Gizartea -

Koronabirusa

Illa autonomia erkidegoekin bilduko da gaur, koronabirusaren bilakaera aztertzeko

Azken orduetan 2.935 koronabirus kasu gehiago atzeman dituzte Estatuan. Gauzak horrela, aste honetan bigarren egunez bilduko da Illa autonomia erkidegoetako ordezkariekin.

Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroa. Argazkia: EFE
Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroa.
Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroa. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroak Osasun Sistemako Lurralde arteko Kontseiluaren ezohiko bilera deitu du gaurko, ostirala, autonomia erkidegoetako ordezkariekin koronabirusak eragindako pandemiaren bilakaerari buruz hitz egiteko asmoz.

Osasun Ministerioak ohar batean jakitera eman duenez, Illak lurralde arteko ezohiko kontseiluaren bileran parte hartuko du, eta, ondoren, 13:00ak aldera, landutako gaien eta COVID-19ren bilakaeraren berri emango du, kazetarien aurrean.

Gauzak horrela, aste honetan bigarren egunez bilduko da Illa autonomia erkidegoetako ordezkariekin; izan ere, asteazkenean osoko bilkura deitu zuen koronabirusaren agerraldiei buruz hitz egiteko.

Espainiako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, azken orduetan 2.935 koronabirus kasu gehiago atzeman dituzte Estatuan, asteazkenean 1.690 kasu baieztatu zituztenean. Testuinguru horretan, 337.334 positibo zenbatu dituzte pandemiaren hasieratik. Azken bi asteetan 13.529 positibo atzeman dituzte guztira (aurreko zazpi egunetan 4.113).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea