Gizartea -
Indarkeria matxista
23 urteko gizon bat atxilotu dute Barakaldon, emakume bati sexu-abusuak egiteagatik
Eraso matxista igandean jazo zen, goizaldean. Udaltzainak ikusita, gizona ihes egiten saiatu zen, baina ez zuen lortu, eta agenteek atxilotu egin zuten. Une horretan, "oso bortizki" agertu zen.
Agentziak | Erredakzioa
Barakaldoko Udaltzaingoak 23 urteko gizon bat atxilotu du asteburuan, emakume bati sexu-abusuak egitea egotzita, Udaleko Herritarren Segurtasunerako eta Babes Zibilerako sailak jakitera eman duenez.
Eraso matxista igandean jazo zen, 03:15ean, La Felicidad kalean. Ordu horretan, gizon batek ukituak egin zizkiola jakinarazi zion emakume batek patruila bati, lagun batzuekin hizketan ari zela haren gainera oldartu ondoren.
Udaltzainak ikusita, gizona ihes egiten saiatu zen, baina ez zuen lortu, eta agenteek atxilotu egin zuten. Une horretan, "oso bortizki" agertu zen agenteekin, eta beste patruila bat bertaratu behar izan zen.
Udaltzainek ibilgailuan sartu zutenean, gizonak jarrera bortitza izaten jarraitu zuen, eta buruarekin auto horren segurtasun-manpara jo zuen, Segurtasun Sailak azaldu duenez. Atxilotua Udaltzaingoaren polizia-etxeko ziegetara eraman zuten, astelehen goizeko lehen orduan epailearen esku utzi zuten arte.
Testuinguru horretan, Angel Madrazo Barakaldoko Herritarren Segurtasunerako eta Babes Zibilerako zinegotziak gogor gaitzetsi du "emakumeen askatasunaren aurkako eraso onartezin" hori, eta agenteak zoriondu ditu "azkar" jokatu zutelako.