta daude kasuak".

Azken orduetan atzemandako kasu berri gehienek 15 eta 29 urte bitarteko pertsonei eragiten diete (% 65). Osasun kontseilariak azaldu duenez, "familia arloan izandako agerraldien ondorioz" zabaldu da hainbeste koronabirusa, eta, batez ere, "oso gazteak diren eta kontaktu estu asko dituzten pertsonen gaueko aisialdi-planak direla eta". Gainera, kasu guztien % 80 Iruñean eta iruñerrian gertatzen ari dira.

Azken egunean zenbatutako 130 kasuetatik, erdiak, gutxi gorabehera, 15 eta 30 urte bitarteko gazteak dira. Gainera, kasu berrien % 59 aurretik positibo eman dutenen kontaktuak dira. Santos Indurainen iritziz, "albiste positiboa da hori, kasuak ez ezik kontaktuak ere garaiz detektatzen ari garela adierazten duelako".

Santos Indurainen arabera, "neurri guztiak ebidentziatik abiatuta eta koherentzia, sendotasun eta proportzionaltasun irizpideekin hartzen dira, osasuna zaintzeko, baina baita jarduera ekonomikoa bermatzeko ere". Gauzak horrela, pandemiari aurre egiteko prebentzio-neurriak errespetatu behar direla eta arduraz jokatu beharra dagoela azpimarratu du. Halaber, agerraldi gehienak kontrolpean dituztela ziurtatu du, 21 guztira.

Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariaren esanetan, "oraindik ez da kolapsorik eman gure sareko ospitaleetan. Larrialdi zerbitzuetan paziente gehiago artatu ditugu, baina ospitaleratzeen edo zainketa intentsiboetako unitateen partea egonkor dago", ziurtatu du. Gaur egun 20 pertsona daude ospitalean, eta bakarra zainketa intentsiboetako unitatean.

Hala, Santos Indurainek adierazi duenez, "arakatze eta jarraipen sistemak oso eraginkorrak izaten ari dira. Adierazle onak dira atzemandako kasu bakoitzeko kontaktu kopurua handia izatea, hamar inguru, batez ere adin talde gazteenetan", esan du.

Nafarroan 1.300 PCR inguru egiten dituzte egunero, eta horietatik % 10ek emaitza positiboa ematen dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, berriz, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Bilboko azken albisteak Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa gaur Araba Ermua Eibar bideoak Eusko Jaurlaritza Tolosa gaur Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Zarautz berriak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Medikuntza albisteak Medikuak Getaria Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Deseskalatzea Osasunbidea Ordizia Donostia