Gizartea -

Koronabirusa

Osasun sistema bete eta maskara ez erabiltzea helburu duen kanpaina bat salatu dute

WhatsApp bidez zabaltzen ari den mezu horren arabera, medikuari maskara erabiltzetik salbuesteko agiri bat eskatu behar zaio, eta medikuak hori egiteari uko egiten dionean, kexa bat jarri.

Kalean botatako maskara bat. Argazkia: EFE
Kalean botatako maskara bat.
Kalean botatako maskara bat. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasun sistema bete eta gainezka egitea helburu duen kanpaina bat salatu du astelehen honetan Bizkaiko Medikuen Elkargoak (BME). Ohar batean azaldu duenez, arrazoi medikoengatik maskara erabiltzetik salbuetsita ez dauden herritarrei erreklamazioak jartzera animatzen dituzte "ezin hobeto antolatuta dagoen kanpaina" horrekin.

WhatsApp bidez bolo-bolo zabaltzen ari den mezu horren arabera, familiako medikuari maskara erabiltzetik salbuesteko agiri bat eskatu behar zaio, eta medikuak hori egiteari uko egiten dionean, kexa bat jarri pazientearen arreta zerbitzuan. Jarraian, abokatu bati kopia bat eman behar zaio (Elkargoak adierazi duenez, mezu horretan abokatu baten izen-abizenak zehazten dira), antza denez, abokatu horrek salaketa guztiak bildu eta salaketa kolektibo bat aurkeztuko baitu epaitegietan.

Bizkaiko Medikuen Elkargoak jakinarazi duenez, mezu hori WhatsApp bidez zabaltzen ari da, eta maskara erabiltzetik salbuesteko agiriak emateari uko egin dioten elkargokide batzuen aurka kexak aurkeztu dituzte jada.

Elkargoaren ustez, kanpaina hori "osasun publikoaren aurkako atentatua" izan daiteke, maskara ez erabiltzea bultzatzeagatik eta osasun sistemak gainezka egiten saiatzeagatik.

Testuinguru horretan, Bizkaiko Medikuen Elkargoak azaldu du dagoeneko kanpaina horren berri eman diela Osasun sailburuari eta Osakidetzari, eta EAEko Auzitegi Nagusiko fiskaltzari ere jakinaraziko diola.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Basauri Herriak eta Hiriak Portugalete Santurtzi Bizkaia WhatsApp Barakaldo Ermua Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Sare sozialak Gaixotasunak Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea Maskarak covid-19