Gizartea -

Koronabirusa

Hiru pertsona hil dira Bizkaiko adinekoen egoitzetan azken orduetan

Horrez gain, 19 positibo antzeman dituzte Sestaoko erresidentzia batean eta beste hiru kutsatze izan dira Gasteizko zahar-etxe pribatu batean.

Adinekoen egoitza bat. Irudia: EiTB
Adinekoen egoitza bat.
Adinekoen egoitza bat. Irudia: EiTB

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko erresidentzietako hiru egoiliar hil dira azken orduetan. 10 dira, beraz, COVID-19aren bigarren oldean zendutako egoiliarrak.

Foru Aldundiaren datuen arabera, 104 kutsatu atzeman dira Bizkaiko adinekoen egoitzetako egoiliarren artean, hau da, herenegun baino lau gehiago. 16 lagun ospitaleetan daude (bi gehiago).

Langileen artean, 89 positibo izan dira probetan, bi egun aurretik baino 11 gehiago. 77k isolatuta jarraitzen dute, baina momentuz positibo eman gabe.

Sei egoitzatan daude kutsatuak: Truiuondo-Zamudio (26), IMQ Igurco Zorrozgoiti-Bilbao (32), Elorduy-Barrika (27), Miranda Fundazioa-Barakaldo (1), Ballesol-Bilbao (5) eta IFAS-Elorrio (13).

Gainera, koronabirus kasuak artatzeko espezializatuta dagoen Birjinetxe zentroan 91 pertsona daude. Horietako 53 adinekoen egoitzen sareko egoiliarrak dira, eta 28 ahultasun egoeran daude.

Bizkaiko Foru Aldundiko emaitza azkarreko taldeek positiboen bila jarraitzen dute, batez ere kasu asko dauden eremuetan. Horrela, gaurtik aurrera Gernikan egiten ari dira proba gehienak. 600dik gora egin dituzte Busturialdeko egoitzetako langileen artean.

19 positibo antzeman dituzte Sestaoko egoitza batean

Horrez gain, Bizkaiko Foru Aldundiak arratsalde honetan jakinarazi du beste agerraldi baten izan dela Sestaoko Albiz Santiago Llanos erresidentzian.

Ospitalean dagoen egoiliar batek positibo eman ostean, egoitzako lagun guztiei (115 adineko eta 96 langile) PCR probak egin dizkiete eta 19 pertsona kutsatuta daudela baieztatu dute. Horietako lauk soilik zeuzkaten gaitzaren sintomak.

Bestalde, Arabako Foru Aldundiak azaldu duenez, beste hiru positibo izan dira Gasteizko Tagore zahar-etxe pribatuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Adinekoentzako egoitzak Koronabirusa Bizkaiko Foru Aldundia albisteak Adinekoak gaurko berriak